Osakidetzak hamar osasun etxetatik hirutan murriztuko ditu ordutegiak udan

Osakidetzak egonaldia amaitu berri duten barruko mediku egoiliarrak kontratatuko ditu absentziak estaltzeko, eta betetzen zailak diren lehen mailako arretako lanpostuak egonkortzeko neurriak indartuko.

Errenteriako osasun etxea, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
Errenteriako osasun etxea, artxiboko irudi batean. ANDONI CANELLADA / FOKU
edurne begiristain
2026ko ekainaren 26a
13:23
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osakidetzako lehen mailako arretako hamar osasun zentrotik eta kontsultategitik hirutan ordutegiak murriztuko dituzte udan, Eusko Jaurlaritzak gaur aurkeztu duen udako plangintzaren arabera. Osasun Sailak nabarmendu du aurreko urteekin alderatuta udako murrizketak «ahalik eta gutxien» izatea izan duela helburua, eta iaz baino osasun etxe gehiago egongo direla irekita.

Jaurlaritzaren datuen arabera, Osakidetzaren 337 osasun zentro eta kontsultategietatik 210etan (%62) ohiko ordutegiari eutsiko diote uda osoan. Beste ehun zentrotan (%29,7) ordutegia moldatuko dute tarteren batean, gehienetan 20:00etan itxi beharrean 17:00etan ixteko. Gainerako 27 kontsultategiek (%8) gutxienez egun batez itxiko dute opor garaian; iaz baino hamar kontsultategi gutxiagok, alegia.

Joera aldaketa

Udako hilabeteetan ohikoa izan da Osakidetzak lehen mailako arretako zentro batzuen ordutegiak murriztea edo aldi baterako ixtea, batez ere profesionalen oporrak eta ordezkoak aurkitzeko zailtasunak direla medio. Azken urteetan, bereziki mediku faltaren ondorioz, hainbat herritan kritikak eragin dituzte udako egokitzapen horiek. Aurten, ordea, Jaurlaritzak dio joera aldatzen hasi dela, ordutegi murrizketak eta itxierak gutxitu baitituzte.

Jaurlaritzak arreta bermatzeko hainbat neurri hartu ditu uda honetan. Besteak beste, egonaldia amaitu berri duten barruko mediku egoiliarrak kontratatuko ditu absentziak estaltzeko, eta betetzen zailak diren lehen mailako arretako lanpostuak egonkortzeko neurriak indartu ditu.

Osasun Sailak azaldu du udan asistentzia eskaera ere txikiagoa izaten dela, arnas gaixotasunen intzidentzia apaldu egiten delako. Horrez gain, gogorarazi du lehen mailako arretako sareak Etengabeko Arretako Guneekin (EAG), larrialdi zerbitzuekin eta etxez etxeko arretarekin batera jarduten duela, eta horrek arreta bermatzen duela.

Hala ere, Jaurlaritzak ohartarazi du egoera aldakorra izan daitekeela eta zentroetako ordutegiak astero berrikusten direla, oporraldien edo ezusteko gaixo baimenen arabera. Horregatik, herritarrei gomendatu die beren osasun zentroaren ordutegia aldez aurretik egiaztatzea Osakidetzaren webgunean edo telefonoz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA