Hiru hilabete eskas igaro dira Javier de Andresek Arabako foru aldundiko aginte makila eskuratu zuenetik. Oposizioko taldeekin akordioak lortzeko aukera ikusten du, baina Bilduk ez dio «konfiantzarik» ematen.
Nolakoa izaten ari da agintaldiaren hasiera?
Alde negatiboa eta positiboa dauka. Alde txarra egoera ekonomikoa da, krisialdi ekonomikoak legealdi osorako pausoak baldintzatuko dituelako. Baina alde positiboa ere badago, giro politikoa aurreko urteetakoa baino hobea delako. Ardura gehiagorekin aritzen gara alderdi guztiok, denok jabetu baikara elkarrizketaren bidetik arazoak konpondu behar ditugula eta erantzukizunez jokatu behar dugula.
Nolakoa da foru gobernuak oposizioko taldeekin duen harremana?
Ona. Elkar ulertzea posible egiten ari gara, eta akordioak egiten ari gara. Pozik nago, arlo askotan bat egiteko aukera ikusten dudalako.
Bildurekin ere akordioak lortzeko aukera ikusten duzu?
Bilduk ez digu konfiantzarik ematen. Koalizio berria da, eta apenas ezagutzen dugun. Ez digu konfiantzarik ematen ez haren jatorriak, ez haren proiektu politikoak. Hala ere, Bildurekin zenbait alorretan bat egin dezakegu, beste edozein alderdirekinbezala.
Javier Maroto Gasteizko alkateak akordio garrantzitsuak lortu ditu Bildurekin hainbat proiekturen inguruan. Nola ikusten duzu?
BAI Center egitasmoa gelditzeko bi alderdiak bat etortzea kointzidentzia bat izan da, alkateak ezinezkoa zuelako gainerako alderdiekin ados jartzea. Normal ikusten dut horretan ados jarri izana.
Arabako langabezia tasa jaistea jarri duzu legealdirako erronka nagusitzat.
Konpondu beharreko lehen arazoa da langabeziarena. Administrazioaren kudeaketan ere arazo handiak sortzen ditu langabeziak, diru gutxiago biltzen denez politika asko garatu ezinik geratzen direlako, eta laguntza gehiago eman behar direnez, kostu osagarriak sortzen direlako.
Eta nola egin nahi diozue aurre langabeziari?
Argi izan behar dugu enplegua gizarteak berak sortzen duela, ez administrazioak. Horregatik, erraztasunak eman behar zaizkie ekimena duten pertsonei eta proiektu ekonomiko bat martxan jartzeko dirua jartzen dutenei. Dirua inbertitzen duten horien alde egin behar dugu, eta konbentzitu behar dugu Araba lurralde egokia dela enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen dituzten proiektuetan inbertitzeko.
Ez duzue zergak igotzeko asmorik. Orduan, nola egingo diozue aurre diru bilketaren jaitsierari?
Aurrezkiari zergak igotzen badizkiogu, administrazioak diru gehiago bilduko du, eta arazo batzuei konponbidea emango diegu, baina, aldi berean, inbertsioak behera egingo du, eta, ondorioz, enplegu gutxiago sortuko da. Hortaz, tentu handiz aztertu beharreko gaia da hori, herritarrei zergak igotzen bazaizkie behera egingo duelako kontsumoak, inbertsiorako ekimenak eta erosteko gaitasunak. Egokiena da erdibidea bilatzea eta gizarteak duen arazoa konpontzea. Administrazioen defizita krisiaren ondorioa da, ez jatorria, eta krisiaren ondorio kaltegarriena langabezia da. Ziur naiz langabeziaren arazoa ez dela konponduko zergak igota; areago, zergak gehiegi igotzeak langabezi tasa handitzea ekar dezake.
Nafarroako gobernuak Ondarearen Gaineko Zerga berrezarri du.Hemen zergatik ez da posible?
Uste dut UPNk hartu duen erabakian zerikusi handia izan duela PSN gobernukideak, ez baita ahaztu behar sozialistek zerga hori onartu berri dutela Madrilen.
Baina Araban zergatik ez?
Ezin dugu Kontzertu Ekonomikoa eta zerga sistema erabili gure inguruko lurraldeetan baino baldintza kaskarragoak ezartzeko. Soseguz jokatu behar dugu, eta, ingurukoek egiten dutenaren arabera, gure erabakiak hartu. Gainera, Ondarearen Gaineko Zergak ez ditu konponduko administrazioaren eta langabeziaren arazoak. Arabako Diputazioaren defizitaren %1,5 baino ez litzateke konponduko Ondarearen Gaineko Zergaren bitartez. Kopuru hori ez da gutxiesteko modukoa, ez, baina %1,5 baino ez da.
Posible ikusten duzu zerga sisteman akordioa lortzea hiru aldundien eta Jaurlaritzaren artean?
Antza denez, Bilduk ez du akordiorik nahi, eta bost axola dio harmonizazio fiskalak. Jarrera horrekin ezinezkoada akordioa lortzea. Ordea, bakoitzak zerbaitetan amore ematen badu, posible izango da akordioa egitea. Arabako foru gobernua elkarguneak lortzeko prest dago.
«Ondarearen gaineko zergak ez du konponduko langabeziaren arazoa»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu