Osakidetzak osasun zentro batzuetako ordutegiak moldatuko ditu udan. Jakinarazi duenez, 211 osasun zentrok —guztien %63k— betiko ordutegiari eutsiko diote; hortaz, hiru osasun etxetik batean murriztuko dute ordutegia. Are, baliteke aldi baterako osasun baliabideren bat ixtea.
Moldaketak jasango dituzten osasun zentroei dagokienez, aldaketa nagusia zera izango da: 08:00etatik 17:00etara arte eskainiko dutela arreta, eta ez 20:00ak arte. Osakidetzak ohartarazi du balitekeela aldi baterako osasun baliabideren bat ixtea, baina «egun solteetan» bakarrik. «Inola ere ez modu jarraituan», zehaztu du.
Osakidetzaren arabera, «ahalegin handia» egin dute ohiko arreta mantentzeko. Egokitzapenen helburua da «kalitatezko osasun laguntzaren jarraitutasuna, profesionalen atsedena eta negu osteko zerbitzuen eskari txikiagoa» bateratzea. Gainera, adierazi dute arreta bermatuta egongo dela «asistentzia sare zabal bati esker»; horren parte dira EAG etengabeko arretako guneak, larrialdietako eta emergentzietako ospitale zerbitzuak eta etxez etxeko arreta. Ezohiko neurri batzuk ere aktibatu dituzte. Esaterako: «Lehen mailako arretan betetzen zailak diren lanpostuen lan eskaintza publikoa egitea eta Gaztetzeko eta Fidelizatzeko Programa, uda hasieran egoitza amaitzen duten barruko mediku egoiliarrak kontratatu ahal izateko».
Murrizketa horiek guztiak ez dituzte begi onez ikusi ELA eta CCOO sindikatuek. Are, ELAk gogoratu du iaz ere lehen arretan egindako murrizketak salatu zituztela. Sindikatuaren arabera, «gobernu berria osatu eta ia urtebetera», errealitatea ez da aldatu: «Egiturazko arazoek bere horretan jarraitzen dute; Osakidetzako zuzendaritza neurriei berrantolaketa deitzen tematu den arren, ordutegiak murriztuko ditu, eta osasun etxe batzuk itxi».
Lan baldintza eskasak
ELAren iritziz, ez da neurri egokirik hartu «egiturazko arazoa konpontzeko». Egungo egoera «erabaki politikoen ondorio zuzena» dela uste du, eta hori konpontzeko langileen lan baldintzak hobetu behar direla. «Osasun Sailak profesionalen gabeziaren aitzakia erabiltzen jarraitzen du aspaldiko arazo asko zuritzeko, baina ahaztu egiten zaio aipatzea eskasia horren atzean lan baldintza eskasak daudela». Argi utzi dute lan baldintza onik gabe ez dagoela kalitatezko zerbitzu publikorik.
Egungo egoera islatzeko, datu batzuk eman nahi izan ditu ELAk. Adierazi du behin-behinekotasun tasa %58koa dela; 27.000 langileri eragiten die horrek. Horrez gain, gogoratu dute Osasun Sailak %11,5 areagotu zuela iaz zerbitzu pribatizatuak finantzatzeko diru saila. «Langileek kaosa pairatzen dute oraindik ere hautaketa prozesuen kudeaketan», erantsi dute. Horiek horrela, «plan erreal eta eraginkor bat» eskatu diote Osasun Sailari, «urtean 180 egunetan jasaten dituen murrizketak ezabatzeko». Eta esan dute ezin dituztela normalizatu «profesionalentzako gainkarga eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzuaren prekarizazioa» dakarten neurriak.
CCOO sindikatuak, bestalde, kezka eta gaitzespena adierazi du «herritarrei zuzenean eragingo dieten neurri atzerakoiak» ikusita. Osasun Sailari eskatu diote negoziazio prozesu bat abiatzeko, «konponbide errealak bilatzeko, profesionalak erakartzeko, arreta bermatzeko eta lehen mailako arreta indartzeko, sistema publikoaren oinarri baita».
Udako murrizketak zuzenean aipatu ez baditu ere, SATSE erizainen sindikatuak ohar bidez nabarmendu du lehen mailako arretaren egoerari premiaz heldu behar zaiola. «Ezin dugu beste aldera begiratzen jarraitu, osasun arretan sartzeko atea baita». Era berean, gogoratu dute profesionalek urteak daramatzatela gero eta gainkarga handiagoa euren gain hartzen, «egunerokoan benetako hobekuntzarik ikusi gabe». Sindikatuak premiazko neurriak eskatu ditu profesionalek jasaten duten gainkargari eta prekaritateari aurre egiteko, eta prest agertu da negoziazio foroetan lanean jarraitzeko.