Osasuna

Osakidetzak lan eskaintza publiko bat antolatu du 215 sendagile hautatzeko

Familia medikuak eta pediatrak dira; iruzurra saihesteko ebatzi diren irizpide berriekin egingo dira azterketak.

arantxa iraola
2019ko irailaren 17a
21:26
Entzun

176 familia mediku, eta 39 pediatra; Osakidetzak martxan jarriko duen lan eskaintza publiko berrian eskainiko diren lanpostuak dira. Lehen mailako arreta "indartze" aldera, enpleguaren "egonkortasuna eta kalitatea" hobetzeko asmoz antolatutako deialdia dela esan du gaur Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu Nekane Murgak. Probak datorren urteko lehen seihilekoan egingo dira, eta urtea bukatu aurretik lanpostuak esleituta edukitzea da helburua.

Osakidetzak azterketak egingo ditu lan deialdiak egiteko ondu duen eredu berriarekin. Irregulartasunak saihestea du helburu, luzea izan baita aurreko lan deialdian hainbat etsaminetan izandako filtrazioen gaineko salaketen inguruko albisteen lorratza: hain justu, auzibide bat martxan da hainbat espezialitatetako probak ikertzeko. Iruzurraren inguruko berri horien ondorioz, hainbat dimisio gertatu dira; besteak beste, aurreko Osasun sailburu Jon Darponena.

Deialdi horren atzetik, gehiago helduko direla esan du Murgak: erizain lanpostuekin ere egin nahi dute aurki, adibidez, oposizio bat. Horren premia handia dela oroitarazi dute maiz erizainen ordezkariek. Esaterako, gaur SATSE sindikatuak salatu du uda honetan erizain gabezia agerikoa izan dela, eta osasun sistemak "aurreikuspen falta" erakutsi duela. Egoera horren ondorioz, langileek "aparteko lan zama" izan dutela kritikatu du. Beharginak egonkortzeko neurririk hartu ezean, profesionalek "ihes egiteko" arriskua dagoela esan du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.