Ordizian eginiko 900 testetatik %10 aztertuta, denek negatibo eman dute

Ekainaren 27az geroztik Etxezarreta kaleko ostatuetan ibili direnei PCR probak egiteko eskatu die Osakidetzak, badaezpada, eta ilara luzea sortu da horretarako jarritako gunean. Ordiziako Udalak bertan behera utzi ditu gaur hastekoak ziren udalekuak, eta Ordiziako EH Bilduk, kanpaina.

Ordizian Barrena parkearen goiko aldean, osasun etxearen alboan jarri duten gunea. JON RUIZ
jon ordonez garmendia
2020ko uztailaren 5a
22:35
Entzun

Jakin-mina eta kezka dira nagusi gaur arratsaldean Ordizian (Gipuzkoa). PCR probak modu masiboan egiten hasi dira goizean herrian, larunbatean Etxezarreta kaleko Sarri tabernan COVID-19 foku bat atzeman zela eta: oraingoz zazpi dira positiboak, eta ehun pertsona inguru haiekin kontaktu zuzena izan dutenak. Udalak larunbatean bertan itxi zuen Sarri taberna, eta, atzo, inguruan dauden beste hiru itxi zituen: Haka, Miami eta Kebab. Gaur egin dituzten PCR proba guztietatik lehenen emaitzak zabaldu dituzte 20:45 aldera.

Udalak adierazi duenez, eginiko 900 azterketetatik lehen 91ren emaitzak jasota, guztiek negatibo eman dute. Edonola ere, gogoratu dute, horiek bakarrik testen %10 direla. Guztira 1.500 bat test egiteko asmoa dute. Bihar goizean jarraituko dute lanean. Gaur gauean lanean bukatu dutenean Osakidetzako langileak txaloka hartu dituzte herritarrek.

Adur Ezenarro alkateak BERRIAri adierazi dionez, emaitza horiek erabakigarriak izango dira fokuaren tamaina eta ondorioak zeintzuk diren jakiteko. Ordizian bakarrik ez, Beasainen ere ari dira egiten PCR probak. Taberna horietan egon diren herritarrei PCR probak egitera joateko eskatzeaz gain (osasun etxean txanda hartzeko eskatu diete: 943-00 76 35), ekainaren 27tik horietan egon diren kanpokoei ere eskatu diete telefono zenbaki honetara deitzeko: (0034) 900-20 30 50.

Fernando Simon Espainiako Osasun Larrialdien Koordinazio Zentroko zuzendariak esan du Ordiziako agerraldia «beste autonomia erkidego batzuetatik inportatutako kasuek» sortu dutela eta foku «familia arteko-komunitarioa» bilakatu dela. Azaldu du ez zekiela sei egun barru Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak direla, Jaurlaritza «erantzun irmoa» ematen ari dela, eta sintomak dituztenek bere burua «bakartu» behar dutela, agerraldia ezin bada kontrolatu «neurri zorrotzak» hartu beharko direlako.

Udalekuak eta kanpaina, bertan behera

Goizean ehunka herritar bildu dira osasun etxera sartzeko ilaran, PCR proba egiteko. Atzo iluntzean zabaldu zen fokuaren albistea herrian, eta Ordiziako Udalak bertan behera utzi ditu herriko udalekuak, gaur hastekoak baitziren. Sarri tabernan jende gaztea biltzen da, eta, hasieran, azken egunetan han egon diren begiraleak gabe egiteko asmoa azaldu du Udalak. Azkenean, ordea, bertan behera utzi ditu, "momentuz".

Ordiziako EH Bilduk (hori dago alkatetzan) bertan behera utzi du Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpaina ere, «ardura politikoagatik»,  azaldu duenez. Asteazkenean ziren Ordizian ekitaldi bat egitekoak Ander Rodriguez eta Oihana Etxebarrieta. «Osasun larrialdi honetan, argi dugu lehentasuna herritarren osasuna eta segurtasuna bermatzea dela, eta, horregatik, uste dugu ez dela momentua bertan kanpaina ekitaldi bat egiteko». Era berean, «babesa eta animoak» bidali dizkiete Ordiziako herritarrei.

Elkarrekin Podemos-ek ostiralerako zeukan programatuta ekitaldia Ordizian, kanpainari amaiera emango liokeena. Bertan parte hartzekoa zen Espainiako presidenteorde Pablo Iglesias, baina ekitaldi hori bertan behera utzi dute. Halere, Iglesias kanpaina itxieran egongo da, baina ekitaldia beste herri batean egingo dute.

Udalak herriko festak ere bertan behera utzi zituen duela bi aste, eta datozen egunetan zen bilera bat egitekoa herriko gazteekin egun horietan sor zitezkeen egoerez hitz egiteko. Santanak ospatzen dira Ordizian, eta aurten ostiraletik astelehenera ziren egitekoak.

Gainera, Gipuzkoako Diputazioak neurriak hartu ditu. Arangoiti (Beasain), Txindoki (Lazkao), San Juan (Segura), Argixao (Zumarraga) eta Santikutz (Legazpi) egoitzetako erabiltzaileen irteerak aldi baterako etengo dituzte. Ordiziako, Beasaingo eta Lazkaoko eguneko zentroak ere itxi egingo dituzte. Bestalde, bisitak egiten jarraitu ahal izango da, baldin eta ezarritako segurtasun neurri guztiak betetzen badira, Arangoitiko eta Txindokiko zentroetan izan ezik: bertan, zazpi egunez egongo dira etenda. Gainera, Ordizian, Beasainen eta Lazkaon bizi diren herritarrek ezingo diete bisitarik egin senideei sare osoko zentroetan.

Kontaktu zuzenak, etxean

Nekane Murga Osasun sailburuak ETBn eman duen elkarrizketan jakinarazi duenez,500 eta 700 proba bitartean ziren egitekoak gaur Ordizian, eta espero dute arratsalderako jakitea herrian kutsatze komunitario bat izan den edo ez. Oraingoz zazpi positibo daude, eta, batez beste, positibo bakoitzeko hemezortzi edo hogei kontaktu zuzen daudela esan du Murgak; zehaztu du harreman zuzena zera dela, ordubetez maskara gabe eta bi metro baino gutxiagora mantentzen dena. Harreman zuzena izan duten horiek PCR proban positibo edo negatibo eman, bigarren proba egin arte etxean geratzeko eskatu diete.

Murgak azpimarratu du aisialdi jarduera batean sortutako fokua dela Ordiziakoa, eta arduraz jokatzeko eskatu die herritarrei, eta PCR probak egitera joateko, beharrezkoa dela uste badute. Hain zuzen, ilara luzeak sortu dira gaur goizean Ordiziako osasun etxean, larunbatean atzeman zuten koronabirus kutsatze-katea eteteko PCR probak egin ahal izateko. Etxezarreta kalean dago osasun etxea, eta kale osoa zeharkatzen zuen ilarak goizean. Ordiziak 10.150 biztanle inguru ditu.


Jendea Ordiziako Etxezarreta kalean; eskuinean ikusten den azken eraikinean dago osasun etxea.

PCRak egiteko gune horretan hamar karpa jarri dituzte, eta goiz eta arratsalde egin dituzte probak. Bihar langile gehiago iritsiko dira, aldi berean lau eta sei bitartean egin ahal izateko. Murgak Ordiziako Udalaren laguntza eskertu du, oso azkar jarri duelako gunea eta "bikain" ari delako laguntzen. Inguruko osasun etxeetatik iritsi den laguntza ere eskertu du. Bart gauean, gainera, Etxezarreta, Andra Mari eta Kale Nagusia desinfektatu ditu udalak, baita herriko hainbat jolastoki eta edukiontzi ere.

Arantxa Iraola BERRIAko kazetariak jakinarazi duenez, gaur ezingo diete denei egin PCR proba. PCR probak egiteko gunea ondoan dago, Barrena parkearen goialdean. Udalak lasaitasuna eskatu du, eta, ohar batean, esan du positibo eman dutenekin harreman zuzena ez daukatenek bizimodu normala egin dezaketela.

Fokua, Sarri tabernan

Sarri taberna da fokuaren sorburua, gazte eta nerabeak biltzen diren taberna bat. Adur Ezenarro alkateak gaur goizean Euskadi Irratian azaldu duenez, larunbatean jaso zuten Osasun Publikoaren deia: jakinarazi zieten zenbait positibo zeudela herrian, eta fokua Sarri tabernan egon zitekeela. Ezenarro taberna horretara joan zen, udaltzainekin, eta ixteko agindua eman zuen. Sarri taberna Etxezarreta kalean dago, osasun etxearen eta herri antzokiaren parean. Atzo positibo gehiago izan ostean, inguruko beste hiru taberna ere ixteko agindu zuen udalak: Miami, Haka eta Kebab. Ezenarrok argi utzi nahi izan du beste hiru taberna horietan ez dela kutsaturik izan, baina zuhurtziaz hartu dutela erabaki hori.

Sarri tabernako langileek atzo goizean txanda zuten Zumarragako Ospitalean PCR probak egiteko, eta martxan jarri da Ordizian fokua kontrolatzeko protokolo bat. Gaur goizean jarri dute PCR probak egiteko gunea. Han zen goizean goizetik Ezenarro, Nekane Murga Osasun sailburuarekin batera; protokoloa zehazten aritu dira osasun etxeko langileekin.

Lehentasuna, langileak eta ohiko bezeroak

Positibo eman dutenen kontaktu zuzenei Osasun Sailetik deitzen ari zaizkie zuzenean. Orain arte positibo eman dutenekin harreman zuzena izan dutenak jada berrogeialdian direla esan du Ezenarrok, eta orain lau taberna horietako langileei eta ohiko bezeroei PCR probak egitea dela lehentasuna. Horregatik Sarri, Haka, Miami eta Kebabeko langileei eta ekainaren 27tik taberna horietan izan direnei osasun etxearekin harremanetan jartzeko eskatu diete, PCR proba egiteko.

Ordiziako herritarrei 943-00 76 35 telefono zenbakira deitzeko eskatu diete, eta txanda emango dietela. Herritik kanpo bizi eta kale horretako ostatuetan ibili direnentzat, berriz, beste telefono zenbaki bat jarri dute: 900-20 30 50. Prebentzio neurri bat besterik ez dela-eta lasai egoteko eskatu du Osasun Sailak. Kutsatze katea osatzea lehenbailehen eragotzi nahi dute, pertsona horiekin harremanetan jarriz.

Galdetegi bat, proba egin aurretik

Protokoloari jarraituz, Osakidetzako teknikariek galdetegi bat egiten diete ordua eskatzen dutenei, eta haiek erabakitzen dute proba egin behar den edo ez. Ezenarrok azpimarratu du Etxezarreta kaletik igarotze hutsa ez dela PCR proba egiteko arrazoia; tabernetan egon direnen kasuak ari dira aztertzen.

Ordiziako alkateak esan du orain arte egin dituzten probak izango direla gakoa zer neurri hartu behar diren erabakitzeko. Oraingoz, Etxezarreta kaleko taberna eremu horretara mugatu da itxiera, eta kale bereko beste taberna batzuk irekita daude. Udalean Osasun Publikoak esaten duena beteko dutela adierazi du Ezenarrok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.