Osakidetzan dirua gutxiagotu izanak zerbitzua kaskartu duela salatu dute

Hiru eguneko protesta hasi dute Osakidetzako langileek; murrizketak salatu dituzte, eta dei egin dute negoziatzera

Murrizketen aurkako eta negoziazioaren aldeko elkarretaratzea, atzo, Txagorritxu Ospitalean. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Garikoitz Goikoetxea.
Barakaldo
2011ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Murrizketek etenik ez dutela eta Osakidetzak gero eta kaskarrago ematen duela zerbitzu. Langileek protesta egin zuten atzo Jaurlaritza osasun zerbitzuetan egiten ari den murrizteen aurka. «Neurriak ez ditu negoziatzen. Soilik erabakiak jakinarazten ditu», salatu zuten zabaldu zuten agirian. Haien arabera, osasun alorrera gero eta diru gutxiago bideratzeak okertu egin ditu zerbitzua eta beharginen egoera. Lan itunean jarri dute begia, ezkor: «Ez dago, eta epe motzean ez da egongo negoziaziorik Osakidetzan, lan baldintzak hobetzeaz hitz egiteko». Mahaian eseri eta langileak aintzat hartzeko eskatu diote Jaurlaritzari.

Osakidetzako gehiengo sindikalak —ELA, LAB eta ESK— deituta hasi zuten atzo protestaldia. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hiru herrialdeetan salatuko dituzte Jaurlaritzaren neurri murriztaileak. Egunean hiru ospitaletan batuko dira. Gurutzetako (Barakaldo, Bizkaia), Txagorritxuko (Gasteiz) eta Donostia ospitaleetan bildu ziren atzo beharginak; gaur eta bihar ere elkarretaratuko dira, erietxeen atarietan.

Irudia ez da berria, azken hilabeteetan behin baino gehiagotan egin baitute protesta ospitaleetako langileek. Gurutzetako Ospitalean, esate baterako, astero hasi ziren protesta egiten, egoera «jasanezina» dutela salatzeko. «Guztiok ari gara pairatzen egin dituzten murrizketen ondorioak, zuzenean eragiten baitiote zerbitzuari. Kaskartzen ari da osasun arretaren kalitatea». Bizkaiko erietxe nagusian, iragan astean bertan izan zuten horren irudi gordina: oherik ez libre, eta korridoreetan aritu behar izan zuten gaixoak artatzen, larrialdi zerbitzuetan.

Guztia katean lotu dute sindikatuek, murrizteek eragindako egoeraren erakusle. Larunbatetan osasun etxe gehienak ixtea erabaki zuen iazko ekainean Osasun Sailak —etengabeko arretako zentroetako langileekin gatazka du horren harira—. «Ospitaleetako larrialdietara jo beste aukerarik ez dute izaten askok. Maiz, gainezka egiten dute larrialdiek». Horri batu diote langileak gutxitzea —ordezkapenak ez dituzte egiten, dirua aurrezteko; sindikatuek diote lankideek hartu behar dutela falta denaren zama—.

Murrizketa horiek eragindako bi ondorio azaleratu dituzte: itxarote zerrendak gehiago luzatzea —«beranduko diagnostikoak, gaixoen egoera okertzea eta larritasuna sortu dituzte»— eta beharginen lan karga areagotzea—«gaixoei soilik ezinbesteko denbora eskaini ahal izaten diete»—.

Rafael Bengoak, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak, onartu berri du itxarote zerrendak ezin murrizturik ari direla. Lan zamari dagokionez, pediatrekin ari zaio ika-mika handia sortzen; mediku bakoitzari 1.000 haur jarri nahi dizkiote ardurapean, gaur egun baino ehun gehiago —haien esanetan, dagozkienak baino gehiago artatzen ari dira gaur egun ere, kopurua igo aurretik—.

Lan hitzarmenaren eske

Eta egoera horri konponbide okerra eman nahi izatea egotzi diote langileek Osakidetzari: «Profesionalen arreta pertsonalizatua ordenagailuekin ordezkatu nahi dute». O-sarean proiektuan jarria du itxaropena Jaurlaritzak, horren bidez ospitaleetako jendetza gutxituko duelakoan, etxean bertan artatzeko modua jarrita. Langileek ez dute uste egoki denik hori: «Zerbitzu telematikoak osagarri izan behar du, ez ondo funtzionatzen duenaren ordezko».

Erroko arazoa ikusten dute Osakidetzaren egoera makurraren jatorrian ELAk, LABek eta ESK-k: diru gutxiegi bideratzen dutela osasun alorrera, Europako Batasuneko batez bestekotik urruti —BPGaren %8 inguru bideratzen dute batez beste osasun alorrera Europan; %4,4, Hego Euskal Herrian—. Egoera horretan etorri da krisi ekonomikoa, etagehiago murriztu dute osasun alorrera bideratutako dirua: Eusko Jaurlaritzak %3,2 gutxitu du Osasun Sailaren aurrekontua.

Osasun zerbitzuetan ez ezik, eragin berehalakoa izan du horrek Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sistema publikoan ari diren langileengan, soldatetan: %1 eta %5 artean jaitsi dizkiete. «Eta hori, 2009an konpromisoa hartu zutenik KPIaren igoerara egokitzeko. Langile bakoitzari 700 eta 3.500 euro bitarteko lapurreta egiten ari dira».

2009ko abenduan amaitu zuen indarraldia Osakidetzako lan hitzarmenak. Langileek salatu dute Osakidetzak ez duela aurkeztu beste bat sinatzeko eskaintzarik. «Alderantziz: aurrekontu urriagoa dauka, soldatak gutxitu ditu eta lan taldea murrizten ari da». Hala, sindikatuen arabera, gutxitze horiek «baldintzatu» egiten dute lan hitzarmenaren negoziazioa. Atzera egiteko eskatu asmo diote hiru eguneko protestaren bidez, eta hasteko negoziatzen lan ituna. Hala ez egitekotan ez dute baztertu mobilizazio gehiagotara dei egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.