Bi urteko lanaren ondotik, azken bozkaren tenorea iritsi da gaur goizean: sexu erasoen definizio penalean «onespen libre eta argituaren» nozioa gehitzearen alde agertu da Frantziako Senatua. Nahiz Asanblea Nazionala baino kontserbadoreagoa izan Senatua, aurreikus zitekeen bozkaren norabidea, iragan asteetan jadanik aldaketa horren alde egin baitzuen legebiltzarreko eta senatuko ordezkariak biltzen dituen batzorde parekideak. Lege proposamenak trenkatzen duen definizio berriarekin, orain, Ipar Euskal Herrian ere «onespen libre eta argitua» aplikatuko zaio sexu erasoen definizioari. Hego Euskal Herrian 2022ko urriaren 7an sartu zen indarrean antzerako neurria, Espainiak soilik baietz da baietz legea onartu eta zigor kodea moldatu zuelarik.
Lehen ez bezala, orain, edozein sexu eraso definitua izanen da «onetsia izan ez den sexu ekintza» gisa: «Onespena librea eta argitua da, aitzinetik adierazia eta ezeztatzen ahal dena; ezin litzateke isiltasun soilarekin ondorioztatua izan, ezta biktimaren erreakziorik ezarekin ere». Definizio berriaren eta lehengoaren artean desberdintasun nabarmena dago, definizio berriak barne hartuko baititu, adibidez, beldurraren eta harriduraren ondorioz blokeatuak egon diren biktimak.
Izan ere, hau zen orain arteko definizioa: «Onespenik ez dago sexu ekintza bortizkeriaz, bortxaz, mehatxupean edo sorpresaz egina badago». Erronka sexu eraso baten karaktere sexualaren eta bortitzaren artean egon daitekeen ñabardura kontuan hartzea da: sexu eraso bat bortizkeria ikusgarririk gabe gertatu daiteke, baina mota horretako erasoa izanik ere erasoa gelditzen delako halere.
Zigor berririk ez
Lege testuak sexu erasoen definizioa aldatzen du, baina ez die zigorrei aldaketa berezirik ekarriko. Arau haustearen izendapena berrikusia da, baina ez zuzenean arau hausteari egokitzen zaion kondena: jadanik aurreikusiak diren zigorrak aplikatuko dira, baina definizioaren moldatzeak ondorio gisa ekar lezake orain arteko definizioarekin hain errazki identifikatuak ez ziren sexu ekintzak definizio berriarekin hobeki kontuan hartu eta kondenatzea.
Marie-Charlotte Garin eta Veronique Riotton diputatuek aitzina eraman zuten lege proposamena: Frantziako Berdeetakoa da lehena, eta makronista bigarrena; hain zuzen, alderdi desberdinek bultzatua izan da proposamena hasieratik. Aurtengo urtarrilean aurkeztu zuten proposamena Asanblean, parlamentuko txosten bat aurkeztua izan zen egun berean, zeinak aholkatzen baitzuen onespenaren nozioa definizio horretan txertatzea. Ipar Euskal Herriko datu zehatzik ez dago, baina Frantzian, bi minutu oro, sexu erasoak jasaten ditu norbaitek; hamarren gain zortzi pertsonak uko egiten diote salaketa jartzeari indarkeriak familiatik kanpo gertatzen diren kasuetan. Guti gorabehera, kasik biktimen laurdenak uste du «deus ez» lukeela ekarriko: salaketen %73 segidarik gabe geratzen dira.
Zenbaki horiek guziak gogora ekarri zituzten bi txostengileek, eta Liberation egunkariak jaso, azpimarratzeko gaur egungo legediak ez duela «aski zigortzen» eta ez diela «gizartearen eskakizunei erantzuten». Azkenerako, Senatuan aho batez bozkatu dute lege proposamena goizean. Halere, zehaztekoa da Emmanuel Macron Frantziako presidenteak uko egin ziola aldaketa horri 2022an, Europaren direktiba baten harira.
Desadostasun batzuk
Oro har, aitzinamendutzat jo dute azken bozka, nahiz zenbait elkarte feministak dudak agertu dituzten neurriaren eraginkortasunari begira. 2024ko martxoan abortua Frantziako Konstituzioan sartu zutelarik, konparazione, anitzez ere olde argiagoa eragin zuen, lege testuari nolabaiteko garrantzia eta segurtasuna ematen baitzion, eta, bestalde, konkretuagoa dela abortatzeko askatasuna bera, nahiz beste urratsik egin daitekeen aitzina gai horrekin ere, eskubide oso bilakatu dadin, adibidez.
Sexu erasoaren definizioaren berrikuspenari dagokionez, batzuek badute ustea, hala nola Frantziako Bortxaketaren Kontrako Kolektibo Feministak, sexu erasoen epaitzeko momentuan gertatzen diren arazoak ez direla lotuak onespenaren nozioari, baizik eraso horien inguruan dagoen ikuspuntuari. Zehazkiago, beldur dira lege berriak ez ote dituen ikertzaileen galderak funtsean baino forman bakarrik aldatuko: hots, gizonari galdegin ordez emaztearen onespenaren segurtatzeaz arduratu denetz, ez ote zaionetz emazteari galdeginen bere onespena eman ote dion.
Garin eta Riotton txostengile ekologista eta makronistak, halere, nehoiz baino kontentago atera dira Senatuko bozkatzetik goizean. Liberation egunkariak jaso duenaz beti, Garinek «bozkatze historikoa» txalotu du: «Biktimendako, emazteendako eta baita justiziak gizarteari ekar diezaiokeen esperantzarendako ere, dela berdintasunerako edo inpunitatearen amaitzerako». Riotton lankideak erreakzioa osatu dio: «Epe laburrean bi helburu nagusi daude orain: ibilbide penala eta ikertzaileak hobeki tresnatu, denendako zabalkunde sozial eta hezitzailea izan dezan».
Ibilbide penala eta polizia inkesten ikertzaileak hobeki tresnatzearen erronkari dagokio, justuki, Bortxaketaren Kontrako Kolektibo Feministaren arrangura: horien ustez arazoa ez baitagokio sexualitateari baizik eta «harrapakaritza» sistema bati, hots, biktimen zerbitzuan baino erasotzaileen mesedetan funtzionatzen duen sistema judizial bati. Halaber, emazteen kontrako indarkeriari erantzuteko lege oso baten beharraren aldarrikapenak aitzina eginen du: Frantziako Berdintasun ministro Aurore Bergek lege testuaren lehen bertsio bat azaroan aurkeztekoa du.
Urteak dira horren eskatzen dabiltzala feministak, hala Ipar Euskal Herrian nola Frantzian. Hego Euskal Herrian jadanik badago lege integralik, baina oro har gehiagoren esperoan daude alde bietan, hots, indarkeria matxistaren mota guztiak barne hartuko lituzkeen arau oso baten esperoan.