Ziur-ziurra ere ez da, baina baliteke ordena erabakigarria izatea aukera baten edo bertzearen alde egiterako unean. Alegia, erabakia argi eduki ezean, lehendabiziko aurkezten den proposamenak azkenekoak baino probabilitate handiagoa duela hautatua izateko. Eta ez da soilik loteriarekin gertatzen: hauteskundeetaraino iritsi da ordenaren afera. EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk lege aldaketa bat proposatu dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietarakoetan, asmo bakarrarekin: alda dadila hauteslekuetan eta posta bidezko bidalketetan hautagaitzak agertzeko ordena, eta bidezkoa izan dadila hurrenkera. «Presazko bidetik» izapidetu dute aldaketa, eta irakurketa bakarreko prozedura aplikatuko diote. Hots, eskaera zuzenean bozkatuko da, bertze eztabaidarik ireki gabe, hiru taldeetan gehiengo osoak egin baitu lege aldaketaren alde.
Orain arte, iristen zen lehenak irabazten zuen aurreneko postua, alderdien edo koalizioen ordezkarien erregistro ordenaren arabera osatzen baitziren zerrendak. Kontzertuetan nola, azken urteetan orduak eta orduak ematen zituzten ordezkariek Hauteskunde Batzordeko leihatilaren aitzinean, ilara egiten, hura ireki bezain laster erregistroa egiten lehendabizikoak izan zitezen. Pentsa noraino: batzuek gaua pasatzen zuten han.
Bi legetan eskatu dute aldaketa: Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeei dagokienez, ekainaren 15eko 5/1990 legean; eta Batzar Nagusietarakoan, berriz, martxoaren 27ko 1/1987 legean. Hauxe da, hitzez hitz, EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk egindako proposamena: «Aldarrikatutako hautagai zerrendak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, dagokion barrutian azken hauteskundeetan alderdi, federazio eta koalizioek lortutako boto kopuruaren arabera. Boto gehien lortu duena lehena izango da, eta, azkenik, gutxien lortu duena». Azken hauteskundeetan parte hartu ez duten hautesle elkarteen hautagaitzak eta alderdien, federazioen edo koalizioen elkarteak haien gibeletik agertuko dira, barruti bakoitzean zozketak erabakitako hurrenkeran. Hala, hemendik aitzinera ez da ilararik egin beharko leihatilan, aitzineko hauteskundeetan lortutako emaitzek aginduko baitute ordena.
Sumarrek, berriz, zuzenketa bat aurkeztu dio proposamenari, eta ordena «zozketa» bidez ezartzearen alde egin du. Halere, jeltzaleek, bilkideek eta sozialistek duten gehiengoarekin, ez du aitzinera egiteko aukerarik.Â
Segurtasun juridikoa
Lege aldaketa proposamenean esplikatu dutenez, legeari «aldaketa puntual bat» eginen zaio, «segurtasun juridiko osoa bermatuko duen irizpide objektibo bat ezartzeko». Hori, baina, hurrengo hauteskunde zikloaren aitzinetik egin behar da, aurrerapen nahikoarekin onartu ahal izanen dela bermatu ahal izateko. Horregatik hautatu dute presazko bidea, eta ez ohiko tramite parlamentarioa. Horregatik eta Europako Batzordearen Hauteskunde Arloko Jardunbide Egokien Kodeak erraten duelako hauteskunde zuzenbidearen oinarrizko arauak ez liratekeela aldatu behar hauteskundeen aitzineko urtean. Erreforma denbora tarte horretatik kanpo kokatu ahal izateko, lehenbailehen onartu behar du aldaketa Eusko Legebiltzarrak. Eta hala izanen da: biharko osoko bilkuran onartuko dute. Aldaketa Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko da gero, eta une horretan jarriko da indarrean.
«Proposatutako aldaketak izaera hertsiki teknikoa eta sistematizatzailea du, segurtasun juridikoa indartzera eta hauteskunde prozesuaren prozedurazko auzi bati irizpide objektibo eta homogeneoa ematera bideratua», dio txostenak. Azaldu dutenez, erreforma horrek ez dio eragiten sufragio eskubidearen egikaritzari, ezta hauteskunde sistemari eta hautesleen eskubideei ere. «Hautagaitzen argitalpenari lotutako auzi operatibo bat antolatzera mugatzen da».
Ordena aldaketaren eskaera egitearekin batera, bertze hiru puntu idatzi dituzte txostenean, eta horiek ere bihar onartuko dituzte. Lehenik eta behin, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetara aurkeztutako hautagai zerrendak eta barruti guztietako hautagai aldarrikatuak Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratuko dira, ordena berrian. Batzar Nagusietakoak, berriz, Lurralde Historikoko Aldizkari Ofizialean publikatuko dira.
Bigarrena: zehaztutako hurrenkera Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeak gordeko du argitalpen ofizial guztietan, baita lurralde historiko bakoitzeko hauteskunde batzordeetako dokumentazioan ere. Batzar Nagusietarako ordenaren kasuan, Eskualdeko Hauteskunde Batzordeak gordeko du. Eta honela dio azken puntuak: «Lurralde Historikoko Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzak eginbidea egingo du hautagai zerrendak zer egunetan eta zer ordutan aurkeztu diren adieraziz, eta hautagai zerrendaren egiaztagiria emango du». Batzar Nagusietarako hauteskundeetan Eskualdeko Hauteskunde Batzordeko Idazkaritzak eginen du lan hori.Â