Hezkuntza itunerako bidea (III). Hizkuntza. Karmele Perez Lizarralde. Huheziko irakaslea

«Nola trebatuko dira komunikatiboki, ez badaukate espaziorik?»

Perezen ustez, ikaskuntzako arlo bakoitza «aukera» bat da ikasleen gaitasun komunikatiboa —eta, beraz, euskara bera— lantzeko. Gelako kultura aldatu beharko litzateke horretarako: ikasleari hitza eman.

RAUL BOGAJO / FOKU.
maddi ane txoperena iribarren
Arrasate
2021eko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Irakasleekin «prestakuntza gogoetatsuaren eredua» erabiltzen du Karmele Perez Lizarralde Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateko irakasleak (Arrasate, Gipuzkoa, 1966), ikastetxeetan «gogoeta eta aldaketa prozesuak» eragiteko: «Normalean haiek eskatzen digute prestakuntza, ikusten dutelako ikasleen hizkuntza gaitasuna eta erabilera ez direla nahiko lituzketenak». Ispiluaren aitzinean jartzen dituzte irakasleak, hizkuntzarekiko «praktika» azter dezaten, horrekin praktika «eraldatzeko».

Perezek uste du euskara «ardatz» lukeen eredu eleaniztun bat litzatekeela egokiena denentzat, baina haren nolakotasunari ere begiratu behar zaiola bereziki: «Ordu kopurua bezain inportantea baita ordu horien kalitatea».

Irakasleak prestatzen dituzue. Zer garrantzi daukate hizkuntzaren irakaskuntzan?

Berebizikoa. Ikastetxe batean gertatzen diren prozesuetan, irakaslea ezinbesteko figura da: bera da prozesu horiek dinamizatzen dituena. Irakasleak sortzen ditu testuinguruak ikasleak ikas dezan: pentsatu behar dugu ikasleak zer ikastea nahi dugun, eta hori nola egingo dugun.

Zer gabezia izaten dituzte hizkuntzari dagokionez?

Ez dugu hutsunean pentsatzen, baizik eta erronka eta aukeretan. Saiatzen gara irakasleek beren buruari ispilua jar diezaieten, eta hor ikusi izan dugu, adibidez, ikastetxeetan ez dagoela irizpide argirik material didaktikoak hautatzerako orduan. Oso daudela edukiari eta jarduerari begira, baina ez jarduera hori nola egingo duten, edo nola aprobetxatuko dituzten komunikazio aukerak. Ez daude oso definituta eta sistematizatuta ikasleen gaitasun diskurtsiboa lantzeko egoerak, ez testuinguruak, ez didaktikak.

Nola egin daiteke hori?

Esaten dugu gaitasun komunikatiboa lantzeko hiru eremu pribilegiatu daudela. Bata da edukien bidez ikasten dugula: hizkuntza batean murgilduta, arloen barruan. Bigarrena da testu genero bidez, alegia, ikuspegi diskurtsiboa landuz, ahoz zein idatziz. Eta hirugarrena elkarrekintza didaktikoa da.

Zer da elkarrekintza?

Elkarrekintza gure geletan etengabe sortzen den egoera komunikatibo bat da, elkarrekin ikasteko erabiltzen duguna. Kontua da elkarrekintza horietan nork hitz egiten duen batez ere, eta eskola kulturak irakaslea erdigunean jarri du. Aztertzen baldin badugu zenbat hitz egiten duen irakasleak eta zenbat ikasleek, ikusiko dugu irakasleak sarri monopolizatu egiten duela hitza. Ikaslea nola trebatuko da komunikatiboki, ez badauka espaziorik?

Irakasleak espazio horiek sortu behar ditu?

Bai. Bai eduki bidez, bai testu bidez, bai elkarrekintzan; kontua da espresuki, intentzionalitatez, zabaldu beharko genituzkeela espazioak hizkuntza adierazpenerako: ikasleari hitza emateko. Eta ikasleek hor parte har dezaten, elementu linguistiko eta diskurtsiboak eskaini behar dizkiogu, eta berariaz landu, ez baitira berez eskuratzen. Eta premia hori areagotu egiten da murgiltze egoeran.

Erraten ari zarenez, hizkuntza lantzeko hezkuntza eredua bera aldatu beharko litzateke, beraz?

Bai. Gaur egun gero eta gehiago hitz egiten da metodologia aktiboez eta proiektu bidez lan egiteaz: horiek, adibidez, egoera komunikatibo asko sortzen dituzte, eta aukera bikainak dira, zentzua ematen diotelako ekintza linguistikoari. Berariaz ekarriko dugu ikaslearentzat zentzua daukan zerbait, helburu konkretu ulergarri bat daukan zerbait egin dezan. Metodologia berriek eta konpetentziatan oinarrituriko ikuspegiak aukerak zabaltzen dituzte, ze gaitasun komunikatiboa zeharkakoa den zerbait baita, arlo guztiei dagokiena, eta arlo guztietatik eragin ahal zaio.

Adibidez?

Arlo guztiek daukate zer egina, terminologikoki eta diskurtsiboki bereziak direlako. Arlo bakoitzak diskurtso propioa eduki dezake, edo egitura propioak. Badaude arlo batzuk, adibidez, bereziki hipotesiak egiteko aukera eskaintzen dutenak, eta, hipotesiak egiteko, badaude egitura batzuk erabili ahal ditugunak. Edo definizioak egiteko, edo konparazioak... Egitura horiek landu beharko genituzke ikasleekin, berariaz. Pentsamendu ariketa horiek hitzetara ekartzea da irakasleon lanetako bat: pentsamenduaren eta hizkuntzaren arteko lotura hori intentzionalitatez lantzea.

Hezkuntza lege berrian nola txerta daiteke hori guztia?

Esaten ari naizen gauza askoren zertzeladak curriculumean egon badaude. Orain, curriculumean ez dago zehaztuta hori guztia nola. Eta gu nola-ra jaisten gara: irakasleek zehaztasunak behar dituzte, eta esperimentatu behar dute. Eta egiteko modu honek kultura aldaketa bat eskatzen du.

Gure lana da irakaslea kontziente bihur dadila egiten duenaz, eta, ingurukoekin eztabaidatzeko eta markoak adosteko aukera daukan neurrian, intentzionalitateak kohesionatu ahal dira; hizkuntza proiektuetan, adibidez. Probokatu nahi dugu, azkenean, bakoitzak bere burua azter dezan, baina kolektiboak elkarrekin azter dezan, eskolako dinamiketan eta kulturetan eragiteko.

Baina nola bermatu ez dela egonen irakasle edo eskola batzuen borondatearen esku?

Hezkuntza Lege batek edo sistemak eragin dezake ikuspegian, baina honek eskatzen du, gainera, prestakuntzak arnasa luzekoak izan daitezen. Eta zenbateraino bermatzen du sistemak arnasa luzeko prozesuak egitea? Klaustroak egonkortzea? Ze guri gertatzen zaigu, ikastetxe batera bigarren urtean bueltatzen garenean, irakasleen erdiak ezberdinak direla. Horrela oso zaila da eskolako proiektu sendoak eraikitzea. Eta hori sistemak bermatzen duen zerbait da. Baita eskolari barne prozesuak egin ditzan aukera eskaintzea ere: hori litzateke ideala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.