Osakidetzan egindako murrizketak salatu ditu EH Bilduk

Rebeka Uberak esan du «osasun publikoan inbertitzeko» garaia dela

gotzon hermosilla
2020ko uztailaren 7a
13:07
Entzun

Gasteizko Txagorritxu ospitalearen aurrera eraman du EH Bilduk hauteskunde kanpainako ekitaldia, osasungintzaz eta COVID-19aren pandemiak azaleratutako arazoez berba egiteko. Bizkaiko zerrendaburu Jasone Agirrek gogora ekarri ditu osasungintzako langileek egindako lana, bai eta alarma egoeraren garaian pairatu behar izan zituzten baldintza eskasak ere: «Euren buruak babesteko zabor poltsak erabili behar izan zituzten, eta mediku eta erizainak nekaturik eta estresaturik ibili ziren, onena ematen gu salbatzeko». Hori dela eta, berriro ere «autokritika» eskatu dio Iñigo Urkullu lehendakariari.

Gipuzkoako hautagai Rebeka Uberak «osasun sistema publikoan egindako murrizketak» salatu ditu: esan duenez, Urkullu lehendakari denetik, osasun arloko inbertsio publikoa BPGaren %5,12tik %4,78ra jaitsi da. Uberaren iritziz, horrek «begien bistako ondorioak» izan ditu, eta zaildu egin du pandemiari eman beharreko erantzuna.

«Urkullu-Mendia koalizioa murrizketa gehiagoren bermea da», esan du Uberak; eta erantsi du EH Bilduk baino ez duela bermatzen osasun arloan ez dela murrizketarik egongo eta Osakidetzan ez dutela «guraizea» sartuko.

EH Bilduko hautagaien iritziz, osasun publikoan inbertitzeko garaia da, «giza baliabidez eta baliabidez hornitzeko garaia, bertako langileak eskatzen ari diren moduan». Zenbait neurri aginduko dituzte datorren legegintzaldirako: 7.000 lanpostu egonkortzea ˝prekaritatea amaitzeko», eta 300 profesional gehiago kontratatzea lehen arretako zerbitzua indartzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.