Osakidetzak lehen arretako aurrez aurreko kontsultak transkribatuko ditu

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak medikuen lana arindu nahi du. Sistemak, elkarrizketan oinarrituta, laburpen kliniko egituratu bat egingo du. Osasun langileek ontzat jo beharko dute historia klinikoan sartu aurretik.

Osakidetzako lehen arretako kontsulta bat. IREKIA
Osakidetzako lehen arretako kontsulta bat. IREKIA
jakes goikoetxea
2026ko maiatzaren 19a
14:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Sistema baten bidez grabatu egingo dituzte lehen arretako osasun langileen eta herritarraren arteko elkarrizketak: grabazioa transkribatu, eta laburpen kliniko egituratu bat sortu. Euskaraz edo gaztelaniaz, elkarrizketako hizkuntzaren arabera. Laburpen hori pazientearen historia kliniko elektronikoan sartu ahal izango da. Sartu aurretik, osasun langileak berrikusi eta ontzat jo beharko du.

Osakidetzak lehen arretako kontsultetako elkarrizketak transkribatzeko sistema bat ezarriko du, pixkanaka. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren arabera, ahotsa transkribatzeko sistema horrek «karga burokratikoa murriztuko du, eta herritarren arreta hobetu». Medikuek herritarrak artatzeko denbora gehiago izango dutela nabarmendu du. Erakundeak hiru helburu zehaztu ditu: alde batetik, erregistroak eskuz baino azkarrago egitea; bestetik, datu klinikoen «kalitatea eta homogeneotasuna hobetzea»; eta, azkenik, arreta «arinago» izaten laguntzea.

Ez da medikuen ordezkoa

Osasun Sailak ohartarazi du lehen arretako langileei laguntzeko tresna bat dela, baina ez duela ordezkatzen haien irizpide klinikoa. Ez du erabakirik hartuko eta ez du bere kabuz informaziorik gehituko. «Ez du aldatuko medikuaren erantzukizuna; medikua da arretaren eta erabaki klinikoen arduraduna», azaldu du.

Sistema probatzeko epea bukatu dute, eta egiaztatu osasun langilearen eta pazientearen arteko elkarrizketa grabatzeko eta transkribatzeko balio duela. Hamasei familia medikuk, bost erizainek eta bi pediatrak probatu dute. Ehun grabazio inguru egin dituzte. Osasun Sailaren esanetan, langileek balorazio ona egin dute eta administrazio lanen denbora «nabarmen» murriztu da. Osasun langileek testuari oniritzia eman beharko diote, «informazioaren kalitatea eta segurtasuna bermatzeko».

Aurrez aurreko kontsultak dira Osakidetzako lehen arretako jardueraren %60. Iaz 1.800 familia medikuk 5,5 milioi kontsulta egin zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA