Oldarraldi judizialari buruzko ‘Argia’-ren erreportajeei eta ‘Ni.eus’-i eman dizkiete Rikardo Arregi sariak

Rikardo Arregi Kazetaritza Saria jaso du ‘Argia’-ren lanak, eta Komunikazio saria euskarazko posta eta hodei zerbitzuak. Arritxu Iribar kazetaria omendu dute.

Rikardo Arregi Kazetaritza Sariaren irabazlea eta finalistak. JON URBE / FOKU
jakes goikoetxea
2026ko azaroaren 20a
21:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Euskarafilia erauntsi bat behar dugu, euskaldunak piztu behar ditugu, esnatu egin behar dugu». Euskararen kontrako oldarraldi judizialari buruzko Argia aldizkariko erreportaje sorta bati eman diote Rikardo Arregi Kazetaritza Saria. Oldarraldiaren neurria eta eragina ikusita, euskaldunei esnatzeko eskatu die erreportajearen egileak, Zigor Olabarria kazetariak. Euskarafilia eskatu du, «euskarafobia garaian baikaude».

Rikardo Arregi sariak banatu dituzte gaur arratsaldean Andoaingo (Gipuzkoa) Bastero kulturgunean. 38. edizioa izan da aurtengoa. Andoaingo Udalak ematen ditu sariak, Eusko Jaurlaritzaren babesarekin. Argia-ren erreportaje sortari eman diote Kazetaritza saria, eta Ni.eus proiektuari Komunikazio saria. Euskarazko posta elektronikoa, hodeia eta ofimatika tresnak eskaintzen ditu. Puntueus fundazioaren, Iametza enpresaren eta Azkue fundazioaren proiektua da. Ohorezko saria, berriz, Ohorezko Mugarria alegia, Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kirol kazetari ohiari eman diote; uztailean amaitu zuen berrogei urteko ibilbidea.

Argia-ko Zigor Olabarriak, Errenteriako Udalaren (Gipuzkoa) lan eskaintza publiko batetik abiatuta, erakutsi zuen talde antolatuak daudela lan eskaintza publiko batzuetako euskara eskakizunen kontrako helegiteen atzean. Epaimahaiak nabarmendu du Olabarriarena ikerketa kazetaritzaren adibidea dela eta erreportaje horiek «inpaktu handia» izan dutela Euskal Herrian: «Euskararen etorkizunaren eztabaidarako ezinbestean jakin beharreko informazioa dago». Olabarriak jaso du saria, baina gogoratu nahi izan du lankide asko daudela erreportaje sorta horren atzean, eta hiru urteko ikerketa lanaren emaitza izan dela.

BERRIA, finalista

Kazetaritza ataleko gainerako hiru finalistak honako hauek izan dira: Aitor Garmendia, BERRIAn Ceutako (Espainia) migrazio krisiaz argitaratutako artikuluengatik eta bideoengatik; Izaro Garcia eta Ander Zarraga, Uribe Kostako (Bizkaia) Hiruka-n menopausiari buruz argitaratutako erreportajeengatik; eta Inge Mendioroz, Idoia Garzes eta Maluta Films, Lourdes Iriondo, ez gara alferrik pasako dokumentalagatik.

Rikardo Arregi kazetaritza sariak
Komunikazio sariaren irabazlea eta finalistak. JON URBE / FOKU

Erabiltzaileek eskatu zietelako sortu zuten Ni.eus, Lorea Arakistain Puntueus fundazioko Komunikazio arduradunak azaldu duenez: «Beren nortasuna adierazi nahi zuten .eus horren bitartez». Gizarte digital hobe baten alde lan egitea da haien helburua, euskaraz. Euskaldunei esnatzeko eskatu die Olabarriak; elkartzeko, berriz, Arakistainek: «Aldaketa garaia da, eta garai historikoa. Ia guztia da posible euskaraz. Ea gai garen elkarrekin aukera hori elkargune bihurtzeko». Saria jaso aurretik, finalistak oholtzara igo direnean, zerbitzuaren publizitatea egiteko baliatu du Arakistainek, eta Ni.eus-en kontua sortzeko eskatu du. 8.000 erabiltzaile baino gehiago dituzte.

Komunikazio sariko finalistak, berriz, honako hauek izan dira: EHUko Hitz ikerketa zentroaren Latxa euskarazko adimen artifizialeko eredua; Euskal Wikipediaren proiektua, Euskal Herriko historia ehun objekturen bidez kontatzekoa; eta Pantxix Bidarten eta Marie Hirigoienen Argiz(H)ari podcasta, Euskal Irratietan.

Rikardo Arregi sariak - Arritxu Iribar
Arritxu Iribar Rikardo Arregiren anaia Mikel Arregirekin. JON URBE / FOKU

Profesionaltasuna eta goxotasuna

Arritxu Iribarrek ohorezko saria jaso duen unea izan da ekitaldiko hunkigarriena. Lankide ohien, txirrindularien eta semearen lekukotzekin osatutako bideoa jarri dute saria banatu aurretik, eta denek goratu dute haren profesionaltasuna, aitzindari lana eta goxotasuna.

«Ez dakizue zer den niretzat sari hau jasotzea», esan die Iribarrek Basteron bildutakoei. Onartu du sariari baiezkoa eman eta gero buelta asko eman zizkiola buruari, ea merezi zuen galdetuz. «Zer egin dut?», galdetu du. «Ibilbidea ahalik eta ondoen bete. Euskaraz, ezin zuen bestela izan». Euskalduna, emakumea eta kirol kazetaritzan. Batzuetan bere gaitasuna aztertu dutela sentitu izan du, baina ez zitzaion axola: «profesionaltasunez» eta «goxotasunez» lan egin duela esan du.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA