Euskara. Hiztun berriak. Esti Amorrortu eta Jone Goirigolzarri. Deustuko Unibertsitateko irakasleak

«Ohitura da hizkuntza aldatzeko oztoporik handiena»

Alde handia dago eremu soziolinguistiko batetik bestera. Haurretan edo heldutan ikasi den, aldea dago. Ikertzaileek diote, ordea, norberaren jarrera ere gakoa dela: proaktiboa izatea eta ohiturak aldatzea.

Esti Amorrortu ezkerrean, eta Jone Goirigolzarri eskuinean. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Bilbo
2017ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Hiztun berriei buruzko ikerketa sakona egin dute Euskal hiztun berriak: esperientziak, jarrerak eta identitateak lanean. Egileetako bi mintzo dira: Esti Amorrortu (Bilbo, 1969) eta Jone Goirigolzarri (Getxo, Bizkaia, 1984). Ikerketan agertutako ondorio esanguratsuenak zein diren esplikatu dute.

Euskara eskolan edo euskaltegian ikasi dutenekin egin duzue ikerketa. Nolako diferentziak daude batzuetatik besteetara?

ESTI AMORRORTU: Hiztun berrien artean profil asko daude. Askotan pentsatzen dugu mota batekoak edo bikoak direla; egia da bi profil horiek nahiko ezberdinduta daudela, baina horien barruan aniztasuna oso handia da. Adina oso inportantea da, eta ikasteko modua ere bai. Gutxi gorabehera, 40 urtetik gorakoak era batera ibili dira euskara ikasten: heldutan ikasi dute, 1980ko hamarkadaren inguruan sortutako giroan. Besteak, berriz, gazteagoak dira, ez dute bizi izan giro hori; beste garai bateko pertsonak dira, eta txiki-txikitatik ikasi dute. Esperientziak oso ezberdinak dira.

Motibazioak ere bai?

JONE GOIRIGOLZARRI: Bai. Adin batetik gora euskaltegian euskaldundu zirenek, 1970-80ko hamarkadan, euren hautuz erabaki zuten, nahiz eta orain euskaltegietan aldaketa sumatzen ari den. Ostera, gazteagoen artean, gogoeta hori falta da: umetan jaso dute euskara, era automatikoan. Eurek ez dute erabakirik hartu, eta sumatzen da: hausnarketa askoz txikiagoa daukate. Erabilera bultzatu beharraren arduraz gabiltza euskalgintzan, eta gazte askorentzat hori ez da problema: «Denok ezagutuko dugunez, euskara normaltasunez erabiliko da». Sarri agertu da hori. Edo transmisioa: umeak izatean «bi hizkuntza» transmitituko dizkietela diote, era positibo batean. «Zenbat eta hizkuntza gehiago hobe»; euskara hizkuntza gutxitua izanik erabakiak hartzea beharrezkoa dela kontzientzia izan barik. Testuinguruak ere asko baldintzatzen du.

E.A.: Gazteekin kontuz ibili behar dugu motibazioaz hitz egitean. Helduek eurek hartu dute erabakia. Gazteen kasuan, ez: ez zuten eurek aukeratu, gurasoek baizik. Askotan, gazteak eta helduak aipatzean, joera handia dago esateko gazteek hau eta helduek hori. Gazteen artean ere denetik dago.

Pisua du testuinguruak. Euskarak toki txikia duen lekuetan euskara eskolarekin lotzen da?

E.A.: Batzuek lotzen dute, egia da. Baina ez denek.

J.G.: Testuingurua aztertzean, ikusi dugu erdibideak ez duela inportantzia handirik: edo testuingurua oso mesedegarria da —euskaldunak %80tik gora—, edo beste herrien artean antzekotasun handiagoak daude. Horrek aditzera ematen du hiztunen eta erabileraren trinkotasun bat behar dela.

Eremu oztopatzailean bizi arren, hiztun berri askok estrategiak dituzte euskarari eusteko.

E.A.: Bai, estrategia asko erabiltzen dituzte. Nahita, eta modu naturalean ere bai, sareak dituztelako. Bizi zaitezke eremu oztopatzaile batean, baina euskara erabiltzen den sare esanguratsu eta trinkoak eduki. Kasu horretan, nahiko modu aktiboan erabil daiteke euskara Bilbon edo Gasteizen. Baina, horretaz aparte, hiztun batzuek oso jarrera proaktiboa daukate; testuinguru oztopatzaileetan oso inportantea da hori. Estrategia asko erabiltzen dituzte: euskaraz egiten den lekuetara joan, elkarteetan eta berbalagunetan parte hartu, euskarazko produktuak kontsumitu...

J.G.: Sareak behar dituzu, eta sareak eraikitzen dituzu. Badakizu non mugitu behar zaren euskaraz bizitzeko. Batzuek lortzen dute, eta beste batzuek, ez. Oso interesgarria izan zen administrazioan lan egiten duen Gasteizko neska baten lekukotasuna: bere espazio bakarra berbalaguna zen. Lagunak, bikotekidea, familia erdalduna du. Maiz aipatu dute denda euskaldunak identifikatzea. Sareak eraikitzea lortuz gero, bizi ahal izango zara euskaraz neurri handi batean; ez baduzu lortzen, ez, eta frustrazioa ere sentituko duzu.

Hiztunak ohartzen dira erabili ezean gaitasuna galduko dutela.

E.A.: Ideia hori nahiko sarri agertu da, bai. Azterketan, hala ere, galbahe bat ipini dugu: gaitasun aurreratuko hiztunak izatea. Hortik beherakoak ez daude ikerketan, baina asko daude. Izan ere, partaideek ere esan digute: «Nire lagun asko, murgiltzean ikasitakoak, ez lirateke gai izango eztabaida honetan euskaraz parte hartzeko».

J.G.: Horren erakusgarri da murgiltzean ikasitako zenbat gazte dabiltzan euskaltegian: titulua lortzeko edo eskola amaitzean modu bakarra delako ez galtzeko.

E.A.: Hori estrategia bat da: irakaskuntza amaituta ez dutenez euskararekin kontaktu gehiago izango, gaitasuna galtzeko beldur, euskaltegira joaten dira. Adierazgarria da: erakusten du pertsona askok ez daukatela aukerarik, eta beldur direla galduko ote duten.

Hiztunak eurak nola sentitzen diren galdetzean, deigarria da emakumeek beren gaitasunaren pertzepzio txikiagoa dutela.

E.A.: Mendebaldeko gizarteetan askotan agertzen da emakumeek segurtasunik eza handiagoa dutela, edo sentsibleagoak direla arau sozialak direla eta. Autoexijentzia handiagoa izan dezakete.

J.G.: Hiztunen mailari dagokionez, sarritan gure pertzepzioa baino kritikoagoa da euren autopertzepzioa. Inportantea da non bizi zaren: murgiltze ereduan ikasi eta testuinguru oztopatzailean bizi direnek faltan sumatzen dute jariotasuna; testuinguru euskaldunagoetan, bertako terminologia falta zaiela esaten dute. Euskara nondik ikasi duzun, itzelezko pisua dauka zeure burua euskal hiztun moduan eraikitzerakoan.

Testuinguruak pisu handia du, eta hizkuntza ohiturek ere bai. Euskara ikasita, ohiturak aldatzea lortzen dute hiztun berriek?

E.A.: Ohitura da oztoporik handiena: ohituragatik ezin aldatzea harreman hizkuntza. Ohitura oso oztopo handia da, eta horretan lan egin behar da. Batetik, umeekin, hizkuntza ohitura hasieratik ez dadin gaztelaniazkoa bakarrik izan; hizkuntza biak behintzat izan daitezen. Bestetik, ohiturak aldatzeko, ezarrita daudenean.

J.G.: Hurbilen-hurbilenekoekin ohitura aldatzea da gaitzena. Murgiltze ereduan ikasi dutenekin oso gauza kuriosoa gertatzen da —logikoa ere badena—: euskaldunez inguratuta daude, eta ez dute horrela sentitzen. Ahaztu egiten zaie eskolako kideak euskalduna direla. Sare falta? Euskaldunak dira eskolakoak eta lagunak. Baina testuinguru oztopatzailean murgiltze ereduan ikasi dutenek ez dute aukera moduan ere planteatzen beren eskolakideegaz euskaraz egin dezaketenik.

Eta horren atzean zer dago? Ohitura falta, edo gaitasunarekin lotutako alderdiak ere bai?

J.G.: Badaude gaitasunarekin pozik ez daudenak, baina ez da izan aldagai garrantzitsuena.

E.A.: Nik uste dut ohitura dela, eta euskara-eskola irudia. Euskara zelan ikasi duten da gehiago. Batzuk egongo dira gaitasun eskasagoa dutenak, baina ohitura da gehiago. Euskara eskolako hizkuntza gisa antzeman dute txiki-txikitatik, eta ez benetan hartu-emanetarako hizkuntza bezala. Eta horri buelta ematea oso zaila da; hori berariaz landu behar da.

J.G.: Antinatural moduan ere ikusten dute. «Batzuetan saiatzen gara, baina arraroa da», esaten dute. «Trapagaranen euskaraz berba eginda, lagunek esaten didate: 'Tio, ¿de qué vas? Que estamos en Trapagaran'». Horri aurre egitea oztopo handia da.

Elkarrizketa elebidunen gaia ere atera da ikerketan. Elebidun pasiboen kopurua handitzen ari da —euskara ulertu bai baina hitz egiten ez dutenak—, eta bi hizkuntzako elkarrizketak zabaltzeko modua ikusten duzue?

E.A.: Oso arrotz egiten da hemen. Beste gizarte batzuetan, kontaktuan dauden hizkuntzak linguistikoki elkarrengandik urrun ez daudenean —Katalunian, adibidez—, aspalditik erabili dute elebitasun pasiboa. Baina hemen oso arrotz egiten da, hizkuntzak oso ezberdinak direlako eta jarrera preskribatzaile oso handiak ditugulako: hori oso txarra dela, kaltea izango dela euskararentzat...

Euskalkiei eta euskara batuari ere begiratu diezue. Batuak baino ospe hobea dute euskalkiek hiztun berrientzat. Beste hizkuntza gutxitu batzuetan ere bai?

E.A.: Egoera ezberdinak daude. Irlandan, adibidez, antzeko gauzak aurkitu dira. Gizarte batean hiztun berriek estandarra egiten badute eta natiboek dialektoak, asoziazio halako pertzepzioak sortzea dakar. Natiboek liburukotzat jotzen dute hiztun berrien gaelikoa. Gurean ere agertzen dena.

J.G.: Ostera, Galizian, adibidez, ez da hori gertatzen.

E.A.: Hori esango nuke, gainera, ohikoagoa dela kontrakoa: estandarra egiten dutenek pertzepzio hobea izaten dutela.

J.G.: Garrantzia du nondik berba egiten duzun. Euskalkiek prestigioa dute, eta euskaldun berrientzat modu bat da euskara ona izateko. Baina euskaldun zahar eskolatu gabeentzat, agian, euskara batua da prestigioa duena.

Hiztun berri kontzeptua erabili duzue ikerketan. Euskaldun berri-k kutsu negatiboa dauka?

E.A.: Bai, zalantza barik. Euskal Herrian erabili dugun dikotomia —euskaldun berri, euskaldun zahar— auzitan jartzen hasita dago. Askok esaten dute ez dugula erabili behar, natiboa goraipatzen duelako, eta berria bigarren mailan jartzen. Beste gizarte askotan ere gertatzen da dikotomia hori, eta auzitan jarri da. Askoz gehiago hitz egiten da hiztun mota ezberdinez, dikotomia hori egin gabe.

Eta hiztun berriek eurek zeren arabera jotzen dute beren burua euskalduntzat edo euskaldun berritzat? Bada euskaldun zahar dela aldarrikatu duenik ere.

J.G.: Aldagai bat da euskara zenbat erabiltzen duzun: egunerokoan erabiltzen baduzu, euskaraz bizi bazara eta denbora badaramazu horrela, euskaldun berri kontzeptuak zentzua galtzen du. «Berri? Hogei urte daramatzat euskaraz, eta berri?». Erabilera da giltzarri nagusia.

E.A.: Eta gaitasuna. Eroso sentitzen direnek, euskara normal erabiltzen dutenek, euren burua benetan legitimatuta ikusten dute; horien artean gutxi batzuek euskaldun zahar direla aldarrikatzen dute, eta gehienek diote euskaldunak direla. Euskalduna kategoria legitimo bat da, euskaldun berri baino legitimoagoa.

Beren burua euskaldun berritzat jotzen dutenek bigarren mailakotzat daukate beren burua?

E.A.: Ez denek. Gure hipotesia zen txikitatik murgiltzean ikasi duten gehienek ez zutela hiztun berriaren identitatea, baina ikusi dugu baietz. Zer falta zaien esaten dute: ez dakitela ondo, erraztasuna falta zaiela, kaleko euskara, inongo euskara ez dakitela... Hor arazo bat dago: pertsona horiek ez dira sentitzen legitimo. Gazteen kasuan hori. Helduen kasuan, batzuek euskaldun berri aipatzen dute, ez legitimo sentitzen ez direlako, baizik eta nagusitan ikasi dutelako: ez dela beren ama hizkuntza. Batzuentzat domina ere bada euskaldun berri esatea: «Nik ahalegina egin dut, eta lortu dut».

J.G.: Eskola euskara ikasteko esparru orokortu bilakatu denean, aldatu egin da egoera. Euskaldun berri zer zen? Euskaltegian ikasten zuena. Kolektibo hori deskribatzeko zen erabilgarria. Baina kolektibo hori ez denean bakarrik euskara ikasteko modu bat izan dutenena, zentzua galtzen du.

Gazteentzat da arazo handiena, beraz, legitimitatearekin lotuta? Erabilerarako ere bai?

E.A.: Arazo bat erakusten du horrek. Gazte horiek txiki-txikitatik euskara ikasi dute, eta askok ez dute sentitzen benetako euskaldunak direnik, euskal hiztun legitimoak direnik. Arazo hori erabileran ikus daiteke argi eta garbi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.