Telerrehabilitazioa: norberak etxean egindako errehabilitazio saioa, bitarteko telematikoak baliatuz. Osakidetzak proiektu bat abiatuko du lehen arretan, pazienteek telerrehabilitazioa egin dezaten. EAEko osasun zerbitzu publikoak argitu nahi izan du saio horiek ez dituztela aurrez aurrekoak ordezkatuko, eta fisioterapiako profesionalen laguntzaz eta jarraipen klinikoa eginda egingo direla. Aurrez aurreko saioak eta Internet bidezkoak uztartuko dituzte.Â
Gerrialdean, zerbikaletan eta sorbaldetan arazoak dituztenekin hasiko dute. Hiru patologia ohikoenak dira, Osakidetzaren arabera. Proiektua hilaren 20an abiatuko dute, Gasteizen: Aranbizkarra IIko, Salburuko eta Zabalganako osasun zentroetan. Gero, pixkanaka, zabaldu egingo dute Osakidetzako errehabilitazio zerbitzu guztietara. Fisioterapia taldeek parte hartu dute proiektuaren diseinuan.Â
Gaur egun patologia horiek dituztenek aurrez aurreko hamabi saio egiten dituzte, taldean, sei eta zortzi asteko epean. Saio horietan sendatzeko, indartzeko edo mina kontrolpean izateko ariketa terapeutikoak lantzen dituzte. «Kasu askotan», azaldu du Osakidetzak, «terapia horiek kontzentratu edo laburtu behar izaten dira, saiook ez direlako bateragarriak erabiltzaile zenbaiten eguneroko ardurekin eta zereginekin». Proiektu berriarekin, pazienteek aurrez aurreko zortzi saio jasoko dituzte, eta telerrehabilitazio saioak egingo dituzte sei astean. Zortzi asteko tratamenduak izango dira.
«Alferrik joan-etorrian» ez
Osakidetzarentzat telerrehabilitazio proiektuak abantailak ditu pazienteentzat, besteak beste ez dutelako ibili beharko «alferrik joan-etorrian»; tratamenduekiko atxikimendua hobetuko duelako; eta asistentzia segidakoa izatea bermatuko duelako. Osakidetzaren ustez, plan terapeutikoak «egokiagoak, erosoagoak eta malguagoak» izango dira.
Proiektua «urrats erabakigarria» da eraldaketa digitalerako prozesuan, Osakidetzaren iritziz. Eta Osasun Itunean jasotako konpromiso bat betetzen duela nabarmendu du: Osakidetzaren eraldaketa digitala eta osasun arreta berritzea, «arreta hori hurbilagoa, ekitatiboagoa eta efizienteagoa izan dadin».