Osakidetzaren kudeaketa eredua auzitan jarri du oposizioak legebiltzarrean

Oposizioko talde guztiek kritikatu dute Jaurlaritzaren Osasun Sailaren jarduteko era «bertikala». EAJk eta PSEk elkarrizketa defendatu dute

Osasun Bidasoa plataformako ordezkariak, atzo, Eusko Legebiltzarrean. BERRIA.
Edurne Begiristain.
Gasteiz
2023ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Osakidetzaren kudeaketak ardaztu du urteko lehen osoko bilkura, Eusko Legebiltzarrean. Donostialdeko ESI erakunde sanitario integratuan abendu hasieran piztutako krisiari buruzko azalpenak eskatu dizkiote Jaurlaritzari. PP+C's eta EH Bildu taldeek eraman dute gaia bilkurara, eta oposizioko talde guztiak bat etorri dira Jaurlaritzaren Osasun Sailaren aurka egindako kritiketan.

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemos-IUk erdibideko zuzenketa bat hitzartu dute, non Osakidetzaren gobernantza ereduari kritika zorrotzak egin dizkioten. Era berean, galdegin dute neurri oro partekatu dadila Donostialdeko ESIko zuzendaritza eta ordezkaritza organoekin. Horren ordez, jeltzaleen eta sozialisten testu bat onetsi dute: Osakidetzako profesionalekin partaidetza metodologia bat garatzeko eskatu dute, eta berretsi «elkarrizketa» eta «gardentasuna» direla Donostialdeko ESIan sortutako gatazka konpontzeko tresnarik onenak.

Donostia ospitaleko langileen eta Osakidetzaren arteko gatazka konpondu gabe dagoela ohartarazi du Laura Garrido PP+C's-ko bozeramaileak, eta erroan dauden arazoei konponbidea eman gabe auzia itxi nahi izateko «arriskua» dagoela uste du.«Osakidetza inoiz ez bezalako krisi batean murgilduta dago, autoritarismoz eta sektarismoz kudeatzen ari direlako», salatu duenez.

Egiturazkoa

«Donostiako ESIaren egoera Osakidetzako egoeraren sintoma bat da», Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidearen iritziz. Esan du auziko alde guztiei entzunda lortuko dela konponbidea, eta hor kokatu du EAJk eta PSE-EEk ateak itxi izana zuzendaritzako kide kargugabetuek legebiltzarrean agerraldia egiteari; «zentsura» zantzuak atzeman dizkio Uberak bi taldeen erabakiari. Donostiako krisiari dagokionez, honako hau gehitu zuen: «Guretzat ez da nahikoa izango negoziazioan zerbitzuburu bakoitzak nahi duen zerbait ematea; unea da mahai gainean dauden egiturazko arazoei konponbidea emateko. Ez dugu onartuko auzia ustel gainean ixtea».

Elkarrekin Podemos-IUko Jon Hernandezen iritziz, krisiak azaleratu egin ditu Jaurlaritzaren osasun politiken gabeziak. «Zerbitzuburuek Osakidetzako kudeaketa txarrarekin duten ezinegona». Jaurlaritzak berandu baino lehen elkarrizketa abiatu behar duela gehitu zuen.

Donostialdeko ESIan egindako aldaketak «zilegiak» izan badira ere, «ezinegona» sortu dutela onartu du PSE-EEko Ekain Ricok, eta akordioaren bidea jorratzeko eskatu du. Elkarrizketa hasi izana txalotu du, eta profesionalen parte hartzea bermatzeko bideak indartzearen alde egin.

Luis Javier Telleriak (EAJ) pandemiaren ajeei egotzi die osasun sistemak gaur egun duen egoera. Donostialdeko ESIko zerbitzuburuen kargugabetzeak «normaltasunaren» barruan kokatu ditu jeltzaleak, erakunde guztietan ohikoak izaten direlako, baina uste du zerbitzuburu batzuengan konfiantza galtzen denean «logikoa» dela kargutik kentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.