Jose Luis Calama Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak jaso du AVTren salaketa. Elkartearen arabera, "terrorismoa goratzea" izan ziren joan den asteburuan bi euskal preso ohiri egindako harrerak.
Larunbatean, harrera egin zioten Hernani jaioterrian (Gipuzkoa) Jose Jabier Zabaleta Baldo-ri, 29 urteren ondoren libre irten ostean. Bestea igandean izan zen Oñatin (Gipuzkoa); 22 urteko kartzela zigorra beteta aske gelditu zen Xabier Ugarte. AVTk ez ezik, Covite biktima elkarteak ere salaketa jarri du harrera horien harira.
Kasua Calama instrukzio epaileari iritsi zaio, eta diligentziak hastea erabaki du. Fiskaltzari egin dio kontsulta, kasua Auzitegi Nazionalean ikertzeko modukoa ote den. Hala izatekotan, zer diligentzia egin eskatzeko agindu dio. Gogoan izatekoa da Espainiako Gobernuak bi ekitaldiak ikertzeko eskatua diola fiskaltzari.
Asteburuko harrera ekitaldiek zeresan handia eman dute. Alderdi politiko gehienek gogor egin dute horien aurka, eta Foro Soziala ere mintzatu da gaiaren inguruan: ongietorriak "zatiketarako elementuak" direla esan du, eta biktimei "min erantsia" sortzen dietela. Foroak ohartarazi du ekitaldi horiek "arriskuan" jartzen dituztela "presoen alorrean dauden kontsentsuak", eta, horregatik, harrerak "gune itxietan" egiteko galdegin du.