Osakidetzak haren esku dauden anbulantziak dituen arren, denak ez dira osasun zerbitzu publikoarenak. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurraldeetan lanean aritzen diren anbulantzia asko azpikontratenak dira; eta hori amaitzeko exijitu dio LABek Eusko Jaurlaritzari.
Sindikatuak salatu duenez, Jaurlaritzak «errua gainetik kentzeko» darabilen sistema da pribatizazioarena. Baina sindikatuko ordezkariek argi dute azpikontratekin jarraitzea ez dela zerbitzuaren baldintzak hobetzeko bidea: «Anbulantzietako ordezkariak nazkatuta daude ikusteaz nola agertzen diren enpresa desberdinak, bata bestearen atzetik, beren dirua eramanez eta gero desagertuz».
Hori dela eta, zerbitzua osorik publiko egiteko eskatu du LABek, ohar baten bidez. «Egungo ereduarekin amaitu beharra dago, eta gizarte osoarentzako justua eta duina izango den bat eraiki», aldarrikatu du sindikatuak. Gainera, beste zenbait lurraldetan nahi ez dituzten ibilgailuak ekarri izana leporatu die azpikontratatutako enpresei.
Gaur egun, zerbitzua azpikontratatuta, La Pau eta Bizkanb ABEE dira zerbitzu publiko hori kudeatzen duten enpresetako bi. Baina ez dira bakarrak: Larrialdiak eta Ambuiberica ere tartean egon dira. Eta haien kontratuek hautsak harrotu dituzte sindikatu zein langileen artean.
Baliabide nahikorik ez
Bizkanb ABEEren kasua azpimarratu du gaurkoan LABek, zerbitzua pribatizatu izanak eragin duen galera adierazteko. Salatu dutenez, hitzarmenean ezarri zutena baino soldata altuagoak ezarri dizkiete haien buruei, besteak beste: «Gutxi batzuen soldatetan ehunka mila euro xahutzen dituzten bitartean, jarraitzen dute zerbitzurako nahikoa baliabide jarri gabe».
Ez da lehen aldia sindikatuak anbulantzien zerbitzua guztiz publiko egiteko beharra aldarrikatzen duena. 2024an ere protestak antolatu zituen, Osakidetzak afera horri aurre egin ziezaion.