22. Korrika. Sestao-Mutriku

Nola mantendu gurpila biraka

Korrikaren bermatzaile dira furgoneta taldeko kideak, arazorik gabe dagokion tokira iristeaz arduratzen direnak. Errepideak eta kaleak bete ditu beste behin lasterketak, Bizkaiko kostaldean

Haurrak Korrika igaro zain, Gernikan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Aperribai.
Markina-Xemein
2022ko apirilaren 8a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gau eta egun, makineria olioztatuta mantentzeaz arduratzen dira, milaka euskaltzalek martxan jar dezaten. Lan hori egiten dute Korrikako furgoneta taldeko kideek: ordu luzez gidatu, pankarta atera eta jaso, animatzaile lana egin... Eta, tarteka, suertatzen diren oztopoei eta zailtasunei aurre egin, izaten baitira halako hainbat ibilbidearen ehunka kilometroetan.

Eginbehar horretan ondo zaildutakoa da Asier Arroita. Zazpigarren aldia du aurtengoa furgonetan. Argazkilari moduan ezagutu zuen barrutik Korrika, eta, geroztik, urtero errepikatu du. «Uste dut hemendik igarotzen garen guztiok harrapatzen gaituela Korrikak».

Hamar laguneko bi taldetan banatu dira aurten furgonetako kideak. Aurreko aldian baino bi gehiago dira talde bakoitzean, komunikazioari dagozkion lanak handitu egin direnez gero. Eskarmentu handikoak eta hasiberriak dira tartean, saiatzen baitira, aldiro, oreka hori mantentzen. Hamalau orduko txandak egiten ditu talde bakoitzak: hamalau ordu errepidean, eta hamalau atseden hartzen. Bigarren tarte horiek deskantsurako eta «talde barruko harremanak sendotzeko» erabiltzen dituztela azaldu du Arroitak. Izan ere, furgoneta barreneko uneak «tentsio handikoak» izaten direla azaldu du, eta izaten dela une horiek baretzeko beharra. «Zaila da halakoak kudeatzea furgoneta txiki batean». Aurtengoan, gainera, lasterketaren hasiera ohi baino gogorragoa izan dela aitortu du, eguraldia tarteko: elurra eta zero azpitik zazpi gradu ere izan dituzte zenbait momentutan.

Lasterkarien gogoak eta furgonetako giro alaiak berotzen dituzte uneok, Arroitaren arabera. Korrikalariekin gurutzatutako begiradak, euren begietan harrapatutako zirrara; momentu horiek gordetzen ditu hobekien Korrikaren oroitzapenetan. «Batzuetan, inoiz ikusi ez duzun pertsona batekin begirada gurutzatzen duzu, eta hor konexio bat sortzen da, soilik Korrikak eragiten duena».

Kontatzen dena bada

Furgoneta gidariek egiteko modua jartzen dute, eta egindakoaren berri ematen dute AEK-ko komunikazio taldekoek. Hainbat hedabidetako 11 lagun daude bertan, eta AEKren komunikazio kanaletatik unean uneko informazioa zabaltzen dute horietatik lauk; Ane Elordik, besteak beste. Badu garrantzia zeregin horrek, haren arabera, eta geroz eta gehiago, gainera, sare sozialen zurrunbilo betean: «Egia da lasterketarik gabe ez dagoela zer kontaturik, baina, kontatze horretan, komunikazioak hartzen du bere gain ardurarik handiena». Elkarrizketak ematen, lotzen, hedabideen eskariei erantzuten eta beste hamaika lanetan jarduten dute.

Azken alditik hona buruan izan duten «kezka» bati erantzuteko asmoz, aurten jarduteko moduan zenbait aldaketa egin dituztela azaldu du Elordik. Izan ere, geroz eta gehiago dira irudiak hartzera furgonetara igo nahi izaten duten argazkilari, bideogile eta abarrak, eta, tarteka, lana zailtzen die horrek furgoneta taldeko kideei. Horregatik, informazioa zentralizatzea erabaki dute: zabalpena AEK-k egitea eta hedabideek hortik edatea. «Horretan apustu berezia egin dugu, eta saiatu gara etengabeko kontaketa egiten; batez ere, Twitter bitartez». Hala, furgoneta ez da hainbeste betetzen, eta tokiko hedabideak ere jasotzen duten materialarekin «pozik» daudela uste du. Gainera, lasterketaren zuzeneko emisioa ere ikusgai dago, une oro, korrika.eus atarian, baita BERRIAren webgunean ere.

Dena den, pixkanaka azkenetara iristen ari dira komunikazio taldearen lanak; bai, behinik behin, lasterketari dagozkionak. Izan ere, bi egun eta erdi baino ez ditu aurretik Korrikak.

Batez ere Bizkaiko kostaldean ibili da zazpigarren egunean; Uribe Kostan eta Uribe Butroen, goizaldean; Busturialdean, arratsaldean; eta Lea-Artibain, iluntze partean. Herri txiki asko igaro ditu, giro epelean, eta denean mugiarazi du jende oldea. Goizaldean, haurrak eta gazteak izan dira, batik bat, lasterka aritu direnak, ikastetxeetatik propio joanda. Gorlizen, esaterako, ehunka ume batu zaizkio lasterketari. Herriguneen arteko tarteetan, baina, adin nagusiagokoen presentzia nabarmenagoa izan da.

Herri koxkorragoetan ere izan da. Gernikako kaleak, esaterako, lepo bete ditu. Iluntzea ere bero amaitu du. Hala hartu dute Lekeition, Markina-Xemeinen eta Ondarroan, adibidez.

Gauerdia baino lehen, Gipuzkoarako muga igaro du Korrikak, kostaldetik. Han ibiliko da gaur, egun osoan. Goizean, Urola Kostako herrietatik Buruntzaldekoetara joango da, eta ondoren Tolosaldekoetara. Hain justu, Tolosatik bi aldiz igaroko da gaur Korrika, goiz partean eta gauean.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA