Osasuna

Osakidetzak bronkiolitisaren aurkako txertoa jarriko die arrisku handiko umeei eta jaioberriei

Gaixotasun larria izateko arriskua duten hamabi hilabetetik beherako umeei eta urritik martxora jaiotakoei jarriko diete txertoa.

Jaioberri bat. BERRIA
Edurne Begiristain.
2023ko irailaren 18a
21:21
Entzun

Osakidetzak arnas birus sintzitialaren (bronkiolitisaren) aurkako txertoa jarriko die arrisku handiko umeei eta jaioberriei. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, birus horrek sortutako gaixotasun larria izateko arriskua duten hamabi hilabetetik beherako umeek izango dute lehentasuna. Halaber, txertoa jarriko diete birusaren hedapen denboraldian jaiotakoei–urritik martxora bitartean, gutxi gorabehera–. Jaioberrien kasuan, jaio eta hurrengo egunetan jarriko zaie Nirsevimab txertoa. Nolanahi ere, Osasun Sailak ez du baztertzen 2024ko lehen hiruhilekoan jaiotakoei hedatzea txertaketa, egoera epidemiologikoaren arabera.

Nafarroan, urriaren 1etik abenduaren 31ra jaiotako arrisku handiko umeak txertatzea erabaki zuen Osasun Kontseilaritzak joan den astean.

Eusko Jaurlaritzak ez ditu bete Osasun Publikoaren Batzordearen azken bileretan adostutako gomendioak; izan ere, bilera horietan adituek aholkatu zuten txertoa sei hilabetetik beherako guztiei ematea, eta, ahal dela, urrian jartzea, birusa gehien zabaltzen den garaia iritsi baino lehen. Osakidetzak, aldiz, Euskadiko Txertoen Aholku Batzordeak ezarritako gomendioei kasu egin die: organo horrek ez du egokitzat jo txertoa unibertsalizatzea.

Urte batetik beherako umeen artean arnas aparatuko infekzioen eragile nagusia da arnas birus sintzitiala, eta kasuen % 90etan bronkiolitisa sortzen du. Helduak ere gaixotu daitezke, baina haurren artean sortzen ditu sintoma larrienak, batez ere jaioberrietan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.