EAJrentzat «garai konplexu batean» heldu da gaur ospatu duten 47. Alderdi Eguna. Hala aitortu du Andoni Ortuzarrek, EBB Euzkadi Buru Batzarreko presidenteak. «Entzun dugu herritarrek azken hilabeteotan esan digutena, zentzu batean eta bestean. Ehun zatiak berriz jostea dagokigu orain, batzuengan eta besteengan berriz ere ilusioa piztea», esan du. Eguraldi onak lagunduta, milaka lagun elkartu dira Forondan (Araba), Batzen gaituen eguna lelopean egin duten egunean.
Ortuzarrek EAJ indartsu bat aldarrikatu du, «Euskadik autogobernurako eta aurrerabiderako bidetik jarrai dezan». «Benetako autogobernua eta benetako aurrerabidea, oposiziotik erraz hitzematen baita», kritikatu du beste alderdi batzuen jarrera. Jeltzaleen «zentraltasuna» aldarrikatu du, eta beste alderdi eta eragileekin elkarlanean aritzeko prest dagoela esan ere bai, «kontsentsuaren eta akordioen bidetik».
🟢 @andoniortuzar: "Alderdia topera ireki behar dugu. #Prest zaudete? Bai ala bai? Datorrenari aurre egiteko ilusioa eta indarra dugu? Bai ala bai?". #AlderdiEguna#BatzenGaituenEgunapic.twitter.com/crIk6rjzMW
— EAJ-PNV (@eajpnv) September 24, 2023
Ohikoa duen tonuan jardun du Ortuzarrek: «Hemen dago EAJren eskua, denekin hitz egiteko prest, Euskadik bizi duen une honi berme osoz hel diezaiogun. Eskua luzatzen diegu bereziki greba eta protesta adierazteko bide bakartzat jo dutenei. Konponbidea ez da grebatik etorriko: konponbidea elkarrizketatik eta akordiotik iritsiko da. Eser gaitezen lehenbailehen».
Espainiako Gobernuaren osaketari dagokionez, azpimarratu du hura baliatu nahi dutela lurralde ereduaren inguruko eztabaida mahai gainean jartzeko. Azkenik, alderdikideei zuzendu zaie: «Gure batzokien erosotasunetik ateratzeko garaia da, errealitate berrietara eta erreferente berrietara irekitzekoa, aldaketa sozialak egon direnean egin dugun bezala».
Urkullu eta Guindeo
Oholtzara igo diren beste bi alderdikideak Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria eta Amaiur Guindeo EGIko kidea izan dira. Urkullu EAJren balioen inguruan jardun da. Hiru puntu aipatu ditu: «pertsonaren zentraltasuna, oparotasuna partekatzea, eta gizarte kohesioa». Lehendakariaren arabera, hori «auzolana» aipatuta laburbildu daiteke.
Guindeok, bestalde, azpimarratu du EAJk gazteen erronkei aurre egingo diela: «Besteak beste, lan merkatuan baldintza duinekin sartzeari, langabezia tasa handiari, etxebizitza erosteko aukera eskasiari, berdintasunari, kalitatezko enpleguari edo klimaren krisiari».