Osakidetza

Oposizioak Jaurlaritzari egotzi dio Osakidetza pribatizatzea itxaron zerrendak laburtzeko asmotan

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek «osasun profesionalen gabeziari» buruzko zuzenketa bat aurkeztu dute Eusko Legebiltzarrean, baina EAJren eta PSEren gehiengoak bere idatzia onartu du, Osasun Sailari eskatzeko martxan dauden «LEPak burutzeko». Gaur jakin da Osakidetzak alor pribatura bideratuko dituela ebakuntza sorta batzuk, itxaron zerrendei aurre egiteko.

Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, gaurko osoko bilkuran. EUSKO LEGEBILTZARRA
xabier martin
2023ko irailaren 21a
13:06
Entzun

Osakidetzaren gainbehera hizpide izan da berriro Eusko Legebiltzarrean, EH Bilduk idatzi bat eraman baitu ganberara kontratazio politikan aldaketak bultzatzeko, «osasun profesionalen gabeziari» aurre egiteko. Gaur jakinarazi dute Osakidetzak itxarote zerrendan dauden ebakuntza sortak sektore pribatura eramateko plana duela, eta Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak garbi esan du Jaurlaritzak «pribatizazioa hautatu» duela zerrenda horiei aurre egiteko, baina ohartarazi du «estalki bat besterik ez» dela hori. Koalizioko kideak exijitu die EAJri eta PSEri «gobernatzeko», profesionalak «erakartzeko», eta, beste herrialdeetan egiten ari diren bezala, «lehiatzeko», profesionalak Osakidetzatik joan ez daitezen eta, aitzitik, Euskal Herrira etor daitezen, «lan baldintza onek erakarrita».

Halaber, Uberak ukatu egin du martxan dauden LEPen bidez Osakidetzako lantaldea handituko dela. 11.000 lanpostu egonkortuko dira horien bidez, baina azaldu du osasun zerbitzua «gutxienekoetan» dagoela, «lanpostuak gutxitzen» ari direla, eta pertsonalaren kontratazio politika «berraztertu» egin behar duela gobernuak, «goitik behera».

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk kirurgian dagoen itxaron zerrenda arintzeko konpromisoa hartu zuen joan den astean, Politika Orokorreko osoko bilkuran, eta azken orduetan jakin da ebakuntza gehiago egingo direla arratsaldez, eta ebakuntza asko ospitale pribatuetara bideratuko direla. Pandemia iritsi baino lehen, 2019an, 49 egunekoa zen ebakuntza bat egiteko batez besteko itxaronaldia; gaur egun, 68koa da, eta Jaurlaritza osatzen duten alderdi biek, EAJk eta PSE-EEk, badakite osasunaren gaia garrantzi handikoa izan daitekeela Legebiltzarrerako hauteskundeetan, hilabete gutxi barru. Oftalmologiaren eta protesien alorretan, ESIei eskatua zaie baloratzeko zenbat ebakuntza bideratu daitezkeen sektore pribatura, zenbait informazioren arabera.

Osasun sailburu Gotzone Sagarduik berretsi du sektore pribatuaren aukera, edonola ere. Esplikatu du iazko urritik ari direla antolakuntza alorreko neurriak hartzen, eta Osakidetzako ebakuntza gehiago sektore pribatuan egingo direla aurrerantzean. ESIek ospitale pribatuetara jotzeko aukera izango dute, Sagarduik esan duenez, «dauden baldintzak kontuan hartuz egoki ikusten dutenean».

Iritzi publikoan eragin

EAJko parlamentari Jon Aiarzaklegebiltzarrean esan du «errealitatea» ez zaiela interesatzen Uberari eta EH Bilduri, eta azaldu du Osakidetzak «inoiz baino inbertsio handiagoa» egiten duela orain. Lehen arretan profesional gabezia dagoela onartu du, eta hezkuntza alorrarekin lotu du arazo hori. Esplikatu du ikasketak bukatzean «neurrirako kontratuak» eskaintzen zaizkiela hasiberriei, «luzera begirakoak», eta ez dela mediku lanpostu bakar bat ere kendu alor horretan. «Ez da egoera hori ezkutatzen», esan du, eta EH Bilduri eta Elkarrekin Podemosi leporatu die Osakidetzarekin iritzi publikoan eragin nahi dutela, «dena nahasita».

Errealitatearen berri izan nahi badu «osasun zentroetara» joateko erantzun dio koalizioko legebiltzarkide Uberak. Osakidetza «deskapitalizatzen» ari dira, haren ustez. Ukatu egin du lehen arretarena «arazo bakarra» dela Osakidetzan. Erantsi du ezin dela profesionalik erakarri «2009ko lan hitzarmena eskainita». Finean, haren arabera, gobernuak «Osakidetza indartzearen ala pribatizazioa handitzearen» artean hautatu behar du, eta gobernua bigarrenaren alde egiteko prest dagoela aurreikusi zuen.

PSEko kide Ekain Ricok ere du profesionalak erakartzeko arazoak daudela, baina osasunaren auziarekin oposizioak helburu bat duela salatu du: «Jaurlaritzak Osakidetzako arazoak ez konpontzeko borondate politiko bat duelako ideia gizarteratzea». Gobernuak ez du esaten «dena ondo» dagoela, Ricok azaldu duenez, baina gogoratu du osasun publikoko arazoak orokorrak direla Espainiako beste erkidegoetan. «Gezurra da ez garela ezer egiten ari».

Haserre olatu bat

Elkarrekin Podemoseko parlamentari Jon Hernandezek esan du «profesionalekin» hitz egin behar dela auzia bideratzeko, «eta haiek ordezkatzen dituztenekin: sindikatuekin». Hernandezek uste du «kezka sozial handia» dagoela osasunari lotuta, eta horri erantzuteko ezin dela proposatu «%50 inguruko behin-behinekotasun tasara itzultzea». 2019an, langileen erdiek ez zuten lanpostu finkorik, eta martxan diren LEParen helburua arazo horri aurre egitea dela esplikatu du, «ez lantaldea handitzea». Horregatik, abisu argia eman die gobernua osatzen duten alderdiei: «Haserre olatuak aurrean eramango zaituzte». EPko kideak erantsi du kontratazio politika «erabat» aldatu behar dela Osakidetzan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.