Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak zerumugan eta Espainiako Gobernuko presidentearen inbestidura ate joka. Zaila zuen Iñigo Urkullu lehendakariak hauteskunde giroari izkin egitea legealdiko azken politika orokorreko hitzaldian, eta, alde horretatik, ez du ezustekorik eman. Ordu eta laurdeneko hitzaldian, autogobernuaz, euskaraz eta Europaz hitz egin du; orain arte lortutakoaz, bidean izandako trabez eta irekitzen diren aukerez. Iragarpenak egiteko tartea ere hartu du. Honatx esanguratsuena: datozen sei hilabeteetan Osakidetzako itxaron zerrendak murrizteko konpromisoa hartu du.
Ikusi gehiago:Zerbitzu publikoek jasandako «gainbehera» gaitzetsi du oposizioak
Atzera zein aurrera begiratu du lehendakariak bere hitzaldian. Oro har, agintaldiaren balantzea egiterakoan bere buruarekin gogobeteta mintzatu da Urkullu, baina autokritikari zirrikitu bat utzita. Zehazki, «autokritikarako» hiru elementu aipatu ditu bere mintzaldian: Osakidetzako lehen arreta «indartzea» eta osasun arloko profesionalen gabeziari «alternatibak» bilatzea; jaiotze tasa eta gazteen emantzipazio adina jaistea; eta energia berriztagarrietan urrats gehiago egitea. Nolanahi ere, oposizioaren «ikuspegi katastrofista» alboratu du, eta ukatu zerbitzu publikoetan murrizketak egin direla.
Osakidetzaren kudeaketari eskaini dio tarterik handiena, eta konpromiso zehatzak hartu ditu itxaron zerrendak murrizteko. Erronka gisa jarri du urte erdiko epean Osakidetzako itxaron zerrendak pandemia aurreko egoerara bueltatzea, hala lehen arretan nola ebakuntzetan. Zehazki, erietxeetan ebakuntza bat egiteko itxaronaldia 65 egunetik behera jaisteko konpromisoa hartu du; gaixo onkologikoei dagokienez, 30 egunetik behera; eta bihotzeko ebakuntzetarako, 90 egunetik behera. Ospitaleetan ez ezik, osasun zentroetako lehen arretan ere pazientearen arta hobetzeko neurriak hartuko ditu Jaurlaritzak udaberrira bitartean: sendagilearekin ordua lortzeko epea bi egunera murriztuko du, eta %70era igoko du aurrez aurreko arta. Konpromiso horiek betetzeko, datozen zortzi urteetarako 1.200 milioi euroko inbertsioa egingo du Jaurlaritzak.
Helburua da Osakidetza «erreferentziazko, hurbileko eta kalitate goreneko osasun publikoko sistema» izatea aurrerantzean ere, lehendakariaren esanetan. Inbertsioak egingo dituzten arren, ohartarazi du baliabide publikoak «mugatuak» direla eta ez dutela «herria hipotekatuko».
Konbentzio konstituzionala
Autogobernua izan da Urkulluren hitzaldiaren beste zutoina. Balantze «gazi-gozoa» egin du, eta aitortu gozoa baino gaziagoa izan dela haren bilakaera. Hiru gogoeten inguruan ardaztu du lehendakariak autogobernuaren inguruko mintzaldia. Hiru ardatz dituen «bide orria». Bata: eskumenak Jaurlaritzaren esku uztea zalantzan jartzen dutenei esan die auziak erabateko garrantzia duela, eskumenak urratzea «joko arauak» haustea baita.
Autogobernuaren «higadura» salatu du, eta «birzentralizazioaz» eta «eskumenen inbasioaz» ohartarazi. Eskumen batzuk eskualdatzeaz harago —espetxeen kudeaketa eta bizitzeko gutxieneko diru sarrera—, salatu du azken hilabeteetan jada ez dela esperotako urratsik egin transferentzien egutegiari dagokionez. Egun, Jaurlaritzak sei proposamen jarriak ditu Madrilgo gobernuaren mahaian: itsas salbamendua, makineria egiaztatzeko zentroa, zinematografia funtsa, meteorologia, itsasertzaren kudeaketa eta migrazioa. Eta beste lau eskatuko dizkio: Pasaiako portua, Fogasa, paradoreak eta osasun eraikinen titulartasuna.
Alde horretatik, eskumenen urraketen inguruko hiru kexa plazaratu ditu: «Estatuaren araugintza hegemonia» zabaltzea, Espainiako Konstituzio Auzitegiaren joera «gero eta murriztaileagoa» izatea, eta Jaurlaritzak Europako Batasunean rol handiagoa ez izatea. Horri dagokionez, Espainiako Gobernuari galdegin dio urratsak egiteko eta Atlantikoko makroeskualdea sustatzeko, Europako Batasuneko Kontseiluko presidentetza izan bitartean.
Ikusi gehiago:Analisia. Gurutze Izagirre Intxauspe: 'Adostasun zabalaren mugak'
Beste ardatz bat ere aipatu du Urkulluk,kezka batekin lotuta: «Zergatik egon behar du nazio bakarrak estatu batean?». Planteamendu hori «baztertzailea» dela uste du, eta, Espainiako abagune politikoa aintzat hartuta, estatuaren nazio aniztasunean sakontzeko konbentzio konstituzionalaren tresna egokia dela iritzi dio. Proposamen «eraikitzailea eta irekia» dela argitu du lehendakariak, «itunaren bidetik marko instituzionalaren funtzionamendua hobetzeko eta berritzeko gonbidapen bat», eta «elkarrizketarako tresna» bat.
Konbentzio konstituzionala herri anglosaxoietan erabilitako tresna da, eta lehendakariak horixe bera azpimarratu izan du esan duenean formula horrek «egiaztatutako aurrekariak» dituela nazioartean. Ez du ulertzen zer dela-eta dioten batzuek «beldur» plurinazionaltasunaren eztabaiari, estatu ereduaren inguruan «adostasuna» lortzen saiatzeko prozeduratzat jotzen baitu.
Autogobernua garatzeko bide orriaren hirugarren ardatza estatus politiko berria dela esan du lehendakariak. Estatus berriaren eztabaida gobernu akordiotik at utzi zuten EAJk eta PSE-EEk 2020an, baina Urkulluk nahiko luke datorren legealdirako akordiorako zorua prestatu, legealdia amaitzeko hilabeteak falta baitira, eta une hauek ez baitira «egokienak» akordiorako.
Euskararen defentsa
Autogobernuarekin batera, lehentasunen artean jarri du euskararen defentsa, «justizia kontu bat» baita. Agintari moduan duen erantzukizunez, «ardura eta kezka» agertu du euskarak egun duen egoeraren inguruan, uste baitu arlo askotan «gutxietsia» dagoela, edo zuzenean «baztertuta». Izan ere, Urkulluk salatu du azken urteetan zenbait auzitegik «ekinbide tematsua» izan dutela euskarak administrazio publikoan izan beharreko lekua zalantzan jartzeko, «euskara bi hizkuntza ofizialetako bat dela ezertan kontuan hartu gabe».
Hala, «garrantzi berezia» eman dio Europako Batasunean euskarak estatus ofizial bat izateko aukerari: «Uste dut erabaki horrek bermea eta babesa emango dizkigula euskal hiztun gisa dagozkigun hizkuntza eskubideetan, eta bultzada emango diola gure hizkuntzaren estatusari Espainiako Estatuan». Datozen hamarkadak «norabidea finkatzeko» garaia izango direla esan du, eta Euskararen Sustapenerako Ekintza Planean egin du indar; adierazi du prest egongo dela legealdia amaitu aurretik.