Osakidetzako medikuen, erizainen, farmazialarien eta psikologoen prestakuntza espezializatuaren garaia haien garapen profesionalean islatuko da. Emandako zerbitzu gisa onartuko diete. BAME, BAEE, BAFE eta BAPE-ei eragingo die. Hizki salda horren barruan daude barruko mediku, erizain, farmazialari eta psikologoak.Â
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du osasun langileen garapen profesionalerako eredu berria hitzartu duela gaur SME Euskadiko Sendagileen Sindikatuarekin, SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuarekin eta CCOOrekin. Osasuneko Mahai Sektorialean sinatu dute akordioa. Dekretu gisa onartu dute, eta orain hasiko du prozedura administratiboa.Â
Garapen profesionala osasun langileen «ibilbidearen, prestakuntzaren, esperientziaren eta merezimenduen araberako mailak aitortzeko sistema bat da», Osasun Sailaren arabera. «Asistentziaren kalitatea hobetzea, langileak motibatzea eta haien konpetentzia profesionala handitzea du helburu». Osakidetzak urtero egingo ditu langileentzako deialdiak, eta hala dagokien langileei urtarrilaren 1etik aurrerako ordainketetan aplikatuko dizkie garapen profesionalaren ondorioak.Â
Eredu berriaren beste berrikuntzetako batzuk hauek dira: osasun langileek ohi baino puntu gehiago lortuko dituztela betetzeko zailak diren lanpostuetan lan egiteagatik; faktore zuzentzaile bat aplikatuko dietela kontziliazioagatik parte hartzeko aukera gutxiago izan dutenei; eta hizkuntza gaitasunak eta gaitasun digitalak txertatuko dituztela osasun langileen talde guztietan.
«Aukera galdua» da ELArentzat
ELAk ez du babestu garapen profesionalerako eredu berria. Sindikatuaren iritziz, dekretu berriak «aurrerapauso txikiak» baditu ere —batzuk ELAk proposatu zituela zehaztu du—, «aukera galdu da langileei benetako garapen profesionala ahalbidetzeko eredu bat eskaintzeko». Gaur onartutako ereduak aurrekoaren ezaugarriei eusten diela uste du.
Sindikatuak salatu du Osakidetzak azken urteetan hainbat aldiz ez dituela ordaindu garapen profesionalari dagozkion ordainak. ELArentzat, osasun langileek izan beharreko garapen profesionalak bermatu egin behar du bete egingo dela eta langileei dagokiena ordainduko dietela. Beste bi ezaugarri ere izan behar ditu, gutxienez: genero arrakala ezabatzeko neurriak eta euskararen ezagutzaren balorazioa.Â