Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, txerto hexabalente iraungia jaso zuten paziente kopurua aurretik ezagutarazitakoa baino txikiagoa da. «Ziur aski, 30 pertsona ingurura jaitsiko da», azaldu dute Alberto Martinez sailburuak eta Miren Lorea Bilbao Osakidetzako zuzendari nagusiak. Herenegun, 253 kasuren berri eman zuten; atzo kopuru hori apaldu, eta 103 zirela adierazi zuten, baina konturatu dira kasu gehienetan erregistro akatsak daudela oinarrian, eta ez zaiela dosi iraungia eman. Halere, azken orduetan jasotako informazioaren arabera, posible da beste bi txerto jartzeko garaian ere dosi iraungiak eman izana. Denera, aipatu dute litekeena dela beste 78 kasu izatea; 49 kasu txerto tetrabalenteari lotutakoak, eta 29 txerto hirukoitz birikoari dagozkio.
Azken egunetan zabaldutako informazioa zehaztu eta martxan dituzten ikerketen berri emateko agerraldi bat egin dute Martinezek eta Bilbaok, eta urtarrilaren 15etik —orduan izan zuten akatsaren berri— egindako bidea azaldu dute. Batetik, adierazi dute «egin zitezkeen kontraste zientifiko eta sanitario sakonenak» egin dituztela «kaltetutako pertsonen segurtasuna zaintzeko» helburuarekin. Zehazki, hiru txosten ditu oinarri: EAEko Txertoen Aholku Batzordearena, Espainiako Botiken Agentziarena eta laborategi fabrikatzailearena. Hala, azaldu dute ez dagoela pertsonengan «ondorio kaltegarririk» izateko arriskurik, eta azaroan jarritako txertoak baliagarriak direla, nahiz eta txertoen ontzian urriaren 30a ageri iraungitze data gisa.
Abenduan eta urtarrilean jarritako txertoei dagokienez, berriz, ondorengoa azaldu dute. Denera, 103 pazienteri erreparatu diete, eta horiek «kasuz kasu» aztertu eta historia klinikoak ikertu ostean, ondorioztatu dute askotan ez dela beharrezkoa beste txerto bat jartzea. Azaldu dutenez, «aplikazioaren erabilera oker batengatik» akatsak izan dira erregistroetan, aurrez jasotako beste dosi batzuen sorta zenbaki bera jarri delako, berria erregistratu beharrean. Horren ondorioz, murriztu egin da kasu kopurua. Hala, Bilbaoren eta Martinezen esanetan, litekeena da 30 kasu baino ez izatea, eta horietako batzuk txertatu dituzte jada. Martinezek jakinarazi duenez, hamahiru ESIetatik hamabitan baieztatu baziren ere kasuak, Goierri-Urola Garaiko ESIan «bederatzi kasutik kasik zerora» igaro dira, Uribeko ESIan «11tik bira», eta Tolosakoan eta Basurtukoan «bat ere ez» dago.
Txerto hexabalentearen gaineko ikerketaren barruan, baina, txertaketan beste akats batzuk ere izan direla jakinarazi dute. Batetik, txerto berari lotutako beste kasu bat izan da, azaroan Basurtuko ESIan gertatutakoa. Horrez gain, txerto tetrabalentea jaso zuen haur baten amak gaur jakinarazi dio Osakidetzari balitekeela bere haurraren txertaketan akats bat egotea, eta horri lotutako 49 kasu identifikatu dituzte. Txerto hirukoitz birikoari lotutako 29 kasu ere identifikatu dituzte. Farmazia unitate batek eman du horren berri. Bi txerto horiei dagokienez ere, «ez dago ondorio kaltegarririk» pairatu duen inor, Osakidetzako arduradunen esanetan: «Nolanahi ere, kasuz kasu aztertzen ari gara berriro txertoa jarri behar den edo ez».
Jarraipen batzorde bat
«Osakidetzaren moduko osasun sistema batek ezin du maila honetako gorabeherarik izan», adierazi dute Martinezek eta Bilbaok, eta aitortu dute «akats larri bat» gertatu dela. Hala, iragarri dute aurrera begira neurriak hartuko dituztela, eta horien artean nabarmentzekoa da txertoen ikerketa eta trazabilitate batzorde bat sortu dutela. «Egoera hau eragin duen txerto hexabalentearen prozesuan gertatutakoa argitzeko, eta baita osasun zerbitzuan ematen diren txerto guztien kudeaketaren eta trazabilitatearen egiturazko ikerketa egiteko ere», azaldu du Bilbaok. Hala, txertaketa prozesuak aztertuko ditu batzorde horrek, eta beharrezko «neurri zuzentzaileak» proposatuko dizkio Osakidetzari.
Batzorde berri hori osatuko duten kideak ere aurkeztu dituzte prentsaurrekoan: David Cantero Osakidetzako Kalitateko zuzendariordea —presidentea izango da—, Laura Garcia Osakidetzako Erizaintzako unitate korporatiboko burua, Borja Domingo Osasun Saileko Kontratazio arduraduna, Marga Viciola EAEko Txertoen Aholku Batzordeko presidentea, Lander Hijona Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko zuzendaritzako zerbitzuburua, Josune Iribar Donostialdeko ESIko Lehen Mailako Arretako Farmazia arduraduna, Pello Latasa Osasun Publikoko zuzendaritzako Zaintza Epidemiologikoko arduraduna eta Pedro Carrascal Pazienteen Erakundeen Plataformakoa.
Batzorde hori ez da jazotakoa ikertzen ari den bakarra. EAEko Fiskaltzak diligentziak hasi ditu osasun publikoaren kontrako delitu bat egon ote den zehazteko. Ser irratik kateak argitaratu duenez, zenbait eskaera jaso ditu auzia ofizioz ikertu dezan, eta oraingoz aztertzen ari da ea herritarrentzat benetako arriskurik egon ote den. Ikerketak lehen fase batean daude, eta ikusi beharko dute zigor auzibide bati bide emateko arrazoirik ba ote dagoen.
Eztabaida politikoa
Txerto iraungien auziak herenegun egin zuen eztanda, EH Bilduk egindako salaketa zela medio. Orduan, Rebeka Uberak galdera sorta bat aurkeztu zuen Eusko Legebiltzarrean, Martinezek jazotakoaren berri eman zezan. Gaur, berriz, EITBri egindako adierazpenetan, koalizio hartako idazkari nagusi Arnaldo Otegik azaldu du zein izan den informazioa jaso zutenetik egindako bidea. Haren esanetan, EH Bilduk duela hamabi egun izan zuen gertatutakoaren berri, eta gehitu du «informazio delikatua» izanik hura egiaztatzeari ekin ziola. Osasun Sailak baieztatu zien txerto iraungiak jarri zirela, eta orduan erabaki zuten auziaren inguruko galdera parlamentarioak aurkeztea.
Otegik argudiatu du eurak ezin zirela jazotakoaren «konplize» izan eta isilik geratu, «osasun publikoari, familiei eta haurrei» eragiten dien auzi bat delako. Adierazi du txerto iraungia jaso zutenek eta haien familiek gertatutakoaren berri izateko eskubidea dutela, eta galdetu du ea hala izango zen EH Bilduk informazioa publiko egin ez balu. «Galdera [Osasun] sailak erantzun behar du, ez baita egia familiekin kontaktuan jarri denik».
Izan ere, Martinezek herenegun esan zuen kasu guztiak identifikatuak dituztela, eta familiei jazotakoaren berri ematen hasiak zirela argibideak emateko. Gaurko agerraldian esan dutenez, informazio guztia izateko zain zeuden familiekin hitz egiteko, eta denei egin diete dei jada, horietako batzuekin harremanetan jartzea lortu ez duten arren. Osasun sailburuak, gainera, EH Bilduren jokaera salatu du egunotan. Prentsaurrekoan, zuzenean haren izena aipatu ez badu ere, Uberari egotzi zion bien arteko «dei pertsonal bat erabiltzea» eta dei hartan hitz egindakoa «manipulatzea».