Olarra eta Zelarain euskal presoen gradu progresioen kontra ebatzi du Auzitegi Nazionalak

Castro epailearen iritziz, ez da nahikoa denbora igaro horien espetxe ibilbidean halako urrats bat egiteko.

Sarek antolatuta egindako mobilizazio bat, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Sarek antolatuta egindako mobilizazio bat, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko uztailaren 27a
17:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Espainiako Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu Jon Olarra eta Oskar Zelarain euskal presoen hirugarren graduak, fiskaltzaren argudioei men eginda. Bi kasuetan, espetxeetako tratamendu batzordeen ebazpenak kontuan hartuta, Jose Luis Castro epaileak aitortu du ez dagoela presoen espetxe tratamenduan «elementu negatiborik», baina gehitu du azkarregi onartu direla progresio horiek.

Ebazpen banatan erreparatu die Espetxe Zaintzako Lehen Ataleko epaileak presoen egoerari. Olarraren kasuan, Castrok argudiatu du Gipuzkoako espetxeko tratamendu batzordeak eta Eusko Jaurlaritzak haren ibilbidearen inguruko balorazio positiboa egitea ez dela nahikoa gradu progresio bat gauzatzeko: «Zigortuaren eboluzio positiboa ikus daiteke, baina, hori garrantzitsua bada ere, ez da bere horretan hirugarren gradurako progresio bat oinarritzeko nahikoa».

Hala, gogoratu du Olarrak 30 urteko espetxe zigorra duela, eta hura 2036an beteko lukeela osorik; data hura «urrun» dago, Castroren arabera. Era berean, adierazi du izandako baimen kopuru «txikia» ez dela nahikoa, nahiz eta horiek modu «egokian» igaro, eta espetxe araudiko 100.2 artikuluaren aplikazioaren onurak ikusteko denbora gehiago behar dela.

Zelarainen kasuan ere, erabilitako argudioak antzekoak dira. Hark 2032an beteko luke zigorra osorik. Eta, berriz ere, Arabako espetxeko tratamendu batzordeek progresioaren kontra egiteko argudiorik aipatzen ez badu ere, adierazi du ez dela nahikoa denbora igaro 100.2 artikulua aplikatu zaionetik. Horrez gain, epaileak adierazi du Zelarainen kasuan oraindik ez dagoela artikulu hori baliatzeko berme judizialik, Auzitegi Nazionalak ez baitu haren inguruan ebatzi.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA