Norvegiak eta Genevako Henri Dunant zentroak (Suitza) nolabaiteko «diplomazia hibrido» baten rola jokatu zuten Euskal Herriko gatazka armatuaren konponbide prozesuan. «ETAren prozesuak erakusten du nola HDren gisako nazioarteko bideratzaile ez-gobernudun batek estatu baten laguntza behar duen rol osagarrietarako». «Diplomazia hibrido» hori «funtsezkoa» izan zen alderdiek negoziazio mahaian esertzea erabakitzeko. 2005eko saiakera hark ez zuen emaitzarik eman, baina, Norvegiaren hitzetan, «Espainiako agintarien presioaren ondorioz eta Norvegiaren laguntzarekin elkarrizketak erraztearen eraginez dinamika bat sortu zuen, eta hori lagungarria izan zen ETAk 2011n aldebakarrez deklaratu zezan bere jarduera armatua amaitu zuela».
Jakina zen Norvegiak euskal gatazkaren konponbide prozesuan parte hartu zuela; 2005-2006ko elkarrizketetan aurrena, eta 2011-2013 artean ondoren. Lehenbiziko fase hartan, Espainiako Gobernuko eta ETAko ordezkariak Oslon elkartu ziren, Suitzan ez ezik. Bigarrenean, berriz, ETAk jarduera armatuaren behin betiko etena iragarri ondoren, erakunde horren ordezkaritza bat Norvegian egon zen Espainiako Gobernuko mintzakideak noiz agertuko, gatazkaren ondorioez hitz egiteko. Espainia ez zen eseri mahaian. Orain, parte hartze horri buruzko ohar orokor batzuk jaso ditu Norvegiako Gobernuak, Atzerri Ministerioak argitaratutako txosten batean: Norvegiak zer ahalegin egin zuen bakerako eta gatazken konponbiderako mundu gatazkatsu batean.
62 orrialdeko dokumentua da argitaratutakoa, eta bi aipamen egiten dizkio Norvegiak euskal gatazkari. Aurrenekoan dio ETA «mugimendu errebeldea» 1959an sortu zela, eta eraso eta hilketa «terrorista» ugari egin zituela frankismoan eta 1976tik aurrera. 2005ean, Norvegiako Gobernuak dioenez, Espainiako Gobernuak Henri Dunant zentroari «modu informalean» eskatu zion lagun ziezaiola ETArekin harremanetan jartzen. «Prozesua politikoki polemikoa zen Espainian, eta autoritateek nazioarteko gobernuz kanpoko eragile erraztaile diskretu bat nahi zuten, elkarrizketetatik distantzia hartzeko eta nazioarteratzea eragozteko», diote agirian: «Aldi berean, prozesurako beharrezkoa zen estatuen babesa. Norvegiak Espainiako Gobernuaren eskariz eman zuen babesa, eta denboran zehar garatu zen». Zehazki, «Suitzarekin batera, Norvegiak bilera leku seguruak eta garraioa jarri zituen, elkarrizketak erraztu zituen, eta lekuko gisa jardun zuen».
Oslo, «lehen fasea»
Izan ere, 1999an Elgoibarko Txillarre baserrian (Gipuzkoa) hasitako elkarrizketa informalek Henri Dunant zentroan izan zuten segida 2005ean. Jesus Egiguren PSE-EEren orduko presidentea eta Josu Urrutikoetxea ETAko ordezkaria elkartu ziren han lehen fasean, eta 2005eko udazkenean, Oslon bildu ziren, Norvegiako Gobernuaren anparoan; bi aldeek akordio baten oinarriak hitzartu zituzten han. ETAk «su eten iraunkorra» ezarri zuen 2006ko martxoan.
Bi aldeek Norvegiako hiriburuan adostu zituzten ETAren su eteneko agiria ematea eta Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako presidenteak adierazpen bat egitea, esanez euskal herritarrek erabakitakoa errespetatuko zuela —2006ko ekainean egin zuen—. Urrutikoetxeak, 2020an, Osloko solasaldi horietako xehetasun batzuk azaldu zituen: «Sinpleki, helburua hau zen: esatea Espainiako Estatuak onartu egingo zuela euskal herritarrek demokratikoki bere geroari buruz erabakiko zutena. Eta hori zen lehen fasea. Bigarrena hasiko zen gero: eragileen artekoa eta teknikoa, ondorioena».
2006ko hondarrean, Batasuna, PSE-EE eta EAJ Azpeitiko Loiolako santutegian (Gipuzkoa) ari ziren hizketan. Abenduaren 30ean ETAk atentatua egin zuen Madrilgo Barajas aireportuan —bi lagun hil zituen—, artean tregoan zela, eta alderdien arteko elkarrizketek ez zuten aurrera jarraitu. ETAren eta gobernuaren arteko mahaia 2007ko maiatza arte luzatu zen Genevan, baina ETAk su etenaren amaiera iragarri zuen ekainean.
Rodriguez Zapatero, 2021ean: «Oslora joanda, bi urtean egin zitekeen ETAren amaiera»
Oslo berriro azaldu zen bakegintzarako kokaleku gisa 2011n, ETAk bere jarduera armatuaren behin betiko amaiera iragarri ostean. Urte hartako urriaren 20an eman zuen ETAk erabakiaren berri, eta hilabete geroago, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak PPk irabazi zituen, gehiengo absolutuz. Zapatero Espainiako Gobernuko presidente izandakoak BERRIAri azaldu zion, 2021eko uztailean argitaratutako elkarrizketa batean, gobernuaren eskualdaketan aipagai izan zutela Norvegia: «Batik bat, azkeneko fasea nolakoa izan zen kontatu nion [Jorge Fernandez Diaz Barne ministro berriari]. Bat: ez nuela dudarik indarkeria uzteko erabakia zalantzarik gabekoa zela eta betiko zela. Bi: aipatu genion nazioarteko bitartekarien oso zeregin garrantzitsu bat zegoela; ia funtsezko zeregina izan zuten, gobernuarekin harremanetan zirela, jakina. Eta hiru: Norvegian pertsona batzuk zeudela gai batzuk jorratzeko zain». Gaineratu zuen Oslora joanda ETAren amaiera «bi urtean» egin zitekeela.
«Sinpleki, helburua hau zen: esatea Espainiako Estatuak onartu egingo zuela euskal herritarrek demokratikoki bere geroari buruz erabakiko zutena. Eta hori zen lehen fasea. Bigarrena hasiko zen gero: eragileen artekoa eta 'teknikoa', ondorioena»
JOSU URRUTIKOETXEA ETAren ordezkaria Osloko elkarrizketa mahaian
Baina Espainiako ordezkaririk ez zen agertu han. David Pla zen konponbiderako ETAren ordezkarietako bat, eta hura egon zen Oslon zain. 2019ko maiatzean BERRIAk eginiko elkarrizketan, azaldu zuen ETAk bazekiela Espainiako Estatua ez zela «batere fidagarria», eta uste zuen estatuak «sinesgarritasun handia» galdu zuela: «Gai teknikoez hitz egingo zen han, baina pisu politiko handikoak ziren, egoera politikoaren garapena asko markatzen zutelako. Erakundeak pentsatzen zuen lehen harreman batzuk behintzat egongo zirela, baina ez: ez zen gai horietaz batere hitz egin, Madrilek ez zuelako nahi izan. Harritzekoa izan zen, Madrilek aurretik oniritzia emana baitzuen Europako herrialde batean negoziazio gune bat eratzeko. Prozesuan murgildu ziren eragile guztiak harritu ziren. ETAren ordezkaritza hamasei hilabetez aritu zen han lanean».
ETAk 2013ko otsailera arte eutsi zion ordezkaritzari Oslon. Urrutikoetxeak 2020an azaldu zuen ez zituztela kanporatu: «Hala saldu izan dute batzuek. Norvegiatik pasaporte diplomatikoarekin hegazkinez atera nintzen ni, eta neuk eskatutako tokira eraman ninduten».