Osakidetzako langileen erdiek betetzen dute hizkuntza eskakizuna

Duela hogei urte Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua onartu zenetik, hizkuntza eskakizunak %7,6tik %51ra igo dira.

(ID_13318103) (Idoia Zabaleta/@FOKU) 2023-11-03, Iruñea. LAB sindikatuak protesta egin du Hezkuntza Departamentuaren aurrean
LAB sindikatuaren protesta euskarafobiaren kontra / IDOIA ZABALETA
itsaso jauregi 2
2023ko abenduaren 2a
17:05
Entzun

Euskararen Eguna dela eta, Osasun Sailak euskararen erabileraren inguruko datuak argitaratu ditu. Osakidetzak 2017an pazienteen hizkuntza lehenesteko erregistroa abian jarri zuenetik, 347.200 erabiltzailek aukeratu dute euskara lehentasunezko hizkuntza gisa osasun sistema publikoan artatuak izateko. Era berean, Osakidetzako pazienteei 2022an egin zizkieten ausazko inkesten arabera, %77,2k euskararen erabilera eta presentzia babesten dute. Osakidetzako langileen artean ere euskararen presentzia aldatu da: 2003an Osakidetzan euskararen erabilera normalizatzeko dekretua onartu zenetik, hizkuntza eskakizunak %7,6tik %51ra igo dira.

Gotzone Sagardui Osasun sailburuaren iritziz, duela bi hamarkada Osakidetzan onartutako dekretuaren eragina datu horietan islatzen da: «Euskal osasun sistema publikoan euskarak duen presentziaren eta erabileraren aurrerapen mailakatua egiaztatzen dute». Lorpen horren atzean dauden langileak eskertu nahi izan ditu Sagarduik, eta gogorarazi nahi izan du euskararen erabilera normalizatzeko dekretua sinatu zenetik 58.631 euskara ikastaro eman zaizkiela profesionalei. Hala ere, Sagarduik adierazi du oraindik bide «luzea» geratzen dela euskara gizartean normalizatzeko.

Nafarroan euskara normalizatzeko bidea oztopatuta ikusten du LAB sindikatuak: «Euskararen Eguna den honetan, euskararekiko defizit historiko hori zuzentzeko garaia da. Duela 2.000 urte euskaraz idazten zuten lurraldean, egun hizkuntza propio hori ez da ofiziala». Euskararen ofizialtasuna aldarrikatu du sindikatuak: «Sortzen duen aniztasunaren eta aberastasunaren babesa, sustapena eta prestigioa; ofizialtasuna. Eskubide guztiak pertsona guztientzat».

Nafarroako Parlamentuak Foru Hobekuntzaren Legea eguneratzeko lantaldea osatu du, eta LAB sindikatuak esan du euskarari eta Nafarroari ezarritako mugak apurtzeko garaia dela: «Nafarroa libre eta zorionekoa ez izateko ezarri ziren mugak gainditzeko abagunea izan beharko luke. Bide bat Espainiako konstituzioaren menpeko autonomia estatutu bat izatetik, etorkizuneko aukera guztiak ahalbideratuko dituen estatus politiko berrira igarotzeko».

LABek esan du horretarako «ezinbestekoa» dela prozedura demokratikoa eta eztabaida prozesua irekitzea: «Nafarroak tresna berriak behar ditu herri gisa, gure lurraldeko gehiengo sozialaren eskakizun sozial, politiko, linguistiko eta kulturalak bermatzeko eta ahalbidetzeko».

Euskararen Eguna

Eusko Legebiltzarrak jakinarazi duenez, Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea izango da Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldian, Donostian, eta Iñigo Urkullu lehendakariak ere parte hartuko du.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.