Salatu dute orka talde batek belaontzi bati eraso egin diola Deba parean

Frantziako bandera duen ontzi batek izan du ezbeharra, kostatik bi itsas miliatara. Itsas salbamenduak bi lagun erreskatatu ditu. Gorka Ocio baleetan adituak zuhurtzia eskatu du, orkek normalean ez baitute erasorik egiten.

'Azurea' belaontzia Getariako portuan, atzo. @TRUMOIBI
'Azurea' belaontzia Getariako portuan, atzo. @TRUMOIBI
Paulo Ostolaza.
2025eko uztailaren 22a
14:45
Entzun 00:00:0000:00:00

Euskal kostaldean ohikoa ez den ezbeharra gertatu zen astelehen arratsaldean Deba parean, Gipuzkoan: orka batzuek belaontzi bati eraso egin ziotela salatu zuten, eta itsas salbamenduko kideek bi lagun erreskatatu zituzten ontzitik. Erakunde horrek eman du gertakariaren berri. Azaldu duenez, ontziak ez zuen zulorik, baina hautsia zuen lema. Istripua 14:00ak aldera gertatu zen, kostatik bi itsas miliatara.

GwcXABGWgAEKZZs
'Azurea' belaontzia Getariako portuan, atzo. @TRUMOIBI

Azurea belaontziko eskifaiako kideek egin zioten larrialdi deia itsas salbamenduari. Bi kide ziren, bat 60 urtekoa —bestearen adinaren berri ez dute eman—, eta Salvamar Orion ontziak onik eraman zituen Getariako portura (Gipuzkoa). Hamar metroko luzera du belaontziak, eta atoian eraman zuten porturaino; 17:30 pasatxo zirela heldu ziren bertara. Gurutze Gorriaren Arriluce II ontziak ere parte hartu zuen operazioan.

Frantziako TF1 kate publikoak elkarrizketa egin die nabigatzaileei eta gertaeraren bideoa zabaldu du. Horretan, nabigatzaileetako batek kontatzen du orkek lemaren zati handi bat apurtu eta lemaren barra okertu zutela. «Konpontzea oso garestia da», azpimarratu dute. «Lema ezertarako balio ez duela utzi zuten». Bost minutuz «jolasean» ibili ostean eta gelditzen ez zirela ohartzean, laguntza eskatzea erabaki zutela esan dute: «Beste zerbait apurtuko ziguten eta larrialdi deia egin genuen; mayday, mayday».

Itsas salbamenduak BERRIAri azaldu dionez, euskal kostaldean ez dira ohikoak orken erasoak. Antzeko gertaeren berri izan dute, esaterako, Galizian eta Gibraltar inguruan, baina gutxitan Bizkaiko golkoan. 

Jolas arriskutsua

Gorka Ocio baleetan aditua da, ikuskatzaile zientifiko lanak egiten ditu arrantza ontzietan, eta dibulgatzailea ere bada. Azaldu du orkak ohi baino lehenago heldu direla euskal kostaldera, normalean abuztuan iristen baitira Gibraltarko itsasartetik, atungorriari segika. Aurten, ordea, hemen dabiltza ekainetik. «Arraroa da. Ez dakit zergatik. Atun eta hegaluze asko dago; hori da orken jakia, eta, asko dagoenez, litekeena da horrek orkak erakarri izana».

Ociok kontatu du itsasontziekin interakzioak izatea jolas bat dela orkentzat, baina kalte handiak eragin ditzaketela, belaontziak urperatzerainokoak ere bai. «Ulertzen dut ohituta ez dagoen jendeari beldurra eragin diezaioketela; piztia horiek zortzi metro inguru neurtu dezakete». Dena den, azaldu du Bizkaiko kostaldean hamar orkako talde bat ibili zela duela bi aste inguru, «eta, arrantzaleei zenbait hegaluze kendu zizkieten arren, ez zen ezbeharrik izan».

Horregatik, zuhurtzia eskatu du orken «erasoak» salatzerakoan, «kasu askotan alarma pizten baita alferrik».

Goizean, Ociok, itsasoan lanean jarduten diren profesionalekin hitz egin ostean, zalantzan jarri du Azurea belaontziak dituen kalteak orka batek eragin izana, sare sozialetan duen verballenas.com kontuaren bidez. «Adituen arabera, [ontziak] dituen arrastoak objektu gogor batek egindakoak dira, ez orka batek. Orkek ez dute hozka egiten, kopetarekin jotzen dituzte ontziak», argudiatu du.

Dibulgatzaileak tratua du orka iberikoa babesteko erakundearekin, eta hango kideek azaldu diote zeri erreparatzen dioten orkekin interakzioak izan dituzten ontziak aztertzera joaten direnean. «Peritu batek argitu beharko du kalteak zerk eragin dizkion belaontziari».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.