Zenbait presok eta preso ohik agiri bat izenpetu dute ongietorrien auziko epaiketan izandako akordioari buruz, eta Aske antolakundearen eskutik agerraldi bat egin dute Arrasaten (Gipuzkoa) horren berri emateko. Kritiko azaldu dira aipatutako akordioaren inguruan: haien ustez, «Euskal Herriaren aldeko borrokaren zilegitasuna» auzitan jartzen du akordioak, eta «atea parez pare» irekitzen dio borroka horrekin bat egiten dutenen kontrako etorkizuneko jazarpenari.
Orotara, gaur egun espetxean dauden 11 presok eta ehun preso ohik izenpetu dute agiria. Haien ustez, akordioa eta «bakearen izenean» aspaldi honetan ematen ari diren beste zenbait «ustezko pauso» ez dira neurri juridiko hutsak, ezpada «askapen borrokaren zilegitasuna ukatzen jarraitzeko» urratsak eta Espainiak eta Frantziak Euskal Herria azpiratzeko estrategiaren parte: «Borreroaren egia geure egin, eta jazarpenean tematuta daudenei ateak parez pare irekitzen dizkie akordioak, maila juridikoan, ideologikoan zein diskurtsiboan».
Azaldu dutenez, akordioak «Euskal Herriaren askapenaren aldeko borrokaren kriminalizazioa eta etsaiaren egiaren inposizioa» dakar. Baina aurrera begira ere, borroka horrekin bat egiten dutenen kontrako etorkizuneko jazarpena «elikatzen» duelakoan daude, uste baitute «borrokak aurrera egiten duen neurrian estatuen jazarpena eta ondorio errepresiboak areagotu» egingo direla.
Horregatik, «kezka eta larritasuna» azaldu dute azken bolada honetan alor horretan egindako urratsak direla eta. Elkartasuna adierazi diete euren militantzia politikoaren ondorioz jazarpena pairatutako guztiei, eta dei egin dute «Euskal Herriaren askapen borrokan» murgiltzeko.
Erlazionatuta