Salatu dute Osakidetzak legea urratuko duela lehen mailako arretan psikologo ez-espezialistak kontratatzeagatik

Psikologia Klinikoaren Euskal Elkarteak adierazi du espezializazioa ezinbestekoa dela lehen mailako arretan lan egiteko. ELAk ere kritikatu du Osakidetzaren erabakia.

 Osasun zentro bat artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Osasun zentro bat artxiboko irudi batean. GORKA RUBIO / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko irailaren 29a
13:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Osakidetzak joan den astean iragarri zuen lehen mailako arretako osasun zentroetan psikologoak jarriko dituela, «arreta arinagoa eta hurbilagoa» emateko. Esperientzia pilotu gisa, hamahiru osasun zentrotan jarriko dituzte psikologoak. Azaldu dutenez, Osasun Itunaren ildo estrategikoetako batean dago jasota osasun psikologoaren figura sortzea. Psikologia Klinikoaren Euskal Elkarteak salatu duenez, baina, psikologo ez-espezialistak kontratatuz gero legea urratuko dute.

Elkarteak ohar bidez azpimarratu du beharrezkoa dela «osasun mentalean baliabideak» areagotzea, baina hori ezin dela «edozein preziotan» egin. «Aditzera eman den bezala, espezialistak ez diren psikologoak kontratatuko dira, eta legea urratu», salatu dute. Izan ere, EAEko Osasun Publikoari Buruzko Lege Orokorrak zera adierazten du: «Lehen mailako arretan eta arreta espezializatuan lan egiten duten psikologoek Psikologia Klinikoko Psikologo Espezialistaren titulu ofiziala izan behar dute». Osakidetzak, berriz, unibertsitateko graduatuak hartzea proposatu du, baldintza bakarrarekin, «Osasun Psikologia Orokorreko masterra egin izana».

«Harrituta» daude elkarteko kideak, «aurrekariak ikusita». Hain justu, Psikologia Klinikoko Espainiako Elkarteak auzitara eraman zuen Errioxako Osasun Zerbitzua, lehen mailako arretan psikologoei eskatzen zaien titulazioari buruzko legea hausteagatik. Iazko urtarrilean, arrazoia eman zioten elkarteari.

Profesionalen eskasia

«Inork ez luke onartuko traumatologiako kontsulta batean dagokion espezialitaterik ez duen profesional batek artatzea», azpimarratu dute, eta osasun mentalean «irtenbide inprobisatuak» proposatzea leporatu diote Osakidetzari. Aitortu dute osasungintzan «profesionalen eskasia» dagoela, baina erantsi dute hori ezin dela arrazoia izan «osasun mentaleko espezialistak ez direnak» hartzeko.

Elkarteak argi utzi du «prestakuntza generikoa eta borondate ona» ez direla nahikoa pertsonen osasunarekin lan egiteko. «Osasun mentalean esku hartzea konplexua da, eta, bere formarik arinenetan ere, ezagutza kliniko sendoak eskatzen ditu. Buruko osasunak adabaki bat baino zerbait gehiago eskatzen du».

ELA sindikatuak ere salatu du Osakidetzak hartutako erabakia. Haren arabera, «neurri horrek ez du indartuko osasun mentalari lotutako patologiak artatzen dituen lantaldea; ez ditu arinduko itxaron zerrendak, ezta profesionalek jasaten dituzten lan karga handiak ere». Hain zuzen ere, proposatu dituzten psikologoek ezingo dituzte euren lankide psikologo klinikoen funtzio berak bete; hau da, «ezingo dute diagnostikorik egin, ezta tratamenduak bideratu» ere. Errefortzu hori, hortaz, «oso mugatua» izango dela salatu dute.

«Osakidetzak psikiatra eta psikologo kliniko gehiago behar ditu», argi utzi du sindikatuak. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari aurpegiratu diote aitzakia gisa erabiltzea Espainiako Osasun Ministerioak eskaintzen dituen «espezializazio plaza urriak», eta osasun profesionalen espezializazioa bere gain hartzeko eskumena eskatu nahi ez izatea. Horiek horrela, Jaurlaritzari eta Madrilen ordezkaritza duten euskal alderdi politikoei exijitu diete euren ordezkaritza baliatzeko, «EAEk bere gain har dezan osasun langileen prestakuntza espezializatua». Lan baldintzak hobetzea ere exijitu dute, profesionalak erakartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.