Egoera baikorrenean, AHT abiadura handiko trenaren Gipuzkoako adarra 2018an egongo da martxan. Eusko Jaurlaritzari dagozkion lanak 2016. urtean bukatuta ere, Espainiako Sustapen Ministerioak azpiegitura osagarria egin beharko du trenak burdinbidea erabili ahal izateko. Hortaz, lan horien eskaintza egin eta izapidetu behar direnez, lanak beste bi urtez luza daitezkeela iragarri du Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.
Oregik berretsi du Eusko Jaurlaritza 2006ko hitzarmenean hartutako konpromisoak «leial» betetzen ari dela, eta dagozkion lanak 2016rako bukatuko dituela. Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean azaldu du, ordea, lan horiek ez direla nahikoa abiadura handiko tren bat hartzeko. Obra zibila bukatu ondoren, gainegitura, sistema elektrikoa eta bestelako azpiegitura prestatu behar da, eta lan horiek ez dagozkio Jaurlaritzari.
Jaurlaritzaren lanak bukatzean, Sustapen Ministerioa eta Adif Espainiako Trenbide Azpiegituren Administratzailea arduratuko dira lan osagarri horiek egiteaz. Oregik azaldu du lan horien eskaintza egin beharko dela, eta, horrenbestez, lanak beste urte eta erdiz edo bi urtez luzatuko direla gaineratu du. «AHTa 2018a baino lehen ibiliko dela pentsatzea ez da errealista, baina hortik aurrera, ikusiko dugu», gaineratu du sailburuak.
Espainiako Gobernuak Euskal Y-arekin duen konpromisoa Eusko Jaurlaritzak duenarekin bat ez datorrela iradoki du Oregik. Azaldu du Espainiako Gobernuko ordezkariek «hitzez» hainbatetan berretsi dutela Euskal Y-arekin duten konpromisoa. «Bileretan esaten digute lehentasun handiko egitasmoa dela haientzat». Ordea, ekintzek hori bera ez duela islatzen azaldu du sailburuak. «Ikusten dugu zer aurrekontu jartzen duten, eta nola lehenesten dituzten estatuko beste zati batzuk; hori ez dator bat esaten dutenarekin».
Ildo horretan Sustapen Ministerioari dagozkion Euskal Y-aren zatiak «kolokan» daudela azaldu du, azpiegitura egiteko erritmoaren ondorioz. Arabako eta Bizkaiko adarrean eskaini gabeko zatiak daudela azaldu du, eta, horrez gain, ahalegin ekonomiko handiagoa eskatu dio lanak egiterakoan. Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako adarrak batuko dituen korapiloa egiteko lanak ere ez dituzte oraindik eskaini, eta hori «derrigorrezkoa» dela nabarmendu du Oregik. «Kargua hartu ondoren egin nuen lehen gauzetako bat Madrilera joatea eta Ana Pastorri hori esatea izan zen».
Elorrio inguruan (Bizkaia) egongo den korapiloa egiteko egitasmoek hiru urte eta erdi beharko dituztela zehazten dutela gogorarazi du sailburuak. «Ez baditugu lan horiek ematen, hor izango dugu arazorik handiena». Horrez gain, Oregik zehaztu du ez dakitela Euskal Y-a noiz lotu ahalko den Espainiako abiadura handiko sarearekin, ezta zer motatako trenbideren bitartez, oraindik ez baitute lanik hasi.
Gasteiz eta Burgos (Espainia) arteko sareari buruzko informazio gutxi dagoela aitortu du sailburuak, eta dagoen apurra «arraroa» dela azaldu du. Hain zuzen ere, Euskal Y-a Espainiarekin lotzeko «bigarren mailako» trenbide mota bat aztertzen ari direla azaldu du, eta hori Europa zeharkatuko duen trenbide batean ezohikoa dela. Dena den, gai horiei buruzko informazio zuzenik eta ofizialik ez dagoela azaldu du, eta, horrenbestez, ezin dela ezer aurreratu.
EAEko abiadura handiko sarea bukatzean «irla» moduan geratzeko arriskua baztertu egin du. Bertatik joango diren trenek irteera izango dutela azaldu du, irteera horien kalitatea ona izan ez arren.
Bilera etorkizuna zehazteko
Abiadura handiko trena egiteko lanen bilakaera aztertu eta etorkizunerako lan ildoak zehazteko bilduko da gaur Euskal Y-aren lanen jarraipenerako batzordea. Batzorde hori 2006. urtean sortu zuten, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren arteko hitzarmena sinatu zutenean. Ordea, 2006. urtean bildu ondoren gaur egunera arte ez da berriro bildu; hau da, gaur egingo dute batzorde horren bigarren bilera. «Datu hori instituzioen artean egondako tenperaturaren adierazgarri da», jakinarazi du sailburuak.
Gaurko bileran, besteak beste, abiadura handiko trena Gasteiz, Bilbo eta Donostian sartzeko egitasmoei buruz hitz egingo dutela jakinarazi du Oregik. EAEko hiriburu batzuetan lur azpitik sartzeko egitasmoak zeuden arren Sustapen Ministerioak aukera horiek baztertu dituela azaldu du. Eusko Jaurlaritzak argitu nahi du zein den ministerio horrek dituen alternatibak, eta, horiek entzunda, Lurralde Antolaketa Sailak bere proposamena egingo du.
Proposamenak proposamen, Oregik ohartarazi du Madrilen egingo duten bileran ez direla irtenbideren baten bila ariko. «Lehen pausoa izango da gauzak beste modu batean egiteko». Ildo horretan, Oregik kritikatu egin du Espainiako Gobernuak izan duen komunikazio falta, eta jarraipen batzordearen baliagarritasuna goratu du. «Ez da bidezkoa jakitea zer pentsatzen duen Sustapen Ministerioak hedabideen bitartez». AHTa 2006an lehentasunezko ardatz moduan ezarri zutela berretsi du, eta jarraipenak ere lehentasunezkoa izan behar duela nabarmendu du.
Oregik dio onenean ere Gipuzkoako AHT zatia 2018an bukatuko dutela
Jaurlaritzaren lanak 2016an bukatuko diren arren, Oregik azaldu du Sustapen Ministerioari dagokiola azken lanak egiteaGaur bilduko da lanen jarraipena egiteko batzordea, bigarrengoz 2006. urtetik

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu