Osakidetzak lan eskaintza publiko arrunta egingo du datorren urtean, 2023, 2024 eta 2025 urteei dagokiena, eta orotara 4.500 lanpostu inguru eskainiko ditu. Osakidetzako zuzendari nagusi Lore Bilbaok egin du iragarpena, Euskadi Irratiak egindako elkarrizketa batean. Esan duenez, deialdi horretan LEP lan eskaintza publikoko eredu berri bat ezarriko dute, eta zenbait berrikuntza sartuko dituzte: adibidez, galdera sorta bat egingo diete oposiziogileei, eta prozesua arintzeko neurri batzuk hartuko dituzte.
LEP arrunt horretaz gain, aste honetan beste bat iragarri du Osakidetzak: Lehen Arretan betetzeko zailak diren lanpostuetakoa. Ezaugarri horietako bigarren deialdia da; Bilbaok azaldu duenez, lehenengoa ebaztear dago, eta eskainitako 169 lanpostuetatik 168 esleitu dira jadanik.
Betetzeko zailak diren lanpostuetako deialdi berria ere 2026an izango da, eta horrek ere berrikuntzak izango ditu. Adibidez, lanpostua eskuratzen dutenek gutxienez bi urte eman beharko dituzte postu horietan, berriro hutsik gera ez daitezen. Bilbaok gogorarazi du lanpostu horiek lortzen dituzten profesionalek hainbat pizgarri izaten dituztela, hala nola lanordu gisa zenbatzea etxetik lanpostura joateko erabilitako denbora, edo puntuazio berezi bat hautaketa prozesuetan.