EAJk eta EH Bilduk adierazpen gogorrak egin dizkiote elkarri Eusko Legebiltzarrean. Laburra izan da Iñigo Urkullu lehendakariaren eta Nerea Kortajarena koalizioko bozeramailearen elkarrizketa, eta Kortajarenak lehendakariari egindako galdera baten harira sortu da. Adierazpen horiek islatu dute alderdiak 2024ko hauteskundeetan buru-belarri sartuak direla jadanik.
Etxebizitzaren auzia, zerbitzu publikoen gainbehera... «herritarren bizitzak zeharkatzen» ari den «egoeraren diagnostiko zintzoa eta zorrotza» egiteko eskatu dio Kortajarenak Urkulluri, eta «erantzun zehatzak» eskatu dizkio, «ez grebei buruz hitz egitea». EH Bilduko kideak, ordea, ez du lortu eskaera hori bete dadin, Urkulluk «kaleko asaldura» sustatzea egotzi baitio koalizio abertzaleari. Erantzun du «Euskadi munduko herrialde onenen artean» dela gizarte kohesioan eta zerbitzu publikoan, eta koalizioari eskatu dio egoera «beltzez marrazteari uzteko».
Kortajarenak erantzun azkarra eman dio lehendakariari: «Ez da beharrezkoa EH Bilduk zuri-beltzez marraztea errealitatea. Zuk bakarrik egiten duzu hori». Gaineratu du gizarteak «gero eta argiago» ikusten dituela Jaurlaritzaren «kudeaketaren zuloak»: «Zuk asmatzen duzu zuzentzen duzunean».
Txanpon beraren aurpegiak
Hitza hartu bezain laster erantzun die akusazio horiei Urkulluk: galdetu du EH Bilduri «hain kezka handia» eragiten ote dion Urkullu bera EAJko lehendakarigai izateko aukerak. Esan du oso argi ikusten dela zein den koalizioaren estrategia, «aurtengo bi hauteskunde deialdietan» islatu baita: «Batzuek zarata ateratzen dute, eta zuek, etekina». EH Bilduri egotzi dio «txanponaren alde batean asaldura» dagoela, eta bestean koalizioa, «A aurpegia».
Urkulluren arabera, «populismoa eta demagogia» da koalizioaren bidea, eta erantsi du «errealitatea desitxuratzeko beste eragile batzuen laguntza» duela. «Mobilizazioak astintzea» da EH Bilduren estrategia, Urkulluren esanetan. «Herritarrei promes faltsuak» egiten ari zaizkiela esan dio Kortajarenari, «etekin politikoengatik, hauteskundeak begi bistan» ei baititu EH Bilduk. Bukatu du esanez koalizioa dela estrategiaren A aurpegia, «zuritua eta irekia», B aurpegiaren «asaldura» sustatzen duen bitartean.
«Oposizioaren oposizioa» izatea leporatu diote Urkulluri
EH Bilduk «egoeraren diagnostiko zorrotza» egiteko eskatu dio. Urkulluk uste du bere hautagaitzak «kezkatu» egin duela koalizioa

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu