Iritsi da pertsona bat Errumaniatik, Boliviatik, Senegaletik Euskal Herrira. Iritsi da pertsona bat Marokotik, Kolonbiatik, Perutik Kataluniara. Nola ikusarazi badela hizkuntza gutxiagotu bat, eta, are, lagungarri izango zaiola integraziorako? Eta nola lagundu hura ikasteko bidea urra dezan? Immigrazioak hainbat erronka dakartza hizkuntza gutxituak dituzten herrialdeetara, eta Euskal Herria ez da salbuespena. Nola izan harrera herri eta euskara harrera hizkuntza aztertuko dute gaur eta bihar Ongi etorri euskararen mundura. II. Harrera jardunaldiak deitutakoetan, Bilbon, Euskalgintzaren Kontseiluak eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak antolatuta.
Horretarako, gaur goizean, Katalunia izan dute eredu, besteak beste. Vanessa Bretxa i Riera Kataluniako Generalitateko Katalanaren Ezagutza Eskuratzeko eta Erabilera Sustatzeko zuzendari nagusiak hartu du hitza. Hasteko, egoeraren argazki bat egin du, neurria hartzeko: gaur egun, urtero 275.000 pertsona iristen dira Kataluniara —urtez urte handituz doa kopurua—, eta Kataluniako hamar biztanletik lau handik kanpo jaiotakoak dira. «Katalunia bada igarobide bat, baina bada harrera egiten duen herrialde bat ere». Eta hizkuntzarako ongietorria ere ematen diete. Nahietako bat da guztiei katalana irakastea: «Iristen den orori irakatsi behar diozu». Migratzaileek gogoa izan badute: «Atzerrian jaiotakoen artean, 900.000 pertsonak esan digute katalana ikasteko interesa dutela».
«Atzerrian jaiotakoen artean, 900.000 pertsonak esan digute katalana ikasteko interesa dutela»
VANESSA BRETXA I RIERAKataluniako Generalitateko Katalanaren Ezagutza Eskuratzeko eta Erabilera Sustatzeko zuzendaria
Interesa, gogoa eta beharra. Izan ere, Bretxa i Rierak azaldu duenez, araututa ere badago. Orain arte, Kataluniara iritsi eta bere egoera erregularizatu nahi zuen orori errotze txostena eskatzen zitzaion, eta horrek hizkuntza eskakizuna zuen: 45 orduko katalan ikastaro bat egitea edo A1 maila ziurtatzea; aurten, baina, beste araudi bat onartu dute, eta, aurrerantzean, lan kontraturik gabe formakuntza-eta jasotzera bakarrik doazen horiei eskatuko zaie, baldin eta familia loturarik ez badute. Gainerakoak salbuetsita egongo dira. «Ikusten ari gara zer egin egoera berri honi aurre egiteko».
Nazio ituna katalanarentzat
Mugarri bat ere izan du hizpide Bretxa i Rierak: Hizkuntzaren aldeko itun nazionala; maiatzean sinatu berri dute: «Zaila izan da adostea; urteak eta urteak eman ditugu honetan». Ituna abiapuntu bat da, bide orri bat. Badute diagnostiko bat; «lehen aldiz» jaso dute idatziz nolakoa den egoera.
Baina argazkitik, diagnostikotik harago joan dira: «Helburu eta neurri batzuk jasota daude, nor den arduraduna eta zer aurrekontu izango duen». Eta baditu bederatzi «ortzi muga». Bat: hizkuntza politikak modua ematea katalanaren erronkak gainditzeko. Eta ñabartu du: «Hizkuntza politika ez du Hizkuntza Politikako Sailak bakarrik egiten: zeharlerrotasunez landu behar da». Bi: «Beste 100.000 katalan hiztun lortu nahi ditugu urtean. Azken datuen arabera, 50.000 hiztun ari gara lortzen». Hiru: hizkuntzak erabat ofiziala izan behar duela, eta, beraz, bermatu behar dela «maila guztietan» egongo dela administrazioan, justizian, enpresetan... Lau: hezkuntza sisteman eta unibertsitatean hizkuntzarako «erabateko sarbidea» bermatzea eta erabilera sustatzea; «ikusten ari gara erabilera atzera egiten ari dela, nabarmen». Bost: helduen irakaskuntza eta erabilera bultzatzea. Sei: lan munduan erabilera, ikaskuntza eta egiaztatzeak bermatzea. Zazpi: eskaintza kulturala aberatsa, askotarikoa, erakargarria... izatea. Zortzi: hizkuntza «partekatua eta osatua» izatea. Eta bederatzi: hizkuntzarekin konprometitutako gizarte bat izatea.
Bretxa i Rieraren irudiko, bosgarren eta seigarren puntuek dute loturarik zuzenena harrerarekin. Eta horiek aletu ditu beren-beregi. Helduen irakaskuntzari dagokionez, katalana ikasteko aukera andana dago gaur egun: A1etik C2ra, hizkuntzaren normalizaziorako partzuergoko zentroetan —4.800 ikastaro eta 100.000 ikasle dituzte—; badituzte helduen formakuntzarako zentroak ere —askotan, alfabetatzea ere lantzen dute, alfabetatu gabeko pertsonak iristen zaizkielako—; hizkuntza eskola ofizialetan ere ikas daiteke katalana; eta unibertsitate guztietan ere ikastaroak eskaintzen dituzte doan. Ez hori guztia soilik: badituzte mintzapraktikak, nork bere kasa ikasteko plataforma bat eta lanketa bat propio osasun sistemako langileekin —1.640 osasun langilek ehun orduko ikastaroa egin zuten iaz—, besteak beste. Gainera, enpresei ere erreparatu diete bereziki, sindikatuek eta patronalek egin dizkietelako eskeak: «Hizkuntza proiektuak abian jartzen dituzten enpresentzat, adibidez, diru laguntzak jarri ditugu».
Badute erronkarik, ordea. Esaterako, irakasleak falta dituzte: «Katalan irakasleak falta zaizkigu, eta kanpaina bat jarri dugu abian; diru laguntzak jarri ditugu Katalan Filologia ikasteko». Beste egitekoetako bat koordinazio falta da: «Egitasmo asko daude, baina koordinazioa falta da. Ikuspegi globalagoa izan beharko genuke, harrera hobea egin ahal izateko». Eta denengana ezin iritsita ari dira: «Ikusten ari gara eskaintzak ez duela asetzen eskaria; 8.000 pertsona daude ikastaro bat egin ezinean». Ikastaroen eskaintza zabaltzea, ikasten hasten direnek denbora gehiagoan jarraitzea eta landa eremuetara hobeto iristea ere badute xede, besteak beste.
«Ikusten ari gara eskaintzak ez duela asetzen eskaria; 8.000 pertsona daude ikastaro bat egin ezinean»
VANESSA BRETXA I RIERA Kataluniako Generalitateko Katalanaren Ezagutza Eskuratzeko eta Erabilera Sustatzeko zuzendaria
Haurrei ere abegi
Hori, helduei dagokienez. Baina zer egiten dute haur bat iristen denean katalanera hurbil dadin? Batetik, harrera gelak dituzten ikastetxeetan bertan; umeak ordu batzuk pasatzen ditu ikasgela horietan, eta beste batzuk ikasgela arruntean. Bestetik, proba pilotu bat ere jarri dute martxan Bartzelonan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzarako: harrera gela trinkoak. Horiek ez daude eskoletan, eta propio katalana ikasten aritzen dira ikasleak lau hilabetez, astean 30 orduan, gela arruntetan sartzerako. Fruituak ikusten ari dira: 2023-2024ko ikasturtean, lau ikasletik hiruk erdietsi zuten A2 maila. Beste proiektu bat ere «oso ongi» ari da funtzionatzen: ikasle iritsi berriek mentore batzuk dauzkate —unibertsitateko ikasleak dira—, eta astean hiru orduz elkartzen dira katalanaren erabilera bultzatzeko.