EAJko Euzkadi Buru Batzarreko presidente Andoni Ortuzar eta Carles Puigdemont, erbestean dagoen Kataluniako Generalitateko presidentea, Waterloon (Belgika) batzartu dira gaur goizean. EAJ eta Junts alderdien arteko «harremanak estutzeko eta uztailaren 23ko Hauteskundeek Espainiako Estatuan utzi duten egoera politikoa aztertzeko» egin dute bilera, EAJk jakitera eman duenez.
Puigdemont presidentari Waterloon bisita egitea «aspalditik» zuen erabakia EAJk eta «agendan jasota», Ortuzarrek aiderazi duenez bilera amaitu eta gero. PPko hautagai Alberto Nuñez Feijooren inbestidura saioaren atarian, eta, horren ondotik, iristekoa den PSOEko presidentegai Pedro Sanchezenaren itzalean iritsi da bi gidarien batzarra. Bien botoak izango dira giltzarri Espainiako Gobernu berri bat eratzeko, eta Juntsen baiezkoa amnistia bati lotua egon daiteke.
«Oso topaketa adeitsua eta onuragarria» izan dela azaldu du EAJk. Alde batetik, «Euskadiren eta Kataluniaren arteko harremanak nola areagotu eta optimizatu» daitezkeen aztertu dute Ortuzarrek eta Puigdemontek. Bestetik, «eta logikoa denez», bileraren «zati handi bat» eman dute egungo egoera politikoari buruzko analisia partekatzen,«kontuan hartuta bi alderdiek U-23ko hauteskundeen ondorioz eta edozein inbestiduratan funtsezko zeregina, erabakigarria» joka dezaketela.
Zubi lanak egiten?
Beraz, EAJk eta Juntsek garbi utzi dute «erabakigarriak» direla Sanchezentzat. «Gure jarrerak elkarren artean partekatzeko bilera interesgarria egin dugu, oraindik hasi ez diren negoziazioei begira», esan du buruzagi jeltzaleak. Ezaguna da, ordea, negoziazioak izan badirela, eta, Kataluniako gatazkari lotutako amnistiaren eskaera mahai gainean lukeela PSOEk. Negoziazio horretan EAJk bitartekari rola joka dezaleela ere zabaldu da, Puigdemonten eta PSOEren artean.
«Euskadiko eta Kataluniako herritarrek adierazitako borondateak erabakigarri bihurtu dituzte bost diputatu jeltzaleen eta Juntseko zazpi diputatuen botoak, Espainiako Gobernua osatzeko orduan», azaldu du EAJk. «Prozesu garrantzitsu horri aurre egiteko» defendatzen dituzten «jarrerak eta itxaropenak» izan dituzte hizpide bi agintariek. Bi ordu eta erdiz luzatu da batzarra, Kataluniako buruzagiak Belgikan duen egoitzan, eta Ortuzar eta Puigdemonten arteko lehen harreman ofiziala izan da. Han izan dira Joseba Aurrekoetxea EBBko Antolakuntza Arloko arduraduna eta Jordi Turull Juntseko idazkari nagusia.