Osakidetzak 22,6 milioi erabili ditu itxarote listak arintzeko

Urtarriletik ekainera %1,42 ugaritu da kirurgiak egiteko eskaria. Osakidetzako buruzagiek adierazi dute ez direla luzatu itxarote zerrendak

Basurtuko Unibertsitate Ospitaleko ebakuntza gela bat. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Gasteiz
2018ko uztailaren 28a
00:00
Entzun
Osakidetzak plan bat abiatu du itxarote zerrendak murrizteko. Horretarako, 37,9 milioi euro izango ditu. Jada hasiak dira planarekin. Kopuru horretatik 22,6 milioi euro erabili dituzte dagoeneko. Itxarote zerrendei erantzuteko hemezortzi proiektu eta hamar ekintza ildo izango dira 2019. urtera arte. Hala adierazi zuten atzo Maria Jesus Mujika Osakidetzako zuzendari nagusiak eta Andoni Alzelai Asistentzia Sanitarioko zuzendariak Gasteizen egindako agerraldi batean. Are, plan horren barruan sakontzen jarraitzeko asmoa ere agertu zuten; besteak beste, ebakuntza gela berriak jartzeko asmoa dute.

2018ko lehen seihilekoan kirurgia eskaria %1,42 ugaritu dela jakinarazi zuten. Biztanleriaren zahartzeak eta teknologien hobekuntzek eragin dute kirurgia eskaria haztea. Hala ere, itxarote zerrendak ez luzatzea lortu dutela esan zuen Mujikak. Aurtengo lehen seihilekoan, batez besteko itxarote denbora 48,1 egunetan dago; 2017. urtean 47,9 egunetan zegoen. Traumatologia, oftalmologia eta kirurgia orokorra dira eskaera gehien izan dituzten esparruak. Biztanleriaren zahartzearekin lotu zituzten hirurak. 65 urtetik gorakoen ebakuntzak ebakuntza guztien erdia baino gehiago dira: seihileko honetan 65 urtetik gorako 40.284 pazienteri egin diete ebakuntzaren bat; horietatik 7.886 pertsonak 85 urtetik gora zituzten.

Egunero, 98.000 lagun baino gehiago artatu zituen Osakidetzak aipatu epean. Kanpo kontsultetan iaz baino 3.000 pertsonak gutxiagok itxaron behar izan dute artatuak izateko. Batez beste, itxaron beharreko denbora 30,1 egun izan da. Iazko epe bereko kopuruaren gainetik (26,9). Gainera, seihileko horretan, 2017an baino 3.000 lagun gehiago egon dira diagnostikorako proben zain. Halaber, seihileko honetan, %1,29 ugaritu dira mediku eta erizaintzako kontsultak.

Mujikak adierazi zuen Osakidetzak erantzuteko gaitasun handia duela: ehun pazientetatik 92ri osasun arazoa konpontzen diete, eta horietatik zortzi bakarrik ospitaleratu behar izaten dituzte.

Transplateetan lider

Osakidetzako Prebentzio eta Transplanteen Programak nazio eta nazioarte mailan erreferente direla ere azpimarratu zuten atzoko agerraldian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako organo emaileen kopurua munduko handienetariko bat da. Milioi bat biztanleko 55 organo emaile daude. Giltzurrun transplanteen aurreikuspena Europako kopururikhandienen barruan kokatu dute. Hezur-muin emaileak, berriz, azken urteetako kopururik handienetan daude orain ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.