Ordizian EH Bildu saritu dute, EAJren kaltetan

Koalizio subiranistak 2016an baino 230 boto gehiago eskuratu ditu, eta jeltzaleek, 356 gutxiago. Parte hartzea %55 izan da, batezbestekoaren gainetik.

Herritar batzuk hauteslekura sartzen, gaur, Ordizian (Gipuzkoa). GORKA RUBIO / FOKU
Paulo Ostolaza.
2020ko uztailaren 12a
22:31
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen interesgune nagusietako bat Ordizian (Gipuzkoa) egon da. Azkeneko astean koronabirusak gogor astindu du Goierriko udalerri hori, eta hauteskundeetan ere eragina izan du, emaitzei erreparatuta: herritarrek ontzat jo dute EH Bilduren udal gobernuak, Adur Ezenarro alkatea buru, azken asteko koronabirus kasuen agerraldia dela-eta egin duen kudeaketa, eta 230 boto gehiago eskuratu ditu koalizio subiranistak; 1.747 boto jaso ditu. Eusko Legebiltzarrerako 2016ko hauteskundeetan, EAJk bildu zuen boto gehien, baina orain nabarmen egin du behera: 1.268 boto eskuratu ditu, duela lau urte baino 356 gutxiago.

Duela urtebete udal hauteskundeetan EH Bilduk lortu zituen boz gehien (2.049), eta Elkarrekin Podemosen babesari esker iritsi zen Ezenarro alkatetzara. Zazpi zinegotzi atera zituen koalizio subiranistak, eta kopuru bera atera zuen EAJk (1.903). Berdinketa Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk hautsi zuten. Sozialistek (zinegotzi bat) babesa eman zioten aurreko agintaldian EAJren alkategaiari, eta koalizioa ostera berritzekotan ziren. Elkarrekin Podemosen bi zinegotziekin, ordea, eskuratu zuen alkatetza Ezenarrok. 146 botoren aldea nabarmen handitu du EH Bilduk uztailaren 12an.

<p>

 

Parte hartzea %55,95 izan da, duela lau urte baino nabarmen txikiagoa, orduan %65,06 izan baitzen. Azken egunetan Ordiziako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak izan dituzten tirabiretako bat izan da bozkatzeko eskubidea. Izan ere, koronabirusaren PCR testetan positibo eman dutenek (40tik gora) ezin izan dute bozkatu. Adur Ezenarro alkateak horien boto eskubidea urratu dela salatu du, horregatik. Aldiz, PCR proban negatibo eman arren etxean konfinatuta daudenek izan dute botoa emateko eskubidea, eta horrek kezka eta beldurra eragin du herrian, kutsatzeko arriskua areagotu zezakeelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.