Lourdes Zabalza. Mikel Zabalzaren arreba

«Orain arte ez ginen existitzen»

Nafarroako erakunde ofizialek ez diote Mikel Zabalzari inongo aitortzarik egin. Ia 30 urte igaro eta gero, euren kasuari buruz hitz egiteko aukera izango dute lehen aldiz parlamentuan.

joxerra senar
Iruñea
2014ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
1985eko azaroaren 26ko goizaldean Guardia Zibilak atxilotu zuen Mikel Zabalza. Ez zioten ezer esan sendiari. Gero, ihes egin zuela esan zuten ofizialki. Hogei egun iragan ziren, ustez desagertutako tokia goitik behera miatu zen, eta, azkenean, Guardia Zibilak berak aurkitu zuen gorpua Bidasoa ibaian. Ia 30 urte iragan dira, eta hasieratik askok zer gertatu zen susmatu arren, sistema judiziala ez da gai izan errudunak epaitzeko. 2010ean Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak auzia artxibatu zuen. Epe luze horretan Nafarroako erakunde ofizialek ez dio babesik eman haren sendiari.

Nor zen Mikel Zabalza?

Mutil jator bat, langilea, oso maitatua ezagutzen zuten denentzat.Zer esango dut? Nire anaia zen.

Parlamentuan, garai hartan harekin batera Donostian atxilotua izan zen Orbaitzetako senide bat ere izango da. Nola jakin zenuten atxiloketaren berri?

[1985eko] Azaroaren 26an, goizaldean, etorri ziren Orbaitzetako etxera eta atxilotu zituzten beste bi anaia, Patxi eta Aitor. Horiek ekarri zituzten Iruñera, eta hurrengo goizean joan ginen abokatuarengana eta eskatu genuen habeas corpus. Joan ginen Iruñeko Galizia etorbideko Guardia Zibilaren egoitzara, eta esan ziguten han zeudela. Arratsaldeko lehen orduetan, askatu zituzten. Mikeli atxilotu zituztela esan nahirik, deitu genuen etxera, eta inork ez zigun telefonoa hartu. Lanean esan ziguten goizeko txandan ez zelako agertu harrituta zeudela. Andregaiaren etxera deitu eta hura ere atxilotuta zegoela esan zuten. «Ziurrenik ere Mikel atxilotuta egongo da». Anaiak eta ama joan ziren Intxaurrondora, eta ez zekitela ezer erantzun zuten. Batek esan zien: «Semea galdu baduzu, joan zaitez objektuak galtzen diren bulegora». Gero atera zen bertsio ofiziala.

Bertsio ofizialak zioen Orbaitzetara zulo bat miatzera joan eta anaiak ihes egin zuela. Zer duzu gogoan ondorengo egunez?

Gogorra da beti. Inoiz ez zara egiten hitz egiteari; kostatzen zaizu. Ez genekien zer gertatzen zen, non zegoen. Inpotentzia hori genuen, ezin zenuelako ezer egin. Haiek ez zuten laguntzen; gezurrak esaten zituzten. Jendearen aldetik elkartasun handia izan genuen. Amak jakin zuen nola bideratu protestak, eta, horri esker, agertu egin zen. Bestelaz, oraindik ez genuke ezer jakingo.

Zer esan nahi duzu ondo bideratzen jakin zuela diozunean?

Egiten ziren manifestazioak eskatzeko non zegoen argitzeko, eta, beti bezala, «Gora ETA» oihukatzen zen. Amak esan zuen «Gora ETA» oihukatzen zutenek ez zutela kabidarik. Horiek nahi bazuten, aparte egiteko, baina Mikelek eta herriak antolatzen zituzten manifestazioetan «Gora ETA» ez oihukatzeko eskatu zuen.

Goitik behera miatu zuten ihes egin zuela esandako ingurunea.

Gero, Guardia Zibilaren Sindikatu Klandestinoak esan zuen ez bilatzeko, hilik zegoela. Hor hasi ziren lehen susmoak, baina jarraitu behar genuen bilatzen. Gero etorri ziren guardia zibilak adiskidetsu. Egun batez etorri ziren mugaren beste aldean zegoela eta holako baserrian zegoela esan ziguten. Berehala joan ziren bi anaia, eta dena gezurra zen.

Min handiagoa eragin dizue?

Noski, ibili dira gurekin jolasten, ustez gu isilarazteko edo horrelako zerbaitetarako. Gero eta protesta gehiago, gero eta babes handiagoa genuen, eta bizirik ikusi zutela esanda ea isiltzen ginen. Ez dakit. Azkenean, agertu zen haiek ihes egin zuela esan zuten tokiaren ondoan. Aurretik egon ziren arakatzen eta bilatzen Gurutze Gorriko adituak eta jende asko, eta ez zuten ezer ikusi.

Zergatik ez zen inora iritsi bide judiziala?

Auzibideak izan ditu bi zati. Hasierakoan, ontzat jo zuten bertsio ofiziala, eta 1995ean, Peroteren paperak atera ostean, berrireki zen. Kasuak epaile asko izan ditu.Batzuetan, bazirudien epaile honek aterako zuela zerbait eta interesa zeukala. Azkenean, itxi zen.

Juan Alberto Perote CESID zerbitzu sekretuetako buruaren paperetan agertzen zen Guardia Zibilaren kapitain batek bertsio ofiziala guztiz ezeztatzen zuela eta torturapean hil zutela Mikel.

Suposatzen genuena beste norbaitek esan zuen; ez guk bakarrik. Susmoak dauzkagu, ez dugu frogarik, baina gutxi gorabehera pentsatzen duzu zer gertatu zen.

Ikerketan, guardia zibil batzuen izen-abizenak agertu ziren.

Ez dakigu horiek ziren, edo pagaburuak ziren; baina horiek babestu eta onartu zituen Galindok, eta hura egin zuten kondekoratu eta mailaz igo. Gero egon da terrorismoagatik zigortua.

Gipuzkoako auzitegia saiatu zen, baina 2010ean itxi zuen. Kasua inpunitatez itxi izana zigor bikoitza da?

Esaten dute egiarik gabe ez duzula dolurik egiten. Behin egia jakinda, geratzen zara lasaiago, badakizulako zer gertatu zen.

Orain joango zarete parlamentura. Beranduegi da? Sentitu zarete babesik gabe?

Bai, zeharo. Oso berandu dator, baina pozik, bederen zerbait azaldu dela. Prentsan agertu da, eta zalantzan jartzen da bertsio ofiziala. Orain arte ez zegoen ezer, ez ginen existitzen ezertarako, orain bederen eztabaidatuko dute.

Zer eskatuko diezue alderdiei?

Ahazteko alderdikeriekin eta begiratzeko egia eta zer gertatu zen. Ez dezatela biktima batzuk babestu eta besteak ukatu. Bi aldetako biktimak egon dira, batzuk onartuak eta beste batzuk onartu gabeak. Protesta egiten badugu, arrazoiren bat izango dugu, eta gure kasuan, gehienak daude terrorismoz akusatuta.

Min bikoitza ere bada erakunde ofizialek bigarren mailako biktimatzat jotzea?

Hartuko bagintuzte bigarren mailakotzat, zerbait izango zen, baina eurentzat ez gara inongo biktima. EAEn badugu aitortza txiki bat. Deitu zidaten ea Glencree egitasmoan parte hartu nahi genuen. Onarpen txiki bat da, baina ez da onarpen ofiziala.

Glencree egitasmoan ETAren biktimekin izan zarete. Nolako esperientzia izan da?

Baliagarria izan da, aberasgarria. Guri iduritzen zaigu ETAko biktimak pribilegiodunak direla. Aitortzan bai, baina pasatu izan dutena izugarria izan da. Haiei entzutea gogorra da, eta haiei zurea entzutea gogorra egin zaie ere. Elkartasun bat sortu zen, eta lortu genuen bata bestearekin emozionatzea. Gehien sufritu dugunak gai izan bagara elkarrekin bizitzeko, gizarte osoari esan behar zaio borondatea jarrita elkarbizitza lortzen ahal dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.