Osakidetzak diru gutxiago ordainduko die anbulantzia enpresei atzerapenak badituzte

Zehaztu dute zein atzerapen diren onargarriak eta zein gehiegizkoak pazienteen garraio arruntean. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 650 milioi euroan eskainiko du anbulantzia zerbitzua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Pazienteek parte hartu dute prozesuan.

Anbulantzia bat. BERRIA
Anbulantzia bat. BERRIA
jakes goikoetxea
2026ko uztailaren 9a
14:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Zenbat eta atzerapen handiagoa izan, orduan eta diru gutxiago jasoko dute. Eusko Jaurlaritzak zigortu egingo ditu «gehiegizko atzerapenak» dituzten anbulantzien enpresak. Pazienteen garraio arrunta egiten duten anbulantziei ezarriko die irizpide hori, ez larrialdietakoei. 

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak lehiaketara aterako du Osakidetzako anbulantzia zerbitzua, bai garraio arruntari dagokiona, bai larrialdietakoa. Garraio arrunta deitzen zaio tratamenduren bat behar dutelako pazienteak etxetik ospitalera eta ospitaletik etxera eramatean datzan zerbitzuari. Garraio mota horretan ibiltzen dira, esaterako, dialisia behar dutenak.

Sailaren kontraturik handiena da, 650 milioi eurokoa guztira: 373 milioi euro larrialdi zerbitzuetako anbulantzientzat eta 277 milioi euro pazienteen garraio arruntarentzat, larrialdietatik aparteko zerbitzuarentzat. Anbulantzia horietaz gain, Osakidetzak larrialdietarako anbulantzia propioak ere baditu. Berez, hiru kontratu izango dira, herrialde bakoitzeko bana. Lehiaketa irabazten duten enpresak 2027ko urtarrilaren 1etik aurrera hasiko dira lanean, eta kontratua lau urterako izango da. Lau urte horiek betetakoan, aukera izango dute kontratua beste hiru urtez luzatzeko. Eusko Jaurlaritzak bihar argitaratuko ditu baldintza zehatzak.

Hiru atzerapen mota

Osakidetzak hilero ordainduko die enpresei zerbitzuagatik, baina zehaztutako kopurutik dirua kenduko die baldin eta anbulantziek «gehiegizko atzerapenak» badituzte. Hiru atzerapen mota zehaztu dituzte: onargarriak, gehiegizkoak eta gehiegizkoak baino handiagoak. Atzerapena zer-nolakoa den jakiteko, paziente motari ere erreparatu beharko zaio: pazientea zenbat eta zaurgarriagoa izan, atzerapenak orduan eta txikiagoa izan beharko du. «Atzerapen onargarria», berez, ordubetekoa izango da. Dialisia behar duten pazienteak tartean badira, ordea, 45 minutukoa izango da, eta transplanteren bat egin dietenen kasuan, ordu erdikoa.  

Anbulantzia zerbitzuei isunak ezartzea ez da halako kontratuen berritasun bakarra. Izan ere, pazienteen elkarte batzuek parte hartu dute zerbitzuaren oinarriak edo baldintzak ezartzeko prozesuan. Osasun Sailak gaur aurkeztu ditu kontratuen zenbait baldintza, Bilbon. Pazienteen elkarte horietako ordezkariak ere egon dira aurkezpenean. Belen Herrera, esaterako. Alcer Giltzurruneko Gaixoen Elkarteko Bizkaiko ordezkaria da. Urteotan dialisia behar izan du. Lau orduko saioa ospitalean. Eta, zenbait egunetan, «beste lau ordu» gero, ospitaletik jaso behar zuen anbulantziaren atzerapenagatik. «Gerta zitekeen etxetik 07:00etan ateratzea eta 17:00etan bueltatzea».

«Mugarri bat»

Aritz Uriarte Osasun Saileko Administrazio eta Finantzaketa Sanitarioko sailburuordeak nabarmendu du urrats bat egin nahi izan dutela anbulantzia zerbitzuaren baldintzak zehazteko orduan: «Zerbitzuak, pertsonentzat ez ezik, pertsonekin ere diseinatu nahi izan ditugu». Osasun Sailak «mugarritzat» jo du eragileekin egindako prozesua, eta «berritzailetzat» ere bai, «humanizazioa» txertatu dutelako, bai baldintzak zehaztu aurreko fasean, bai prozesu administratiboan: «Haien ekarpena ez da izan alderdi tekniko jakinak hobetzea soilik; kontratuaren funtsezko elementuetan eragin dezakete, hala nola irisgarritasunean, erantzuteko denboretan, pazienteari emandako informazioan eta kalitate adierazleetan».

Anbulantzia zerbitzuko lehiaketan, gaur egungo anbulantzia kopuruaren antzekoa ezarri dute: larrialdietakoa ez den osasun garraiorako 160 anbulantzia Bizkaian, 120 Gipuzkoan eta 30 Araban; larrialdietako garraiorako 36 anbulantzia Bizkaian, 24 Gipuzkoan eta hamasei Araban. Aurreikusi baino lan handiagoa izanez gero, anbulantzia gehiago jarri beharko dituzte. Kontratua emateko orduan aintzat hartuko dituzte, enpresen eskaintza ekonomikoaz gain, ibilgailuen ingurumen ezaugarriak, materialean egindako hobekuntzak eta pazienteen garraio arrunterako ibilgailu bereziak izatea. Sailburuordeak azaldu du kontratuei dagozkien diru kopuruak kalkulatzeko kontuan hartu dituztela sektoreko lan hitzarmenak, erregaien prezioen garestitzea eta «subrogatu beharreko» langileen kostua.

Zerbitzua arautzeko kontratua

Kontratu berrien bitartez sektorea arautu eta eguneratu nahi du Osasun Sailak. Izan ere, 2024an eten egin zuten Kataluniako La Pau anbulantzia enpresa zuten kontratua Araban eta Bizkaian. Erabiltzaileak kexu ziren zerbitzua kaskarra zelako, eta Lan Ikuskaritzak zigorrak ezarri zizkion enpresari. Alberto Martinez Osasun sailburuak kargura iritsi berritan hartu zuen kontratua eteteko erabakia.

Gipuzkoan lehengo enpresa berak jarraitu zuen zerbitzua eskaintzen: Ambulancias Gipuzkoak. Araban eta Bizkaian anbulantzia zerbitzua eskaintzen jarraitu behar zutela eta, Araban Ambulancias Gipuzkoa hasi zen zerbitzua eskaintzen, eta Alsa eta Baztan-Bidasoa enpresek bat egin zuten Bizkaian jarduteko. Baldintza berezietan hasi ziren lanean, eta zerbitzua lehiaketara ateratzeko zegoen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA