Zigor murrizketek lanbrotutako paradigma aldaketa

Espainiako 'soilik baietz da baietz' legean jasotakoaren antzera, onespenean oinarrituta definitu ditu Frantziak sexu erasoak. Espainiako legeak, baina, bestelako aldaketak eta polemikak ekarri zituen.

'Soilik baietz da baietz' leloa duen kartel bat, mobilizazio feminista batean. RAUL CARO / EFE
'Soilik baietz da baietz' leloa duen kartel bat, mobilizazio feminista batean. RAUL CARO / EFE
Maite Asensio Lozano.
2025eko urriaren 30a
18:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eztabaida sutsuak eta askotarikoak eragin zituen soilik baietz da baietz legeak Espainiako Kongresuan landu bitartean eta indarrean sartu ondoren, baina, behin zarata mediatikoa isilduta, denborak adierazi du onespenaren kontzeptua oinarrian jartzeak bazuela zentzua: ildo horixe hartu dute Europan sexu bortizkeriaren alorrean onartu diren lege aurreratuenek. Hego Euskal Herrian indarrean den araua, ordea, aldatu behar izan zuten onartu eta urte erdira, zigor murrizketek bultzatuta. Eta onespenaren zentralitatea zalantzan geratu zen, jatorrizko legearen defendatzaileen ustez.

Sexu erasoek antzeko definizio juridikoa izango dute Euskal Herri osoan. Onespena izango dute oinarrian. Iparraldean, «onetsia izan ez den sexu ekintza» hartuko dute sexu erasotzat; Hegoaldean, «beste pertsona baten sexu askatasunaren aurka haren onespenik gabe egiten diren jardun guztiak» dira erasoak. Sexu Askatasuna Erabat Bermatzeko Lege Organikoaren bidez, «paradigma aldaketa bat» bultzatu nahi zuen Espainiako Berdintasun Ministerioak, bertako aholkulari Maria Naredok BERRIAri azaldu zionez: «Arretagunea onespenean jartzea, eta ez azpiratzean: argi uztea onespenik gabeko jardunak sexu eraso direla; beste elementuak —bortxarik edo larderiarik izan al zen, adibidez— garrantzitsuak izan daitezke zigorrari neurria ematean, baina ez dira zentralak, onespena delako zentrala. Hala, arretagunea biktimatik kenduko dugu, ez baitugu aztertuko zer egin zuen erasoa geldiarazteko. Horixe zen azpiratzearen paradigma, eta legeak gainditu egin du».

Zigor sisteman ere, aldaketak

Frantzian ez bezala, Espainian, definizio aldaketarekin batera, zigor sistema ere moldatu zuten. Aurreko legediak sexu abusuak eta erasoak bereizten zituen, baina testu berrian bereizketa hura ezabatu egin zuten, eta zigor tarte zabalagoak ezarri zituzten: erasoan sarketarik izan den ala ez kontuan hartu behar zen, eta larrigarriak aplikatu —antzeko sistema daukate Frantziako Estatuan egun—. Horrek, ordea, interpretazio tarte zabala eman zien epaileei, eta nahi gabeko ondorio bat ekarri zuen: zigor kodea aldatzen den aldiro gertatzen denez, kondenak berraztertu egin zituzten, eta horietako asko, murriztu. Kexak ez ziren gutxi izan, kopuruak ere hala zirelako: legea indarrean sartu eta zortzi hilabetera, 2.300 zigor inguru berrikusi zituzten, eta milatik gora apaldu; gainera, ehun erasotzailek baino gehiagok kartzelatik irtetea lortu zuten.

Espainiako Gobernuaren barruan talka handiak ekarri zituen auziak: PSOErentzat akats bat zuen legeak, eta Unidas Podemosentzat, berriz, epaileak ari ziren gaizki, lege berria paradigma zaharretik aplikatzen. Ordurako, gainera, feminismo instituzionalaren lidergoa lortzeko borrokatzen ari ziren bi alderdiak, eta bien arteko amildegia are gehiago zabaldu zuen legearen aferak. Zigor murrizketen arrazoietan ados jarri ezin, eta konponbidean ere ez. PSOEk bere kabuz aurkeztu zuen legea erreformatzeko proposamena, eta PPren babesarekin onartu zuen Kongresuan.

Testuan, zigor tarteei beste mailaketa bat erantsi zieten, eta aurreko legediko bi kontzeptu berreskuratu zituzten: indarkeria eta larderia. Adibidez: sarketarik gabeko erasoetan, zigorra urtebete eta lau urte artekoa izan daiteke, soilik baietz da baietz legeak ezarritako tartean; baina indarkeria, larderia edo borondate baliogabetzea baldin badago, zigorra urtebete eta bost urte artekoa izan daiteke —aurreko Zigor Kodeak jasotzen zuen bezala—. «Aurreko sistemara itzultzea» egotzi zien sozialistei Berdintasun Ministerioak, biktimentzat «froga kalbario bat» bueltan ekartzea. Lege aldaketa onartu ondoren ere izan ziren kondena murrizketa batzuk, baina zalapartak ez zuen askoz luzeago iraun.

Dinamika patriarkalen inguruko kezka

Legearen inguruko eztabaidak balio izan zuen soilik baietz da baietz leloaren pedagogia zabaltzeko eta barneratzeko, baina, era berean, agerian utzi zuen justizia sisteman oraindik badirela dinamika patriarkal ugari, eta kalte handia egin dezaketela. Frantziako feministek hango lege berriaren inguruan agertu dituzten zalantzak ez dira alferrikakoak: auzitegietan legea interpretatuko dutenak zein paradigmatik arituko diren planteatu dute. Ea onespenaren printzipioa egiaz hartuko den oinarri gisa, ala definizio juridiko berria paperetara mugatuko den, eta aurrerantzean ere emakumeei galdetuko ote dieten onespena argi adierazi al zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.