Mendiolako Kontzejuak berretsi egin du joan den apirilean hartu zuen erabakia: eraitsi egingo du Olarizuko gurutzea. Eraistea "legezko bideetatik soilik" egingo duela argitu du, ordea, eta adierazi du ostegunean ezezagun talde batek gurutzea eraisteko egin zuen saiakera ez datorrela bat legezko bideekin, ezta kontzejuaren erabakiarekin ere. Mendiolako Kontzejua Kutzemendiko lurren jabea da. Lur horietan dago Olarizuko gurutzea.
Osteguneko eraiste saiakeraren ostean Gorka Urtaran Gasteizko alkateak iragarri zuenez, Gasteizko Udalak gurutzea konponduko du. Dagoeneko, gurutzearen oinarria sendotzeko neurriak hartu ditu. Lan horiek gurutzearen gaineko eskumenei buruzko eztabaida piztu dute beste behin. Kontzejuak salatu du udalak "berriro" jardun duela "gurutzea eta haren inguruko lurrak bereak balira bezala". Udalari gogorarazi dio kontzejuaren baimena behar duela eremu horretan esku hartzeko. Azaldu duenez, kontzejuak udalari baimentzen dio "prebentziora eta segurtasunera bideratutako" neurriak gauzatzea, baina "etengabeko komunikazioa eta koordinazioa" eskatu dizkio. Urataran alkateak atzo adierazi zuen segurtasuna bermatzea lehentasunezko gaia dela.
Azkenik, kontzejuak eskatu du "Mendiolako Kontzejua eta Arabako kontzeju guztiak errespetatu daitezela beren eskumenen eta jabetzen gainean dagokien erabakitzeko gaitasuna, egokien deritzoten moduan, defendatzeko erabakiari dagokionez".
Olarizuko gurutzearen esanahiari buruzko eztabaida dago Gasteizko Udalaren eta Mendiolako Kontzejuaren arteko desadostasunen oinarrian. Batzuen ustez, gurutzea ikur frankista bat da, eta eraitsi egin beharko litzateke; horren alde dago, besteak beste, Mendiolako kontzejua. Beste batzuek argudiatzen dute herri ekinbideari esker egin zen ikur erlijioso bat dela, eta mantentzearen aldekoak dira, betiere testuingurua emanez, azaltzeko frankismoa gurutzearen esanahia bereganatzen saiatu zela; azken horren alde egin zuen Gasteizko udalbatzak.