Nafarroa

Ollok onartu du euskararen arloak «oraindik asko» falta duela Nafarroan «normalizatzeko»

«Eztabaida alderdikoitik urrundu» nahi du euskara Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilariak.

Ana Ollo kontseilariaren agerraldia Nafarroako Parlamentuan, gaur. BERRIA
xabier martin
2023ko irailaren 14a
12:31
Entzun

Nafarroako Gobernuko Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari Ana Ollok bere sailaren lan ildoen berri eman du Nafarroako Parlamentuan, eta, euskarari dagokionez, gobernua osatzen duten alderdien arteko ezadostasun batzuk onartu ditu, baina «eztabaida alderdikoietik urrunduta» aurrerapausoak ematea espero du legegintzaldi honetan: «Baldintzak betetzen dira, bai foru mailan, bai estatu mailan, eta baita Europan ere, legealdi honi aukera gisa aurre egiteko».

Europako Kontseiluko Adituen Batzordearen azken txostenak 2015etik Nafarroan izandako «hobekuntzak» adierazi ditu euskarari dagokionez, baina Ollok «argi» dauka gauza bat: «Oraindik asko dugu hobetzeko euskarari emandako tratamenduan, normalizaziora iritsi nahi badugu». Espainiako Estatuan eskuin muturrak hizkuntza gutxituen egoera «artifizialki polarizatu eta inboluzionatu» nahi duela gogoratu du Ollo lehendakariordeak, Balear Uharteak eta Valentzia aipatuta. «Testuinguru horretan, eztabaida eta erabilera alderdikoietatik ihes egiten duen akordio politiko baten alde egiten dut, zorroztasun teknikotik abiatuta eta prestigio handiko erakunde eta instituzioen laguntzarekin». Betiere xede batekin: «Euskararen balio soziala berreskuratzea eta hura ikastea, baita gizartean erabiltzeko aukerak berreskuratzen lagunduko diguten neurrietan aurrera egitea ere».

Edonola ere, exekutiboa osatzen duten indar politikoak (PSN, Geroa Bai eta Zurekin Nafarroa) ez dira ados jarri euskara sustatzeko abiaduran eta giltzarri diren arloetan, adibidez, zonifikazioan. Baina, hori onartzearekin batera, Ollok ukatu egin du egungo gobernu akordioa 2019koa baino apalagoa dela euskararen arloan. «Euskararen Plan Estrategikoak baliabide baliotsua izaten jarraitzen du, eta lanean jarraituko dugu, aurreko legegintzaldian adostutako planean aurrera egiteko»

EH Bilduko parlamentari Eneka Maizek «kezkak» helarazi ditu Olloren sailak izango dituen «muga gaindiezinak» direla eta «benetan aurrera egiteko». Maizek salatu du gobernuak «liskarrarekin lotua» erreparatzen diola euskarari; alegia, haren ustez, zenbait taldek «euskara talkarekin lotu dute urte askoan», eta ikuspegi hori jasotzen ei du exekutiboak euskararen arloari erreparatzen dionean. «Nafarroan pluralak gara, eta eleaniztasunak, eta euskara baztertua dago». EH Bilduren arabera, hori da abiapuntua euskararen alorrean egin behar den lanketa egiteko. Horregatik, «politika ausartagoak» eskatu dizkio Ollori, eta galdetu dio ea zer egingo duen eremu mistoan sartu nahi duten zenbait udalerriren kasuan; esaterako, Mañerurekin.

Memoria

Memoriaren arloari dagokionez, Ollo kontseilariak esan du «1936an eta frankismo garaian gaur egun arte askatasunaren eta demokraziaren balioak defendatu zituzten pertsonen historia berreskuratzen» jarraituko duela Nafarroako Gobernuak. Ollo kezkaturik azaldu da «desberdina gorrotatzen duten diskurtsoekin». Horregatik, «irmoki» aldarrikatu du «guztiekiko errespetua, baita sentitzeko eta pentsatzeko moduak desberdinak direnean ere».

Horrez gain, helarazi du hilobien mapak eguneratzen jarraituko duela exekutiboak, desobiratzeak eta identifikazioak egiten, 36ko gerran eta frankismoan hil zituzten desagertuak aurkitzeko. Frankismoaren ikurren zerrendatzeak ere aurrera egingo du, «ikur horiek desagerrarazteko Nafarroako gune publikotik». Era berean, San Cristobal gotorlekua memoriarako gune izateko ekinbideak aurrera egingo du, eta Espainiako Gobernuarekin bilera bat egingo du Nafarroak luze gabe, proiektu horri bultzada bat emateko.

Biktimei buruz luze eta zabal aritu da Ollo: «Gure lanaren protagonistak izango dira aurrerantzean ere». Akordio politikoak jaso du ETAren biktimentzako «babesa eta elkartasuna» bermatzea, baina baita «beste talde terrorista batzuen» biktimentzako ere. Biktimen egungo arazoei erantzuteko, Terrorismoaren Biktimen Foru Legearen erreforma bati ekingo dio gobernuak, «ahalik eta kontsentsu handiena bilatuz».

Era berean, funtzionarioen eta eskuin muturreko motibazio politikoaren ekintzen biktimak aitortzeko eta erreparazioa jasotzeko lanean aurrera egingo du exekutiboak, Ollo kontseilariak esan duenez. Hala, Aitortza eta Erreparazioaren Batzordea bultzatuko du gobernuak, eta «luze gabe» lehen aitortzak iritsiko direla iragarri du. Politika horiek guztiak Nafarroako 2021-2024ko Bizikidetzarako I. Plan Estrategikoaren garapenaren itxieran eta II. Planean landuko dira. «Plan hori ahalik eta adostasun eta parte hartzerik handienarekin egin beharko dugu», esan du kontseilariak.

Horrez gain, Rozalejo izango da, azkenean, memoriaren eta bizikidetzaren arloko politika publikoen egoitza. «Apustu garrantzitsua da Memoriaren Institutuari eta Memoriaren eta Bizikidetzaren Zuzendaritza Nagusiari egoitza finko eta sinbolikoa ematea», esan du Ollok. 2025. urtearen hasieran prest egongo dela aurreikusi dute. Halaber, Memoriako kontseilariak azpimarratu du Erorien Monumentuaren etorkizunean «lanean» hasiko dela haren saila, Iruñeko Udalarekin lankidetzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.