Kanpoko adituek taxutuko dituzte Osakidetzako azterketak orain

Iazko polemikaren ondotik, iruzurra eragozteko neurriak iragarri ditu aurtengo oposizioetarako. Epaimahaiak zozketa bidez hautatuko dituzte

Osakidetzako lan eskaintza baten hasiera. Artxiboko irudia. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Garikoitz Goikoetxea.
2019ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Osakidetza neurri gehiago hartzen hasi da oposizioetan iruzurra eragozteko. Iazko udaberrian polemika handia sortu zuten mediku espezialitate batzuetako proben emaitzek: oso kalifikazio irregularrak izan ziren —batzuek, oso nota ona; besteek, oso kaskarra—, eta filtrazio zantzuak sumatu zituen fiskalak. Zabalik dago auzibidea. Udazkenean beste lan eskaintza bat egingo du Osakidetzak, eta jakinarazi du aintzat hartu dituela Arartekoak egindako proposamen batzuk; besteak beste, epaimahaiak zozketa bidez hautatzea. Beste neurri esanguratsu bat ere hartu du: azterketaren edukia kanpoko profesionalek prestatuko dute —proba teorikoa ez ezik, praktikoa ere bai—. Gainera, azken uneko zozketa batean zehaztuko dute zer ariketa sartu.

Lanpostu aldetik, lan eskaintza mugatuagoa da udazkenekoa: mediku espezialisten 22 postu eskainiko dituzte, eta teknikari biologoen lau postu. 2016-2017ko lan eskaintzatik zintzilik daude postu horiek. Prozedura martxan da: 350 profesionalek baino gehiagok eman dute izena probetan parte hartzeko. Horietatik %77 emakumeak dira, eta %83 Araban, Bizkaian edo Gipuzkoan bizi dira. Espero dute urriko bigarren hamabostaldian egitea azterketak.

Proba horiek izango dira oposizioetako iruzurra salatu osteko lehenak, eta Osakidetzako arduradunek agerraldi batean iragarri zuten, atzo, zer neurri hartuko dituzten. Azterketaren edukia kanpoko adituen esku uztea da zutabe nagusia. Gogoan izatekoa da zein den iruzur salaketen oinarria: proben edukia aldez aurretik jakinarazi zietela mediku batzuei.

Fiskalak 11 espezialitatetan sumatu zituen iruzur zantzu horiek, baina akusazio zehatza hiru espezialitatetan egin zuen, besteetan ez zuelako modurik zehazki inor akusatzeko. Epaileak hiru mediku jarri ditu ikerketapean: Anestesiako, Angiologiako eta Digestio Aparatuko epaimahaietako kide bana. Bi delitu aipatu zituen akusazioko autoan: agirien zaintzan desleialtasunez jokatzea —dokumentu konfidentzialak ondo ez gordetzea—, eta sekretuak aurkitzea eta agertzea —azterketa egin zuten batzuei edukiak filtratzea—.

Epaimahaien betebeharrak

Iruzurraren ardura osoa epaimahaietako kide horien gain utzi du Osakidetzak hilabeteotan, nahiz eta testigantza ugarik dioten Osakidetzan urteetan egin dutela iruzur hori. Hain justu ere, hurrengo oposizioei dagokienez, iragarri dute deialdian zehazki jasoko dutela epaimahaietako partaideek zer «betebehar etiko» dituzten, eta formakuntza jasoko dutela nola aritu behar duten zehatz jakiteko.

Osakidetzako hiru arduradun nagusiren dimisioa ekarri du oraingoz iruzurraren auziak: Jon Darpon Osasun sailburuarena, Maria Jesus Mujika zuzendariarena eta Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako zuzendariarena. Epaileak erabakitzeko dauka osasun zerbitzuko arduradunen bat ikerketapean jarri edo ez. Fiskalak hiru lagun aipatu zituen txostenean: Soto bera, Xabier Balerdi Giza Baliabideetako zuzendariordea eta Andoni Arzelai Osasun Arretako zuzendaria. Fiskalak ez zituen zuzenean akusatu, eta epailearen esku utzi zuen zer egin.

Iruzur salaketa eta auzibide horiek gorabehera, lan deialdi hartako postuak emateko prozedurarekin ari da Osakidetza. «Auzitan ez dauden» espezialitateetako azken emaitzak irailean ematekoak dituzte —merituak baloratzen ari dira orain—. Susmopean dauden espezialitateei dagokienez, berriz, jakinarazi dute etenda dagoela postuak emateko prozedura epaitegiek ezer erabaki arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.