Gipuzkoako zahar etxeetako langileen erdiak telefonoaren mende bizi dira. Lanaldi partzialeko kontratuak dituzte. Lanaldi osoaren %60 inguru lan egiten dute. Izan daitezke ordu batzuk goizean eta beste batzuk arratsaldean. Izan daitezke azken orduan abisatutako lanaldiak: lana pilatu delako, lankideren batek huts egin duelako... Orduan jotzen du telefonoak. «Etor zaitezke?», galdetzen dute telefonoaren beste aldetik. Eta ezin ezezkorik eman. «Men egin behar duzu», onartu du Cristina Henriquezek. Errenteriako Jesusen Bihotza zahar etxeko langilea da.
«Beraz, egon zaitez telefonoaren mende eta lan egiteko prest», azaldu du egoera Nieves Fuertesek. «Ahaztu familia, kontziliazioa, bizitza». Donostiako Txara II zahar etxeko langilea da. Fuertesek eta Henriquezek lanaldi osoko kontratuak dituzte, baina urte asko egin zituzten lanaldi partzialeko kontratuarekin, eta hala dauden lankide asko ezagutzen dituzte. «Gainera», jarraitu du Fuertesek, «zeure burua estutzen duzu, haiei balio duzula erakusteko».
Emakume, migratzaile eta ama
«Normalean txandak laburrak izaten dira», zehaztu du. Pare bat ordukoak. Lankide batzuek probintziako herrietatik joan behar izaten dute lanera —oso zaila da etxea alokatzea Donostia inguruan—, garraio publikoan, bi ordu horietan lan egiteko. Garaiz iristeko behar baino goizago hartzen dituzte trenak eta autobusak, lana galtzeko beldurrez. Bukatutakoan, etxera bueltatu, eta arratsaldean agian berriro itzuli behar dute lanera. «Batzuek beste lan bat bilatzen dute, soldata hori ez baita nahikoa familiarentzat».
Gipuzkoako zahar etxeek 5.000 langile inguru dituzte. Ia guztiak emakumeak. «%99», esan du Txomin Lasa ELA sindikatuko Gipuzkoako zahar etxeetako arduradunak. Gehienak migratzaileak. Fuertes Ekuadortik etorri zen; Henriquez, El Salvadortik. «Eta gehienak ama ezkongabeak edo bananduak», gehitu du Fuertesek.
«Uste dut soslai horretako langileak bilatzen dituztela: premia gorria dutenak eta ezezkorik esango ez dutenak»
CRISTINA HENRIQUEZ Errenteriako Jesusen Bihotza zahar etxeko langilea
«Emakume migratzaileak gero eta gehiago dira», Lasaren arabera. Zortzi edo bederatzi urte daramatza sektorean lanean, eta jabetu da lana gero eta prekarioagoa dela. Hori horrela, ahal duten guztiek beste lan bat bilatzen dute. «Horrek lan premia gorriena dutenak bultzatzen ditu zahar etxeetako lanak hartzera», azaldu du. «Migratzaileek lana behar dute, eta enpresak premia horretaz baliatzen dira».
Baietz berretsi dute Fuertesek eta Henriquezek. Salaketa gordinagoa egin du Henriquezek: «Uste dut soslai horretako langileak bilatzen dituztela: premia gorria dutenak eta ezezkorik esango ez dutenak». Foru aldundiak hori guztia badakiela diote.
ELAren babesa
Gipuzkoako zortzi zahar etxetako langileak greba mugagabea egiten ari dira. Horietako seitan iazko azaroaren 21ean hasi zuten greba mugagabea: Donostiako La Paz, Txara II eta Villa Sacramenton, Errenteriako Jesusen Bihotza zahar etxean, Zumaiako San Juanen eta Zumarragako Argixaon. Ordiziako San Josen urtarrilaren 23an. Errenteriako Sanmarkosenen otsailaren amaieran. Sektoreko greba egunak ere egin dituzte.
ELA sindikatuak ordezkatzen ditu sektoreko hiru langiletik ia bi (%62). Hark bultzatu ditu mobilizazioak eta grebak. Sanmarkosene zahar etxearen kasuan, ESKrekin batera. Iaz hasi zuten lan hitzarmen bat eskatzeko borroka.

Lanaldi partzialeko kontratuak lanaldi osokoak bihurtzea da haien eskaera nagusietako bat. Langileen soldatak hobetzea bestea: lanaldi osoko kontratuak dituztenek 1.500 bat euro kobratzen dituzte; lanaldi partzialeko kontratuak dituztenak ez dira iristen mila eurora.
Greba mugagabea eginda ere, patronalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak ez dute urrats nabarmenik egin. Langileen ordezkariak tarteka biltzen dira patronalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. Negoziazioak «trabatuta» daude lanaldi partzialeko kontratuengatik. Lasak onartu du patronalak soldata igoera bat eskaini duela, «baina ez da nahikoa». Haren esanetan, patronalak ez die egin lan hitzarmen baterako proposamenik.
Akordioa, «publizitatea»
Lasak muga bat ezarri du: «Lanaldi osoko kontratuak orokortzea». Uste du «erraza» dela ulertzea beharrezkoak direla lanaldi osoko kontratuak, Fuertesek eta Henriquezek esandakoak entzunda. «Ona da guztientzat: langileei egonkortasuna emango die; langileek lana eta bizitza uztartu ahal izango dituzte; langile gehiago izango direnez eta lan zama gutxiago izango dutenez, arreta hobea eskainiko dute, eta egoiliarrak pertsona gisa tratatu ahal izango dituzte, ez erabiltzaile gisa; eta gaixo baimen gutxiago hartu beharko dituzte».
Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Elkarrekin Ahal Dugu-k akordioa lortu zuen iaz, zahar etxeetako langileen lan baldintzak hobetzeko hamar milioi euro inbertitzeko. Lasak azaldu duenez, diru horrekin, ustez, langileen soldatak KPI kontsumo prezioen indizea gehi %0,8 igoko dituzte. %3,4ko igoera, aurten. «Sekulako akordio gisa saldu zuten, publizitatea egin zuten, baina sinatu zutenean bazekiten diru horrekin ez dela ezer konponduko», Lasaren iritziz. Ohartarazi du diru dezente gehiago beharko dela sektoreko lan baldintzak benetan hobetu nahi izanez gero.
«Egoiliarrek, lehen, etxe bat eta bizitza bat zuten, eta, orain, berriz, maleta bat eta 90 zentimetroko ohe bat»
NIEVES FUERTES Donostiako Txara II zahar etxeko langilea
Fuertesek esan du zahar etxeetako lanaren zama «izugarria» dela. Egoiliarrak jaiki, komunera eraman, garbitu —gehienetan belakiekin edo toalla hezeekin, astean bitan dutxan—, lehortu, pixoihalak aldatu, gosaria eman, paseoa ematen lagundu, bazkaria eman, afaria, oheratu...
Fuertes eta Henriquez kexu dira, zahar etxeetako antolaketa oso zurruna delako eta ez dagoelako malgutasunik. Lan bakoitzari eskaini beharreko denbora ezarrita dago, eta arduradunek kargu hartzen diete lanen batean denbora gehiago pasatzen baldin badute.
Sei minutu
Henriquezek mendekotasun handiko egoiliarrak ditu bere ardurapean. Horrek zaildu eta luzatu egiten du edozein lan. Otorduetan janaria eman egin behar die hamabost egoiliarri. Askotan, purea, koilarakadaz koilarakada. «Koilara ezin da gehiegi bete eta haien erritmoan eman behar zaie jaten», azaldu du. Batzuek disfagia dute, hau da, elikagaiak tragatzeko zailtasuna. Ordu eta erdi behar izaten du hamabost laguni jaten emateko: batez beste sei minutu egoiliar bakoitzeko.
«Teorian, egoiliarren etxea da, ezta?», galdetu du Fuertesek. «Haien etxea dela esaten dute, baina gero guztiz mugatzen diete egin dezaketena; ez dut ulertzen. Badakit enpresak direla, eta zahar etxeak antolatu egin behar direla, baina gehiegizkoa da».

Fuertesek, Henriquezek eta Lasak osatu dute Gipuzkoako zahar etxeetako langileen soslaia. Lasak, ordea, ohartarazpen bat egin du egoiliarren soslaiaz: «Gehienek mendekotasuna edo mendekotasun handia dute. Gipuzkoako Foru Aldundiak 2007an egin zuen langileen ratioen azterketa, eta erabat zaharkituta geratu da». Ondorioa: «Langile gehiago behar dira; bestela, ikusten dugu zer egoera dagoen».
Bitan bildu dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin. «Lidergo falta» eta «utzikeria» egotzi dizkio Lasak erakundeari. «Zahar etxeetako aurrekontuen hamar eurotik bederatzi gipuzkoarren dirutik ateratzen dira, baina foru aldundiak ez du arazoa konpondu nahi».
«Mendebalde Basatia»
«Lidergo falta horren ondorioz, patronalek nahi dutena egin dezakete, eta sektorea guztiz desaraututa dago», azaldu du. «Mendebalde Basatia» deitu dio sektoreari. Haren ustez, Gipuzkoako Foru Aldundiak gauza bat esan eta beste bat egiten du: pertsonei «zerbitzu integrala» eskainiko diela esan, baina «egoiliarren bizi baldintzak eta langileen lan baldintzak merkaturatzen ditu».
Zaintzaileak ez dira arduratzen soilik egoiliarrak ohetik jaikitzeaz, otorduak emateaz, oheratzeaz... Harremana dute haiekin. Egoiliar batzuek ez dute bisitarik jasotzen. Fuertesek eta Henriquezek egoiliarrekin hitz egiten dute, haiek animatzen saiatzen dira: «Guztiok egiten dugu hori, honetan bokazioz egiten baitugu lan», Fuertesen iritziz.
«Gipuzkoako Foru Aldundiaren lidergo faltaren ondorioz, patronalek nahi dutena egin dezakete, eta sektorea guztiz desaraututa dago»
TXOMIN LASA ELAko Gipuzkoako zahar etxeetako arduraduna
Ez dute hitz egiteko eta egoiliarrak goxatzeko denbora askorik, ordea. Henriquezek aipatu du berari kargu hartu izan diotela egoiliarrekin hitz egiteagatik edo haiei «aitona» edo «amona» deitzeagatik: «Esan zidaten haiek ez direla nire aitona-amonak, haiek egoiliarrak direla, erabiltzaileak. Robotak izan beharko genuke egoiliarrekiko sentitzen duguna ez sentitzeko». Egoiliarretako batzuk ezagutzen ditu duela dozena bat urtetik hona.
Egoiliarrek maitasuna eta goxotasuna behar dutela nabarmendu du Fuertesek. Bere etxean bizi ziren lehen, eta zahar etxe batean bizi dira orain. Benetako irudi batekin erakutsi du egoiliarren bizimoduaren aldaketa: «Lehen, etxe bat eta bizitza bat zuten, eta, orain, berriz, maleta bat eta 90 zentimetroko ohe bat».
Zahar etxetik zahar etxera
Gutxi hitz egiten da zaintzaileez, eta zaintza lanak eragiten duen zamaz. «Sentitzen dugu ez garela erretirora iritsiko». Henriquez ari da hizketan. Lanerako ezintasuna eskatu duten lankideak ezagutu ditu. Bizkarreko lesioak dituzte, okertuta daude, eta taka-taka behar dute ibiltzeko. Ohikoak dira besoetako eta eskuetako lesioak. «Zahar etxeko lan urteak bukatu eta zuzenean zahar etxean sartu beharko al dugu egoiliar gisa?», galdetu du, kezkatuta. Osasun arazoak dituzten lankideak gero eta gazteagoak direla gehitu du Fuertesek. Buruko arazoak ere ohikoak dira. Antsietateak, depresioak eta estresak jotako lankideak dituzte.
Horregatik, lan egiteko gaitasuna galdu ahala, erretiroa aurreratzeko edo orduak murrizteko aukera izatea ere eskatzen dute. Lan itunean jasotzea nahi dute. «Ez dugu dirua soilik eskatzen».
Sei hilabete baino gehiago daramatzate greban. Noiz arte? «Bukaerara arte», esan du, irmo, Henriquezek. «Orain indar egiten ez badugu, hau ez da geratuko eta okerrera egingo dugu».
BIZITZARIK EZ
Emakume. Ama. Migratzaile. Greban. «Ez da erraza urratsa egitea», onartu du Henriquezek. Eskubideen alde borroka egiteaz ari da. «Oso zaila izaten ari da».
Lan gatazkaz ari da, baina baita Euskal Herrian egin duten bideaz ere. Errenteriako Jesusen Bihotza zahar etxean langileen erdiak baino gehiago migratzaileak dira. Arazoak dituzte etxebizitzak lortzeko. Fuertesek kontatu du etxejabe batzuek ez zietela etxerik alokatu, telefonoz haren gaztelaniari Hego Amerikako doinua entzun orduko; edo familia ikusi orduko. Urtebete pasatu zuen errentan hartzeko etxe bila. Langileetako askok logelak alokatzen dituzte, eta han bizi dira seme-alabekin.
Soldataren zati bat familiari bidaltzen diote, sorterrira. Euskal Herriko gastuak ordaindu behar dituzte. «Horregatik», azaldu nahi izan du Henriquezek, «gutako askorentzat ez da erraza greba egitea; lankide batzuek egin nahi dute, baina ezin dute». Ulertzen dute, jakina. Hilabeteko soldata nabarmen murrizten zaie greba egiten ari direnei. ELAko erresistentzia kutxa bada laguntza bat greba hilabeteei aurre egiteko.
Fuertes eta Henriquez beren seme-alabez oroitu dira. Malkoak isuri dituzte. Gogoan dute lanaldi partzialeko kontratuak zituztenean ezin zituztela lana eta familiako bizitza eta ardurak uztartu. Eta, hala ere, seme-alabak hezi dituztela.
«Oso gogorra da seme-alabak horrela haztea; ez duzu bizitzarik», esan du, hunkituta, Fuertesek. «Norberak baino ez du ezagutzen bere mina». Fuertesek bi alaba eta seme bat ditu. Bakarrik hazi ditu. Fuertesen eta Henriquezen seme-alabek egin dituzte goi mailako ikasketak. Fuertesek semea ingeniaria dela zehaztu du harro —Henriquezen alaba ere hala da—: «Ni ikusten ninduen, eta argi geratu zitzaion ez zuela bizimodu hori nahi beretzat. Gogor lan egin zuen».