Zentral nuklearrak ixteko eskatzea eta beste energia kontsumo eredu bat aldarrikatzea izango dira bihar Bilbon egingo den manifestazioaren helburuak. Hogei gizarte eragilek deituta, Arriagatik abiatuko dira, 19:30ean. Batez ere, Euskal Herritik lau kilometrora dagoen Garoñako (Burgos, Espainia) zentrala ixteko eskatuko da, «zaharrena eta arriskutsuena delako». Gainera, aurreikusitako funtzionatze aldia aspaldi gainditu zela salatu dute.
Talde ekologistak, alderdi politikoak, sindikatuak eta bestelako eragileak daude deitzaileen artean. Atzo, Bilboko Euskadi plazan egin zuten agerraldia, atzeko aldean Iberdrolaren dorretzarra zutela. Ekologistak Martxan-eko Xabier Abianek eta LABeko Ainara Plazaolak hitz egin zuten. «Garoña guztiz amortizatuta dagoenez, Iberdrolak eta Endesak irabazi handiak jasotzen dituzte, eta gure osasunaren kontura egiten den negozioa da», ohartarazi zuen Abianek. «Egitura arazo larriak dituen instalazio nuklear zaharkitua da, Fukushimako lehenengo erreaktorearen berdina, eta, ondorioz, arrisku berberak dituena».
Espainiako Gobernuko Presidente Jose Luis Rodriguez Zapaterori ere kritika gogorra egin diote, bozetan hitzemandakoa bete ez duela egotzita. «Agindutakoaz bestera, Zapaterok ez du nuklearrak bere bizitzaren bukaerara iristen direnean ixteko egutegirik egin, ezta Garoña itxi ere, erabakia hurrengo gobernuaren esku utziz». Alemaniako gobernuburu Angela Merkelek zortzi zentral behin betiko itxi eta gainontzeko bederatziak datozen hamar urteetan ixteko hartutako erabakia txalotu dute eragileok. «Hemen ere jarraitu beharreko bidea hori dela uste dugu».
Eredua eta kontsumoa
Zentral termikoen aurka ere agertu dira, eta Pasaiako portukoa (Gipuzkoa) ixteko eskatu dute. Talde hauek energia berriztagarrien aldeko apustua aldarrikatzen dute, batez ere Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: «Nafarroan energia berriztagarrien ekoizpena %85ekoa da, eta EAEn, aldiz, ez da %5era iristen».
Kontsumo eredua aldatzea ere, helburu. «Energia oso gaizki eta gehiegi erabiltzen dugu». Adibidea gertu zuten atzoko agerraldian, Euskadi plazako lorategietan belarretan dauden fokuei egin zieten aipamen: «Egun argiz piztuta daude, eta belarretan argiak gauez piztuta edukitzeak ere ez du zentzu handirik».
Nuklearrak ixtea eskatzeko, martxa egingo dute bihar Bilbon
Garoñako zentrala Fukushimakoaren modukoa dela eta, hark dituen arrisku berberak dituela salatu duteAlemaniako eredua jarraituz, zentralak zarratzeko plana exijitu diote Zapaterori

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu