PSOEk proposatu duen zuzenketak, onespenari zentralitatea kendu, eta sexu erasoak gauzatzen diren moduari ematen dio garrantzia. Hori uste dute Kode penalean onespen sexualaren zentralitatea defendatzeko manifestua sinatu duten kolektibo eta legelari feministek. Hain zuzen, gaur eta bihar Espainiako Kongresuko batzordean aztertuko dituzte legearen zuzenketak, eta ostegunean PSOEren proposamena onartuko dutela aurreikusten da. Egun horretan protesta egiteko deia ere egin dute manifestuaren sinatzaileek, eta kongresuko alderdi politikoei eskatu diete «onespenaren zentralitatea» bermatzen duten egokitzapenak soilik onartzeko. Euskal Herriko zenbait eragile eta norbanakok ere sinatu dute manifestua; besteak beste, Garaipen talde feminista antiarrazistak, Feministalde eta Marimatraka talde feministek, Euskal Herriko Bilgune Feministak, Argitan Barakaldoko emakumeen aholkularitzako zentroak, Bizkaiko Emakumeen Asanbladak, Nerea Barjola feminismo eta genero doktoreak eta Nagore Iturrioz Steilaseko bozeramaileak.
Hala ere, hainbat hedabidek zabaldu dutenez, PSOE hasia da PPrekin negoziatzen ostegunean onartzekoak diren proposamenaren inguruan eta alderdi popularrak aurkeztutako zuzenketen inguruan, gero haren botoekin erreforma aurrera ateratzeko. PSOEk, otsailaren 6an aurkeztu zuen lege proposamenaren bidez, eskatu du berriz indarrean jartzea soilik baietz da baietz legea indarrean sartu aurreko zigor arautegia; hau da, zigorrak handitzea, indarkeria edota intimidazioa dagoen eraso sexualen kasuetan.
Legelari feministek defendatu dute aldaketa horrekin biktimak berriro erakutsi beharko duela indarkeria edo intimidazioa egon dela, eta legea onespenaren kontzeptuaren bueltan eraikitzearen garrantzia azpimarratu dute: «Onespenaren kontzeptua berriz formulatzeak paradigma asko aldatzea dakar indarkeria sexualen ulermenean, definizioan eta esanahian, orain onespenik eza baita askatasun sexuala bortxatu dela pentsatzeko baldintza bakarra».
Horrez gain, azaldu dute kontzeptu horrek gaitasuna ematen duela ulertzeko zein konplexuak diren biktimek indarkeria sexualaren aurrean ematen dituzten erantzun psikologiko eta erreakzioak: «Izan ere, erreakzio horien ondorioz, askotan pertsona horiek ez dira gai izaten ez baietzik ez ezetzik esateko».
PSOEren proposamenak legeari arlo horretan egingo liokeen kalteaz ohartarazi dute: «Onespenaren zentralitatea ezabatuko zuen askatasun sexualaren aurkako delituak definitzeko elementu gisa; izan ere, erreformak elementu gehigarriak sartzen ditu sexu erasoen definizioan, indarkeria barne, eta horrek murriztu egiten du adostasunak indarkeria horien definizioan duen eragina».
Zigorrak igotzea eta beste azpimota penal bat
Hain zuzen, PSOEk proposatu du indarkeria edo larderia dagoen kasuetarako beste azpitipo penal bat sortzea sexu erasoen delituen barnean. Unidas Podemosek, berriz, indarkeria eta larderia zigorraren larrigarri gisa erabiltzea proposatu du. Monterok adierazi duenez, onespenak izan beharko luke sexu harremanak sexu erasotik bereizteko elementu nagusia, «indarkeriarik edo larderiarik gabe ere».
Egungo legean erasotzat hartzen dira lehen abusutzat jotzen ziren delituak, eta kartzela zigor apalagoak ezarri dira erasotzat jota ere delitu arinagoak diren horientzat. Zigorren jaitsiera orokor horri heldu diote epaile batzuek Espainiako Estatuan zigortutako 700 presori baino gehiagori zigorrak arintzeko, eta egoera horrek ekarri duen presioak bultzatu du PSOE legearen aldaketa eskatzera, eta Berdintasun Ministerioak lege berriarekin finkatutako zigorrak igotzera.
«Zigorrik txikiena ezartzeko joera»
Hala ere, Maria Naredo Espainiako Berdintasun Ministerioaren aholkulariak BERRIAri adierazi zionez, zigorrik txikiena jartzeko joera izan da nagusi kondenen berrikuspen horretan, lehenagotik egiten zen bezala: «Orain ere kezkagarria da epaitegi batzuk propio ari direla arrakalak bilatzen. Adibidez: ebazpen batzuetan, zigorrak jaitsi dituzte argudiatuz autoritate abusua destipifikatu dela, lege berrian nagusitasun egoeraz abusatzea esaten zaiolako. Jurisprudentziak dio legegilearen izpirituari begiratu behar zaiola: autoritate abusua destipifikatu nahi zuen, esan bazuen onespenik gabeko jardun oro erasoa dela?».
Hori bera salatu dute gaur kaleratu duten manifestuan; berrikusi diren kasuetan zigor txikiena ezartzeko joera egon dela, eta, lege aldaketarekin, kasua berriro aztertu eta zigor egokiena zein izan daitekeen zehaztu beharrean, automatikoki lege berriak ezartzen zituen zigorretatik txikiena aplikatu zaiela. Bide horretatik, manifestuan azaldu dute, PSOEren proposamena ez dela eraginkorra, zigor altuagoak ezartzeko aukera zabaltzen duelako, baina zigor minimoak bere horretan mantenduta: «Berrikuspen gehienak indarkeria edo larderia frogatu ez ziren kasuetan egin dira, eta ezarritako zigorra ezarri ahal zen txikiena zen».
«Alarma soziala»
Sinatu duten testuan, feministek salatu dute Berdintasun Ministerioaren legeak ez duela behar bezala aplikatzeko denborarik izan. Hain zuzen, uste dute ezez, jasotako «erasoak ikusirik», PSOEren erreformak «gizartearentzako lasaigarri» izateko funtzioa duela, «legegintza teknika» alde batera utzita. Izan ere, legearen inguruan «alarma soziala» piztu dutela salatu dute: «Indarkeria sexuala jasan duten biktimak manipulatu eta erabiltzearen ondorioz, egiturazko beldur sexual gehiago agertu dira, eta estrategia erreakzionario gisa funtzionatu duen alarma sozial bat sortu da. Lege proposamenak ez du eragotziko alarma hori eragin zuten zigorrak murriztea. Lortu duena zera da, eztabaida praxi judizialean zentratu dadin eragoztea, eta hori izan da, hain zuzen, zigorrak murrizteko arrazoi nagusia».