Nafarroako inbestidura saioa. Kronika

Opor gogoa parlamentuan

Maria Txibite lehendakari izendatzeko inbestidura saioak uda giroa izan du oztopo gisa. Euskaraz «trakets» aritu izana leporatu diote batzuek Txibiteri.

Begoña Alfaro (Zurekin Nafarroa) eta Unai Hualde (Geroa Bai). J. MANTEROLA / FOKU.
itsaso jauregi 2
Iruñea
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Negoziazio luzeak izan dira, eta horrek bakoitzaren plan pertsonalak ere atzeratu ditu», esan du SER irratiko Javier Lorente kazetariak. Maletak prest utzi ditu etxean, baina, oporretan joan aurretik, Nafarroako Parlamentura joan da, Maria Txibiteren inbestiduraren osoko bilkurari gertutik erreparatzeko asmoz. Lorente bezala, beste hainbat kazetari agertu dira, kamerekin eta mikrofonoekin, egun luzeari aurre egiteko prest. Tripodeak muntatu, soinu probak egin, eta kamerak piztu; ekintza mekanikoak eten egiten dira parlamentuko atea irekitzen den bakoitzean, parlamentariren bat ikusteko irrikan.

«Kazetari gehiago daude politikariak baino», esan dio Espainiako hedabide bateko kazetari batek beste bati. Udako giroa nabaritu dute kazetariek, Nafarroako hainbat herritako txupinazoak urrutitik entzuten. Unai Hualde parlamentuko presidenteak erreferentzia egin dio giro ezohikoari saioa hastean: «Ongi etorri denei. Abuztuko zubia pasatzeko ez dago parlamentua baino leku hoberik».

Giro geldoa parlamentariak atetik sartu bezain pronto eten da. Geroa Baiko Uxue Barkos goiz agertu da Nafarroako Parlamentuan, eta, makuluen laguntzarekin, zuhurki hartu du eraikineko igogailua: «Lehenago sendatuko nintzela uste nuen, baina oraindik falta da». Poliki-poliki mugitu da leku batetik bestera; Nafarroako Parlamentutik Espainiako Senatura, adibidez. Izan ere, Geroa Baik Espainiako Senaturako ordezkari autonomiko gisa proposatu du Barkos, Noticias de Navarra-k jakinarazi duenez. Nafarroako Parlamentuak haren hautagaitza irailean onartzekotan, Barkosek legebiltzar hori utzi beharko du.

Parlamentariek aretoa bete dute, eta aurretik egondako isilunea beren ahotsekin gainezkatu. Kazetariak parlamentarien irudia lortzen saiatu dira, baina kamerek egitura hautsezin batekin egin dute topo: parlamentariek egindako korroekin. Parlamentari bakoitza bere alderdiko jendearekin elkartu da, eta harresi sendo bat eraiki inguruan. Hormako adreiluren bat kendu dute beste alderdi bateko ezagunen bat agurtzeko, baina azkar eta hotz.

Sortutako korroei mesfidantzaz begiratzen die Mikel Zabaleta Nafarroako Parlamentuko EH Bilduko hautetsiak, idatzi gabeko arau sozialak kanpotik aztertuz: «Hau berria da niretzat, eta ez nuen ezagutzen protokolozko alde hori. Arrotza egiten zait». Sortutako korroak Maria Txibite PSNko lehendakarigaiak apurtu ditu, kideekin batera parlamentuan sartu denean, eta kazetarien arreta osoa berenganatu du.

Aretora sartu aurretik, Iruñeko Zangoza kaleko aparkalekuaren kontrako elkarretaratzearekin topo egin du Txibitek. Parlamentuaren sarreran elkarretaratzea egin dute, eta mezu argia du plataformako pankartak: Aparkalekurik ez, zuhaitzak bai!

«Txibitek ez du takoirik jantzi; horrek esan nahi du diskurtsoa luzea izanen dela», esan du Haritz Pascual Euskalerria irratiko kazetariak saioa hasi baino lehen. Hala ere, 45 minutuko diskurtso laburrak kazetariaren teoria deuseztatu du. Lehendabiziko aldiz, euskarazko esaldi oso bat ahoskatu du Txibitek, baina «nahiko trakets», Pascualen arabera: «Gidoian beste esaldi batzuk ere bazeuden euskaraz idatzita, baina, lehendabizikoa irakurri eta gero, aurrera egin du».

Lehendakarigaiak diskurtsoa amaitu bezain pronto hustu da aretoa. Parlamentuko sarreran kazetarien ordenagailuen teklak baino ez dira entzuten, eta ahots ahul batzuk urrutitik. Ahots horiek kafetegitik datoz,parlamentari guztiak han bildu baitira: kafe bat eskuan, entzundakoei buruz hitz egiteko tenorea iritsi zaie.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.