Joan den larunbat gauean liskarrak izan ziren Ordizian (Gipuzkoa), eta, adierazpen ofizialen arabera, «hainbat pertsonaren arteko borroka bat» zela-eta joan zen Ertzaintza Araba kalera. Liskarrek okerrera egin zuten, eta lau ertzain zauritu zituzten, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak adierazi zuenez; haietatik bik ospitalera joan behar izan zuten. Bada, agenteen aurkako atentatuagatik eta lesioak eragiteagatik espetxera bidali du epaile batek liskarrekin loturik atxilotuta zeuden bi gizonetako bat. Bestea, berriz, aske utzi dute.
Ertzaintzak jakinarazi zuen poliziek hiru gizon ikusi zituztela Ordiziako Araba kalean, ihesean, eta jarraitu egin zieten. Orduan beste pertsona batzuk «ertzainen lana oztopatzen» hasi zirela salatu zuen Segurtasun Sailak. «Pertsona horien jarrera bortitzak tentsioa areagotu, eta gizonetako batek ukabilkada bat eman zion ertzainetako bati». Ustezko erasotzailea gau horretan bertan atxilotu zuten, eta hurrengo egunean beste gizon bat atxilotu zuten.