OLARIZU AUZO OKUPATUA

Olarizuko bizilagunak kaleratu egin ditu Gasteizko Udalak

Duela urte batzuetatik hona, Gasteizko Olarizu hiribideko eraikinak etxebizitza bat ordaintzeko aukerarik ez zeukaten herritarrek okupatu izan dituzte. Urte luzez udalarekin harreman gorabeheratsua izan ondoren, gaur kaleratu dituzte azkenean.

Irudian, kaleratu duten emakume bat, etxetik atera ahal izan dituen gauzen ondoan. ENDIKA PORTILLO/FOKU
jone arruabarrena
2021eko ekainaren 8a
12:48
Entzun

«Esan eta egin. Olarizuko okupa ilegalei kaleratuak izango direla jakinarazten gabiltza. Egun gutxi barru burutuko da. Geroxeago birgaituko dugu eremu hori, hiriarentzat berreskuratzeko». Horrela jakinarazi zuen Gorka Urtaran Gasteizko alkateak duela egun gutxi Olarizuko bizilagunen gainean hilabeteak daramatzan mehatxua beteko zuela udalak. Zehazki, gaur goizeko zazpietatik aurrera kaleratzeak edozein momentutan has zitezkeela jakinarazi zien auzokideei, gutun baten bidez. Eta beste behin, esan eta egin. 07:00ak jo dutenerako, Ertzaintzaren dozena erdi patruilak inguratu dituzte okupatutako etxeak. Duela egun batzuk jada burdinazko hesiz itxi zituen eraikinak Poliziak. Minutu batzuk geroago hasi dira Olarizu hiribidea ere hesiz ixten. Autoei sarrera galarazteaz gain, kazetariak ere eremutik kanpora irtenarazi dituzte. Ordurako, bizilagun batzuk hasiak ziren etxeetatik denetariko objektuak ateratzen, etsita: arropa, sukaldeko tresnak, maletak, sehaska bat. Gizon bat burumakur atera da atari batetik, eta, ertzainen begiradapean, gurpildun maleta handi bat hartuta auzotik urruntzen hasi da. Autoen zarataren artean galdu da laster.

Atzo Olarizuko bizilagun batek BERRIAri azaldu zionez, okupatutako eraikinetan oso pertsona gutxi geratzen ziren azken egunetan. Hala ere, Ertzaintzaren furgonetak bata bestearen atzetik heltzen hasi dira: bat, bi, hiru... Gero eta kazetari gehiago gerturatzen hasi dira, eta, bitartean, atarien aurrean pilatzen diren objektuen multzoa handituz joan da, astiro. Giroa lasaia zen arren, Ertzaintzak istiluen aurkako tresneria atera du. Ezkutu eta kaskoez horniturik hasi dira etxeetara sartzen, baina ez dirudi iskanbilarik egon denik.

09:00ak aldera, Errekaleor auzo okupatuko kide batzuk ere hurbildu dira Olarizuko bizilagunei elkartasuna adieraztera. Olarizukoek eskertu dute Errekaleorrekoen babesa, baina udalaren jarrera salatu dute: «Errekaleorreko bizilagunek ez digute irtenbiderik eman behar. Udala da gure egoera konpondu behar duena». Auzokide horren arabera, batzuei eman die aterpe udalak: bi pertsona babespeko etxebizitza batean daude, eta beste lau, udal aterpetxean. Gainerako bizilagunek, ordea, beste irtenbiderik ezean, inguruko pabiloi batean hartuko dute aterpe.

Goizeko lehen orduan irten den gizonaz gain, beste hiru pertsona gutxienez atera dira eraikinetatik. Goiza aurrera joan ahala, eguzkia berotzen hasi da. Emakume bati izerdia eta malkoak nahasten zitzaizkion kaleratu berri duten etxearen ataritik gauzak hartu eta kalearen beste aldera eramaten zituen bitartean. Harekin batera eraikinean geratzen ziren beste bi bizilagunek lagundu diote. Horiez gain, beste bi bizilagun ere agertu dira, eta objektuak auto batean sartu dituzte. Bitartean, lehenengo atarian langile batzuk betoia egiten hasi dira, ateak ixteko, eta beste batzuek burdinazko ateak soldatu dituzte. Ertzaintza inguru guztia zaintzen aritu da une oro. 10:00ak jotzeko zirela bukatu dituzte bizilagunek atarietatik kalearen bestalderako bidaiak. Izerditan zegoen emakumea kaleko banku batean eseri da, beste bizilagun batekin batera. Haien ondoan, txakurra. Alde batean, berriz, orain arte beren etxe izandako eraikinean eduki dituzten objektu guztiak, espaloiaren izkina batean pilatuta. Gauzen multzoak kontraste nabarmena egiten zuen ondoan zeukan etxe moderno berriekin. Izan ere, alkateak dioenez, auzoa «birgaitzeko» asmoa dauka udalak. Eta, segur aski, auzoak beste bizilagun batzuk izango ditu: orain arte eraikin okupatuan bizi izan direnek ezingo dituzte eremu berri horretako etxeen prezioak ordaindu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.