Osakidetza hobetuko duen osasun itun bat adostu nahian ari dira Eusko Jaurlaritza, alderdi politikoak, sindikatuak eta osasun arloko eragile nagusiak osasun mahaian, eta hilaren 27rako nahi du gobernuak akordioa ixtea. OPA Osasun Publikoa Aurrera herri plataforma hasiera-hasieratik agertu da itun horren aurka, bai prozeduragatik beragatik —Jaurlaritzak mahaitik at utzi ditu plataformako ordezkariak—, bai edukiagatik ere —salatu du ez dagoela osasun publikoa indartzeko benetako asmorik—.
Osasun mahaiaren lanak azken txanpan dauden honetan, osasun publikoa ardatz izango duen proposamen bat ondu du plataformak: lehen mailako arreta lehenetsi, eta pribatizazioaren aurkako neurriak jaso dituzte dokumentu batean. Osasun eredu berri baterako «bide orri serioa» dela azpimarratu dute Kontxi Rebollok, Jose Ignacio Martinezek eta Juan Minnerrek, plataformaren izenean.
Osasun mahaiaren zortzi hilabeteko lanen balantze oso negatiboa egin dute plataformakoek agerraldi batean. Salatu dute «gardentasunik eza» nagusi izan dela eta pribatizazioaren aurkako ahotsak baztertu dituztela; aldiz, lehenetsi egin dituztela osasunarekin «negozioa» egiteko interesa dutenak, hala nola unibertsitate pribatuak eta Confebask. Hala, ituna lantzeko prozesuarekin kritiko agertu dira, guztiz: «Opakua eta antidemokratikoa izan da, eta saihestu egin dituzte pribatizazioa eta lankidetza publiko-pribatuaren politikei lotutako arazoak».
«Deribazioak eta aparteko orduak aldi baterako neurriak dira, eta ez dira benetako irtenbidea. Gaurko ogia eta biharko gosea dira, egiturazko gabeziei heltzen ez zaien bitartean»
KONTXI REBOLLOOPA plataformako ordezkaria
OPAren ustez, Eusko Jaurlaritza lankidetza publiko-pribatua «eufemismoa» erabiltzen ari da osasun publikoa «ahultzen» jarraitzeko. Errealitatea, baina, Jaurlaritzak egiten duen analisitik urrun dela dio: besteak beste, lehen arretan ordutegiak murrizten jarraitzen dutelako, larrialdiak gainezka daudelako eta itxaron zerrendak ez direlako ari laburtzen. Are, OPAk ohartarazi du Osakidetza ez dela ari kasu gutxiago bideratzen klinika pribatuetara; kontrara, azpimarratu du deribazioetara zuzendutako aurrekontua %11,5 handitu dela aurten.
Plataformaren irudiko, Osakidetzaren krisia pribatizazioa errazteko eta osasun pribatuaren negozioa indartzeko kontzienteki planifikatutako estrategia «neoliberal» baten ondorioa da. Eta, gainera, eredu horrek, «garestiagoa» den arren, osasunean desberdintasunak areagotu eta biztanleriaren heriotza tasa handitzen duela iritzi dio.
Murrizketei eta pribatizazioei aurre egitea
Osasun publikoan eman dituzten «atzerapausoei» aurre egiteko, urratsak bi bidetan egitea proposatu dute: murrizketak lehengoratzea eta pribatizazioa amaitzea. Plataformako kideen arabera, premiazkoa da bermatzea osasun zentroek jarduera betean funtzionatuko dutela, ospitaletako larrialdiak kolapsatu ez daitezen. Azken urteotan itxi dituzten etengabeko arretako sei gune berriro irekitzeko eskatu dute, «baliabide egoki eta nahikoekin» betiere.
Pribatizazioan atzera egiteari dagokionez, plataformak proposatu du itxaron zerrendak laburtzea diru publikoa eta pazienteak osasun pribatura desbideratu gabe: «Deribazioak eta aparteko orduak aldi baterako neurriak dira, eta ez dira benetako irtenbidea. Gaurko ogia eta biharko gosea dira, egiturazko gabeziei heltzen ez zaien bitartean». Profesionalen prestakuntzak ere erabat publikoa izan behar duela jaso dute dokumentuan.
Osasun «eredu berri» baten zutabeak ere bildu dituzte. Batetik, osasun publikoa «blindatzeari» dagokionez, proposatu dute pribatizatutako zerbitzuak lehengoratzea —osasun zerbitzuak eta bestelakoak—, eta osasunerako sarbide unibertsala eta «bazterketarik gabea» eskubide gisa hartzea. Horri loturik, proposatu dute eredu «solidario» baterako urratsak egitea, eredu bat zergen bidez finantzatuta egongo dena eta herritar orori irispidea bermatuko diona.
OPAk galdegin du pribatizatutako zerbitzuak lehengoratzea, eta osasunerako sarbide unibertsala eta «bazterketarik gabea» eskubide gisa hartzea.
Osasun publikoaren inbertsioan ere jarri dute arreta, eta bi neurri proposatu dituzte: Osasun Publikoaren aurrekontua handitzea osasun aurrekontuaren %5 izan dadin, eta osasun publikoaren inbertsio globala handitzea «Europako beste herrialdeekin parekatzeko». Azken helburu horri lotuta, eta lehen arretaren eta arreta espezializatuaren arteko arrakala txikitze aldera, eskatu dute lehen arretarako inbertsioa osasun aurrekontuaren %25 izatea —gaur egun %15 inguru da—.
Osasun publikoa eta lehen mailako arreta sendoa oinarri dituen eredu baten alde egin dute, zeinetan zainketa unibertsala, integrala, publikoa eta doakoa zutabe izango den. Beste zenbait xede ere jaso dituzte dokumentuan: aurrez aurreko arreta berreskuratzea —gutxienez 15 minutuko kontsulta denborarekin eta gehienez bi eguneko itxaronaldiarekin—, Tolosaldean (Gipuzkoa) ospitale publiko bat egitea, osasun mentalerako baliabide gehiago jartzea, eta Osakidetzan hizkuntza eskubideak bermatzea.
Ondutako dokumentua eragile politiko, sindikal eta sozialei helaraziko diete, eta Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean aurkeztuko dute. Horrez gain, uste dute ezinbestekoa dela «presio sozialari» eustea, eta, horregatik, ekainaren 19rako mobilizatzera deitu dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroen eta ospitaleen atarietan. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ere bat egin dute protestekin.
ELKARRETARATZEAK
- Araba. Gasteizko Santiago ospitalean deitu dute protestara, 18:00etan.
- Bizkaia. Barakaldoko San Eloy ospitalean, 12:00etan; Durangoko Andra Mari elizpean, 19:00etan; Elorrioko Gernikako plazan, 19:00etan, eta Larrabetzuko osasun zentroan, 18:45ean. Bilboko auzo elkarteen federazioak elkarretaratzeetara deitu du egun horretarako, Deustun, Zorrotzan, Abusun, Santutxun, Otxarkoagan, Solokoetxen eta Bilbo Zaharrean, 19:00etan.
- Gipuzkoa. Ekainaren 18rako deitu dute protestetara Zumarragan, 18:00etan, eta Lasarte-Orian,19:00etan.